Olaia Gerendiain
Hala zioen 2020ko azaroko albiste batek: “Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburu Iñaki Arriolak iragarri du agintaldi honetan Altza-Galtzaraborda topo pasabidea eraikitzeko lanei ekingo zaiela”. Bost hilabete geroago, 2021eko apirilean, berritasun gehiago iritsi ziren: “Euskal Trenbide Sareak (ETS) lizitaziora atera ditu topoko saihesbidearen lanak”. Urte bereko uztailean esleitu zituzten Pasai Antxon topoa lurperatuko zituzten obrak, 64 milioi euroko aurrekontuarekin.
Informazio horiek guztiak komunikabideen bitartez jaso zituzten Pasaiako barrutiko herritarrek. Barrutia parez pare zulatuko zuten lanek gutxienez bost urte iraungo zutela jakin zuten orduan, eta zenbait azpiegitura eraitsi beharko dituztela bidean. Inor ez zen agertu, ordea, Pasai Antxora argibideak ematera. Informaziorik ezak ezinegona sortu zuen barrutian, eta hala sortu zen, 2021eko azaroaren bukaeran, SOS Antxo koordinakundea, “kezka eta erantzunik gabeko galderez osaturiko taldea”, koordinakundeko kide Iraitz Oiartzabal Lakarrak jakinarazi duenez.
Indibidualetik kolektibora
“Sorrera pixka bat inkontrolatua izan zen”, aitortu du Oiartzabalek. Barrutiko hainbat eragilek, merkatariek, Luzuriaga Martxan herri mugimenduko kideek, kezkaturiko norbanakoek, eta, bereziki, Azoka eraikineko bizilagunek —eraitsi egingo dute lanengatik—, bat egin zuten orduan. “Kolore pluraleko jendea biltzen duen taldea osatu genuen”.
Oiartzabalen hitzetan, hasiera hartan nork bere kezkak eraman zituen bileretara, eta horiek kolektibo formara aldatuz joan ziren pixkanaka, “bizilagunen beharrak, orobat, identifikatze aldera”. Bost eskaera nagusi zehaztu zituzten: antxotarren ahotsa kontuan hartuko zuen prozesu parte hartzaile lotesle bat egitea; lanak amaituta, egungo topoaren zubibidea eraistea; Azoka ordezteko azpiegitura berririk eraiki ez, eta abandonatutako Luzuriaga fabrika zaharberritzea; merkatariei eta ostalariei sortuko dizkieten kalteei erantzutea; eta lanekin ezabatuko dituzten aisia guneen ordez hautabide duinak eskaintzea.
Gaurdaino ez dira gutxi izan erregu horiek euren egin dituzten herritarrak; abendutik, 1.400 sinadura baino gehiago bildu dituzte, eta, nahiz eta munta txikiko zifra ez den, ziur daude “jende asko” falta dela; 5.200 biztanle inguru ditu Pasai Antxok. Uste horretakoa da Juan Olalde Agirre: “Masa kritiko zorrotz bat badago, baina hemen bizi diren beste askori ez zaie axola gaia. Erantzukizun pixka bat falta da”.
Lehen bilkuretatik gaur arte aski aldatu da egoera. “Hasieran ez genekien ezer, galderak besterik ez geneuzkan”, ekarri du gogora Olaldek; herritarren mobilizazioak ikusita, ordea, udala argibideak ematen hasi zela esan du Oiartzabalek. Zubia eraistea berriki obren onura nagusitzat jo du Izaskun Gomez Pasaiako alkateak, nahiz eta hasieran zalantzak izan.
Borrokarako beste gaia Luzuriaga fabrika da bizilagunentzat. Udalak hasieratik argi utzi zuen topoa lurperatzeko obrekin fabrika ezingo dutela eskuratu, Donostiako lurretan baitago eta hainbat erakunderen jabetzakoa baita. Halarik ere, auzotarrek noranzko horretan jarraitu zuten lanean.
2021eko urrian argi izpi batek argiztatu zien bidea: Donostiako Ogasun zinegotzi Jaime Dominguez-Macayak jendaurrean baietsi zuen Donostia ez zela oztopo izango Pasaiak eraikina eskuratzeko. Bi hilabete geroago, sei milioi euroko funtsa adostu zuen EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin, estatuko 2022rako aurrekontuetan Luzuriagan kultur proiektu bat abiarazteko.
Biek ala biek funtsezkotzat jo dute Pasaiako Udalak “herriaren alde” egitea. “Udala da gure bitartekaria; ETSk zer egingo duen ezin dugu erabaki. Udala da gure babes bakarra”, dio Oiartzabalek. Kaltetuen kezkak entzun eta horiek babesteko elkarlanean aritu nahi dute.
Alternatiba eskean
Olaldek argi utzi du “guztiak” lurperatzearen alde daudela, “baina oinarrizko berme batzuekin”: zubibide zaharra trazadura berria martxan jarri eta “berehala” desegin dadin nahi dute. Eta hori “segituan” egin ezin bada, lan horiek beste proiektu batzuei lotuta daudelako —egun bide horren gainetik doazen merkantzia trenei ordezko trazadura bat bilatu behar zaie—, ETSk “itxaron dezan” exijitu du Oiartzabalek. “Etxea ezin da teilatutik eraiki”.
Metafora berari eutsi dio Olaldek ere: “Norberak alternatiba bat bilatzen du bere etxea hankaz gora jarri baino lehen, beste bizitokiren bat; bada, hemen ez dago ezer”. Birritan errepikatu dute pasai antxotarren bizitza “duin eta kalitatezkoa” bermatu arte presarik ez daukatela, baina “alternatibak” nahi dituzte euren egunerokoa hankaz gora jarri aurretik. “Eta, horretarako, udal gobernuak antxotarrak defendatu behar ditu, eta ez ETS”, iritzi dio Oiartzabalek.
Leave a Reply