Etxean bezala egoteko bisita

Etxean bezala egoteko bisita

Erik Gartzia Egaña

Oiartzungo plazatik behera doan kalea da Aialde. Eraikin berriak eta eraberrituak ikus daitezke garai batean Kale Nagusia izena zuen aldapa pikoan. Udaletxetik behera, eskuinaldean, Oiartzualdeko alde zaharretan ohikoa den kolore argiko harriz egindako eraikin bat ikus daiteke. XVIII. mendekoa da. Kanpotik ez du arreta berezirik sortzen, ez balitz fatxadan, bi laubururen artean, ezker-eskuin, zizelkatua duen leloagatik: “Emen sartzen dana bere etxean dago”.

Urdinola-Arizmendienea etxea da, bertan bizi izandako bi familiaren izena hartuta. Beste izen bat ere erantsi dakioke, etxearen jabe izan den beste familia bat kontuan hartzen bada: Arbide. Orain, berriz, Oiartzunena da eraikina, 2012an udalaren esku geratu baitzen. Hiru urtez geldirik egon ziren eraberritze lanak, proiektu argirik gabe, eta 2015ean hausnarketa prozesu bat hasi zuten herritarrekin. Egitasmoa finkatu eta ondorengo lanak bukatuta, iazko uztailean ireki zituzten etxea eta hainbat kultur ekitalditarako erabili duten lorategia.

Bisitaren hasiera, atarian

Urtarrilean, ostiralero, bisita gidatuak antolatzen ari dira, iazko udan eta ondorengo hilabeteetan egin bezala. Elena Zalakainek eta Joxe Mari Mitxelenak dute etxe horrekiko jakin-mina asebetetzeko ardura, nahiz eta oraindik gela batzuk “guztiz atondu gabe” daudela onartu duten. Bisitan, Mitxelenak hartu du hitza lehenengo, kalean. Bisitariei gora begiratzeko eskatu die, teilatuari eusten dion habeetako bat seinalatuz; “1759” jartzen du. “XVIII. mendekoak dira egungo fatxada eta egitura. 1499koa da hemen eraikin bat zegoela dioen lehen datua, Oiartzun Errenteriatik banandu eta 28 urtera”, azaldu du Mitxelenak. Zalakainek zehaztu duenez, etxea “jauregi txiki bat” da, eta jabeak, nobleak izan ez arren, “oparoak” ziren: “Burdinolak zituzten, errotak…”.

Etxearen jatorria eta jabeen genealogia kontuak arakatuta, barrura sartu da taldea. Sarreratxo horretan hainbat koadro ikus daitezke, “XVIII. mendekoak izan daitezkeenak”. Dolare baten ardatzaren zatiak apaintzen du beheko solairu freskoa. Altzariak, berriz, berriagoak dira, arizmenditarrenak. 1920an erosi zuten etxea: Angel Arizmendi Donostiako epaitegiko prokuradoreak erosi zuen, eta armairu horietan eta etxeko beste hainbat elementutan islatuta dago bere pentsaera. “EAJko kide nabarmena zen Arizmendi, eta Juanita Aiestaran emaztea Emakume Abertzaleen Batzako presidente izandakoa zen. Euren ideologia islatzen zuten altzarietan: goi mailako klasekoak ziren, abertzaleak eta fededunak”, esan du Zalakainek.

Beheko solairuaz gain, beste bi ere baditu, baita ganbara bat ere. Eskaileratan gora igo dira bisitariak. “Gela urdina” da lehenengo geltokia. Ordura arte ikusitakoarekin alderatuta, erabatekoa da kontrastea: Luis XVI.aren garaiko altzariak ikus daitezke hor, zetaren antza duen paper horma bat, balio handiko lanparak… Etxe-museoak aro batetik bestera bidaiatzeko aukera ematen du, gela bakarra aldatuta. “Rokoko estiloko gela” batetik, “XX. mendeko elementuz osatutako jangela batera” bidaiatu daiteke Zalakain eta Mitxelenarekin. Apaingarri guztiak, baina, ez dira etxe horretako originalak; Gordailuak, aldundiaren Ondare Bildumen Zentroak, eman dizkie batzuk, eta norbanakoek beste batzuk, Oiartzungo Tres Coronas sagardo apardunaren botila, esaterako.

Egongelak eta sukaldeak osatzen dute lehen solairua. Janaria prestatzeko aretoa bere horretan gordeta dago, “azken erabiltzaileek utzi zuten moduan”. Pieza bakarrekoa da harraska, eta garai bateko “atezain automatikoak” ere sortzen du jakin-mina.

Bigarren pisuan, nabarmentzekoak dira logela baten XX. mendeko art-déco dekorazioa, eta beste logelaren “arkitektura erregionalista/nazionalista”. Bainugela ere solairu horretan dago. Oiartzungo etxeetara ura iritsi baino lehenagokoa da Urdinola-Arizmendienea. Aurrera eginda, “gela misteriotsura” iritsi dira bisitariak; tximinia dago bertan, baita erreketeek zoruan utzi zituzten arrastoak ere.

36ko gerrako obus bat

Goiko pisuan, neskame eta inudeentzako gelak zeuden, nahiz eta itxuraldatuta dagoen orain, teilatu osasuntsua erakusteko, eta 36ko gerrako obus bat ere ikus daiteke bertan. Azkenik, ate estu bat gurutzatuta, Juan Jose Olazabal “arkitekto aurrerakoi irundarrak” diseinatutako kapera ikus daiteke, euskal grafiako hainbat esaldirekin. Hamabi lagunentzako tokia dago; Manuel Lekuona izan zen meza ematen lehena. Arizmenditarrak bete-betean harrapatu zituen gerrak, eta aita fusilatu egin zuten. Etxea berreskuratu egin zuten gero. Orain, bere etxean dago bertan sartzen den oro, baita bisitariak izanda ere.

URDINOLA-ARIZMENDIENEA

Non. Urdinola-Arizmendienea etxean, Oiartzungo Aialde kaleko 4. zenbakian.

Noiz. Urtarrilean, ostiraletan, 12:00etan.

Sarrera. Doan.

Izena ematea. Oarsoaldeko Turismo Bulegoan: 943-49 45 21 edo turismoa@oarsoaldea.eus.

Leave a Reply

Your email address will not be published.