Maria Ortega Zubiate
Oñatin etxebizitza bat lortzea “arazo” bihurtu dela dio Ander Zarketak (Oñati, 1991), Oñatin bizi nahi dut. Etxerik gabe nolako bizitza? dokumentala egin duten eragileen mahaiko kideak. Sentsibilizazio kanpainaren lehen pausoa emanda, horixe salatu dute dokumentalean: Oñatin etxebizitza bat lortzeko zailtasuna. Zarketak esan du helburua dela “arazoa hizpidera ekartzea”, “gerora bestelako lanketak egin ahal izateko”. “Pozik” dago lehen pausoarekin, “nahiko jende” izan baita herriko lehen bi emanaldietan. “Kezka badagoela erakusten du horrek”.
Dokumental bat sortu duzue. Gaur egun Oñatin zaila al da emantzipatzea?
Bai, hori argi dago. Hala ere, proiektu hau ez dago emantzipazioari bakarrik lotua, ez da bereziki gazteei zuzendutako dokumental bat: etxebizitzari lotutako kezka batetik sortu zen hau guztia. EH Bilduk erronda bat egin zuen eragileen artean [hamar hautetsi dauzka EH Bilduk eta zazpi EAJk], herriko arazo nagusiak zeintzuk diren ikusteko, eta etxebizitzarena izan zen guztien artean nabarmenena. Mahai bat sortzeko aukera zegoela ikusi genuen jarraian. Inolako eragiletan ez dabiltzan gazteak daude mahai horretan, Caritas ere bai, etorkinen eragile batzuk ere badaude tartean… Gerora, eragile horietako bakoitza bere kasa aritu da lanean. Bi bide zeudela erabaki genuen geure artean: bide instituzionala eta soziala. Baina konturatu ginen ez genuela botererik instituzioetan, eta gizartean eragitea erabaki genuen. Betiko sentsibilizazio kanpainetatik irteteko erabaki genuen dokumental bat egitea.
Alokairuaren arazoa lantzen du, beraz, dokumentalak.
Alokairua da, batez ere, gaur egungo salerosketa ereduaren kontra jartzen den eredu nagusia. Baina beste eredu batzuk ere ageri dira dokumentalean: bizitza komunitarioa edo erabileragatik bakarrik ordaindu beharreko etxebizitza sozialak, esaterako.
Herri askotako arazoa izaten da etxe hutsena. Antzeko zerbait gertatzen al da Oñatin ere?
Bai. Zazpiehun etxebizitza huts baino gehiago daude herrian, eta Eusko Jaurlaritzak publiko egin dituen Etxebideko zerrendetan berrehun oñatiar daude izena emanda, gutxi gorabehera. Hori parekatzea nahiko zaila dela uste dugu, eta hor jarri nahi genuen indarra. Oñatin ahoz ahoko kontua izaten da alokairua; etxe bat alokatzen duen inor ezagutzen baduzu, errazagoa da etxe bat aurkitzea. Ondorioz, kanpotik etorrita, askoz zailagoa da etxe bat aurkitzea. Arazo hori ere lantzen dugu dokumentalean: oso herrikoiak garela, baina itxitasun horrek kalte egiten duela askotan. Jendeari ikusarazi nahi diogu etxe hutsak alokairuan jartzea konponbide bat izan daitekeela, eta, are gehiago, beharrezkoa dela garai honetan.
Etxebizitza bat izateko hainbat zailtasun aipatzen dituzue dokumentalean, eta atzerritarra izatea da horietako bat. Baina badaude gehiago ere, ezta?
Alde batetik, atzerritarrek dituzten zailtasunek kezkatzen gaituzte, baina, beste alde batetik, hain itxia izatea ere bada arazo bat, nire ustez. Azkenik, etxeen jabeekin beste arazo handi bat dagoela esango nuke; ez dut esan nahi haien errua denik edo etxe bat baino gehiago izateko eskubiderik ez dutenik, guk inoiz ez dugu esan izan halakorik. Baina egia da etxe zahar asko daudela hutsik Oñatin, askotan etxejabeen ezjakintasunagatik, alokairuaren prozesuan sartzeak sortzen dien nagiagatik, edo eraberritze prozesu oso garestiak egin beharko dituztelako alokairuan jarri aurretik.
Zeinen ahotsak batu dituzue dokumentalean?
Emantzipatzeko arazoak dituzten gazteenak, etorkinenak —ikusi baikenuen oso kolektibo zaurgarria zela ildo horretan—, eta baita ahalmen ekonomiko urria duten familienak ere. Egia da azken horiek aurreko biek baino erraztasun ekonomiko handiagoak izaten dituztela alokairuak aurkitzeko, baina familia gaztea bada eta ez badu diru iturri nahikorik, horrek zaildu egiten du sarbidea. Azkenik, prest agertu zaizkigun etxejabeak ere badaude dokumentalean. Bi etxejabe soslai daude, eta justu biek dituzte beren etxeak alokatuta. Lortu ez duguna izan da alokatu gabeko etxe hutsak dituztenak sartzea dokumentalean, eta normala da, beharbada ez dutelako denen aurrean hitz egin nahi edo deseroso sentitzen direlako.
Sentsibilizazio kanpaina baten lehen pausoa da dokumentala. Gerora beste modu batzuetan landu nahi duzue gaia?
Hala da, bai. Nire ustez, dokumentala egitea da pausorik errazena; badakigu zein den arazoa, eta hori ikusarazi dugu guk. Baina arazo horren lanketa dator hemendik aurrera, eta zailagoa da hori; ikastaro formatuko foro batzuk dauzkagu aurreikusita, etxe bila dabiltzanentzako eta etxejabeentzako. Ikusi nahi dugu guztion artean inora heltzeko gai izango ote garen; hori da gure kezka, sentsibilizazioaren ostean aurrerapausoak egongo ote diren.
Alokairuan jarri gabe dauzkaten etxe hutsen jabeekin ere landu nahi duzue gaia?
Bai, noski. Hori litzateke lanketaren zatietako bat, baina guk ez dugu esaten etxeak alokairuan jartzea denik konponbide bakarra; aukera asko daude, nahiz eta berehalako konponbidea litzatekeen alokairuarena. Hori bai, aukera ezberdinak kontuan hartuta, ez genuen hartu nahi bide bakarra, aterik ez ixteko. Dinamikak ikuspuntu batetik bideratuz gero, jendeak ez du ikusten hortik kanpoko biderik, eta ezarritako horretara mugatzen da; guk ez dugu nahi halakorik.
Leave a Reply