Kontakizuna eguneratu nahian

Kontakizuna eguneratu nahian

Unai Zubeldia

Humero bat, besahezur bat, duela 164.000 urtekoa. Hori izan da Arrasateko Lezetxiki kobazuloko azken urteotako aurkikuntza handietako bat. “Baina ez bakarra”, zehaztu du Alvaro Arrizabalagak, Aranzadi zientzia elkarteko ikerlari eta arkeologoak, eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Historiaurreko irakasleak. 1996tik 2018ra hura izan zuen buru Lezetxikin 21 urtez egin zuten ikerketa lanak, eta, “lagin gisa”, apirilaren 9ra arte hirurogei pieza ikusgai izango dira Arrasateko Kulturate zentroan, “Lezetxikikoak eta Debagoieneko neandertalen garaiko beste aztarnategi batzuetakoak”. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gordailutik, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentrotik, hartu dituzte piezak. Astelehenetik larunbatera egongo da zabalik erakusketa, 17:30etik 20:30era. Ikasleentzat eta taldeentzat bisita gidatuak eskaintzeko lanean ari dira asteotan, eta “berandu baino lehen” izango dira prest bisita horiek. Hitzaldi ziklo bat antolatzeko asmoa ere badaukate antolatzaileek.

LEZETXIKIRI BURUZKO ERAKUSKETA

Jose Migel Barandiaran arkeologoa izan zuen buru Lezetxikiko lehen ikerketa lanak, 1956tik 1968ra —”Jesus Altuna aritu zen zuzendari laguntzaile gisa”—, eta Arrizabalagaren taldeak hartu zuen lekukoa ia 30 urte geroago. “Inozo samarrak izan ginen gu”, aitortu du Arrizabalagak berak. “Indusketa lanen esparrua murriztuta, hiruzpalau urtetan lanak amaitzeko gai izango ginela uste genuen, baina 21 urte izan ziren azkenean”. Gipuzkoan leize batean bizi izandako gizakien aztarnarik zaharrenak topatu dituzte Lezetxikin, duela 200.000 urtekoak, eta mota askotako 55.000 objektu inguru ere aurkitu dituzte, lehenengo neandertal haien maskorrak eta giza nahiz animalia hezurrak tartean. “Orain arte ezagutzen ez genuen azken 160.000 urteotako kronologia batzuk agerian daude Lezetxikin, nahiko era argian, gainera”.

Hasiera-hasieratik helburu argi bat izan zuen Arrizabalaga buru zuen taldeak: “Indusketa lanetan haitza jotzea, ama harrira iristea, eta esparru txiki batean sekuentzia guztia osatzea, Barandiaranek bere garaian egindako lana nolabait osatzeko”. Izan ere, teknologiak “garrantzi handia” dauka arkeologian. “Eta egindako analisiak oso azkar gelditzen dira nahikoa zaharkituta”. Adibide bat jarri du Aranzadi zientzia elkarteko kideak: “1968an teknika bakarra zegoen datazioak egiteko, karbono hamalaua, eta gaur egun datazioak lortzeko hamabi protokolo erabiltzen ari gara Lezetxikin. Esparru txikiago batean informazio gehiago eta garrantzitsuagoa lortzeko aukera ematen digu horrek”.

LEZETXIKIRI BURUZKO ERAKUSKETA

Gizarteratzearen garrantzia

Lezetxikiko indusketa lanak amaituta, ziklo bat itxi zuten 2018an —gune berean, Lezetxiki II izeneko kobazulo txiki batean ere aritu dira hamar urtez, eta “estratigrafia guztia argitzen” lagundu die horrek—. “Baina arkeologiaren zirkulua ixteko, osatzeko, laborategiko lanean jarraitzen dugu buru-belarri; laborategiko lanean eta gizarteratze lanean, arkeologoen lanak ez daukalako zentzurik hedapenik gabe”. Zientzia arloko Nature aldizkarian artikuluak publikatzea da hedapen lanaren zati bat, Arrizabalagaren hitzetan. “Baina baita tokian-tokian erakusketak antolatzea ere”. Apirilaren 9ra arte Arrasaten egongo da ikusgai Lezetxiki, Neandertalen lurraldea erakusketa. “Baina egin duten ahalegin ekonomikoa eta lan guztia kontuan hartuta, erakusketa ibiltaria izan dadin nahiko genuke. Ea posible den”, zehaztu du Aranzadi zientzia elkarteko ikerlariak.

Jakinarazi du “neandertalei buruzko ikusmoldea eta kontakizuna eguneratzeko aukera” eskaini diela azken urteotako ikerketa lanak. “Eta horixe da gure taldearen helburu garrantzitsuenetako bat: neandertalen eta gure aurretik egon diren giza espezie batzuen portaerak eta pentsamoldeak eguneratzea”. Alde horretatik, Aranzadi elkarteko ikerlariak garrantzi handia eman die dibulgatzaileen lanari. “Atapuercako [Espainia] aztarnategiko taldekideei batez ere: Maria Martinoni, [Juan Luis] Arsuagari, [Eudald] Carbonelli, [Jose Maria] Bermudezi… Horiek asko lagundu digute neandertalak ulertzen eta ordutik gure espeziearenganaino gerturatzen, diskurtso hori eraikitzen”.

LEZETXIKIRI BURUZKO ERAKUSKETA

Lezetxiki aipatuta, Arrizabalagak dibulgazio lanaren parean jarri du ondare arkeologikoa babesteko zeregina ere. “Eta helburu hori ere lortu dugu Arrasaten, duela oso gutxira arte arrisku handian egon delako Lezetxiki, AHTa eraikitzeko lanen eraginez. Jarri genituen helegiteei esker, azkenean lortu genuen saihesbide bat egitea”.

Lezetxikiren gisako aztarnategiak “ikuspegi poliedriko batekin” aztertu behar direla uste du Aranzadiko ikerlariak. “Ezaugarri jakin batengatik dira ezagunak Gipuzkoako beste aztarnategi batzuk, baina oso aztarnategi konplexua da Lezetxiki; gune garrantzitsua da egun oraindik ere eztabaidagarriak diren gai askotarako”.

Arrasateko erakusketa arkeologia zaleentzat “aukera bikaina” dela azpimarratu du. “Ni oso konforme gelditu naiz prestatutakoarekin”. Funtsean, Lezetxiki ezagutzeko aukera izango dute bertara joaten direnek. “Baina ez Lezetxiki ezagutzekoa bakarrik; oro har, arkeologiari, neandertalei edo Paleolitoari buruzko jakin-mina daukatenentzat oso egokia da eraiki dugun diskurtso berria”.

FITXA

Izena. Lezetxiki, Neandertalen lurraldea.

Tokia. Arrasateko Kulturate zentroa.

Epea. Apirilaren 9ra arte.

Ordutegia. Astelehenetik larunbatera, 17:30etik 20:30era.

Sarrera. Doan (ez da beharrezkoa aurretik hitzordua hartzea).

Leave a Reply

Your email address will not be published.