Aukera eta arriskua, desafioan

Aukera eta arriskua, desafioan

Unai Zubeldia

“Ia-ia ez dago aldaketarik”, adierazi du Marisol Garmendia Donostiako Udaleko Gune Publikoetako eta Hiri Proiektuetako zinegotziak. “Merkatarien euren eskaera bideratu dugu guk”, zehaztu du Iñigo Garcia Donostia Shops elkarteko gerenteak. “Aldaketa ez da onargarria”, salatu du Haizea Solagurenbeaskoa LAB sindikatuko ordezkariak. “Egun batetik bestera, partekatu gabe eta ezkutuan egin dute aldaketa”, gaineratu du Amaia Pintado ELA sindikatuko ordezkariak. Turismo Olde Handiko Eremu bat zehaztera behartuta daude 100.000 biztanletik gorako hiri guztiak, baldin eta turistek bertan urtean 600.000 gau baino gehiago igarotzen badituzte. Eta hori da Donostiaren kasua. “Gune bat zehaztu ezean, hiri guztia litzateke Turismo Olde Handiko Eremua, eta hiriko merkataritza gune guztiek ireki ahal izango lituzkete ateak igandeetan eta jaiegunetan”, azaldu du Garmendiak. Donostiako Parte Zaharrean gaur egun, jada, urtean nahi duten egun guztietan ireki ditzakete ateak 150 metro koadrotik beherako denda guztiek, baina, Eusko Jaurlaritzak atzera egin ezean, aldaketa bat iristear da Donostiara: Shops Donostia elkartearen, Zaharrean Donostiako Parte Zaharreko merkatarien elkartearen eta Gipuzkoako Merkatarien Elkartearen babesarekin, Turismo Olde Handiko Eremua Bretxako merkataritza gunera zabaltzeko eskatu zuen iaz Bretxako Erabiltzaileen Elkarteak.

2021eko abenduaren 31n iraungi zen aurreko legea. Orain arte, Parte Zaharra —Salamanca pasealekuan, Kaian, Urgullen eta Bulebarreko zenbaki bikoitietan dauka muga— eta Zurriola pasealekua zeuden Turismo Olde Handiko Eremuaren barruan, baina eremu horretatik kanpo zegoen Bretxa. Bretxako Erabiltzaileen Elkarteak horregatik eskatu zuen 2022rako eta 2023rako Bretxa ere eremu horren barruan sartzeko. Behin eskaera jasota, Merkataritza alorreko aholku batzordean gaia aztertu, eta udalak iazko abenduaren 21ean onartu zuen aldaketa: egungo Turismo Olde Handiko Eremua Bretxako merkataritza gunera zabaltzea. Bulebarretik gertuen dagoen Bretxako eraikinari bakarrik eragingo lioke aldaketak, Arkoak eraikinari, eta ez Lidl, arrandegi, harategi, fruta denda eta gainerakoak dauden guneari. McDonald’s, Sicos, Arenal, Forum eta Miniso daude Arkoak eraikinean. Orain Eusko Jaurlaritzari dagokio eskaera hori onartzea; gaur-gaurkoz, ez dago datarik zehaztuta horretarako.

DONOSTIAKO BRETXA MERKATARITZA GUNEA

Merkatarien babesa

“Egin beharrekoa egin dugu guk. Merkataritza aholku batzordean ordezkatuta daude merkatari txiki guztiak, eta merkataritza elkarteek bat egin dute eskaerarekin”. Garmendiak azpimarratu du igande eta jaiegunetan dendak ireki ahal izatea “espresuki mugatzeko” hartutako erabakia dela eurena. “Igande eta jaiegunetan ateak irekitzeko aukera ematen du honek, baina horrek ez du esan nahi Bretxaren kasuan bertako dendek igande eta jaiegun guztietan ateak zabalduko dituztenik. Aukera eskainiko die honek, besterik ez”, esan du Garmendiak.

Iñigo Garcia Shops Donostia elkarteko gerentea bat dator Garmendiarekin, eta azaldu du eurek bozketa bidez erabaki zutela aldaketa babestea. “Baina bakoitzaren erabakia izango da jaiegunetan dendak irekitzea edo orain arte bezala jarraitzea. Aukera izatea, hori bozkatu genuen azkenean, eta ez ateak derrigor irekitzea. Alde horretatik, guk argi daukagu langileen lan baldintzak bermatu behar direla beti”.

JAIEGUNETAN BRETXA IREKITZEAREN AURKAKO PROTESTA

Iazko abenduaren 21ean udalean aldaketa onartu eta bi astera, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek protesta egin zuten udaletxe ataritik abiatuta —Jaietan Denok Jai plataformak sustatu zuen deialdia—. Solagurenbeaskoa LABeko ordezkariaren hitzetan, “atzerapausoa” da udalaren azken erabakia, “eragin nabarmena izango duelako langileen kontziliazio eskubidean, euren lan baldintzetan eta merkatari txikien jardueran. Irizpide politikoak daude aldaketa honen atzean; gutxi batzuen onurari eragingo dio. Kontsumo eredu basati bat sustatzen ari dira Donostian, salerosketara bideratutakoa eta beharrizanik gabea”. Solagurenbeaskoak argi dauka Turismo Olde Handiko Eremua Donostiako Parte Zaharreko “espazio eta garai jakin batzuetara mugatzea” dela irtenbiderik egokiena.

Aldaketa gauzatu artean, langile askoren artean “beldurra eta mamuak” nabari dituztela ziurtatu du LABeko ordezkariak. “Udalak saihestu zezakeen Bretxa igande eta jaiegunetan irekitzea, baina alfonbra gorria jarri du, eta enpresen erabaki aldaketak hauspotu ditu”.

Pintado ELAko ordezkariak kritikatu du “turistentzako hiria eraikitzen” ari direla Donostian. “Ostalaritza ikusten dugu nola dagoen, hotelak ere bai, dendak irekita nahi dituzte orain… Hemengo bizi eta lan baldintzak ziurtatu behar ditugu, beti besteentzat lanean aritu gabe”. Pintadok irmo adierazi du eurek lanean jarraituko dutela dendak igande eta jaiegunetan itxita egon daitezen. “Eskandalagarria da egin nahi dutena”.

Udala, “koherentzia faltan”

Lourdes Lazaro Ba Gera elkarteko arduradunak ere kritiko hitz egin du aldaketaren inguruan. “Gu aldaketaren kontra agertu ginen udalaren Merkataritza aholku batzordean, merkataritza txikiak are kolpe handiagoa jasoko duelako neurri honen eraginez. Ez da Parte Zaharreko merkatari txikien aldeko erabakia”. Ba Gera elkartea harrituta dago udalaren “koherentziarik gabeko” erabakiekin. “Bertako merkatarien alde hitz egiten dute beti, baina ondoren ez dute halako erabakirik hartzen. Arduratsuago jokatu beharko lukete, merkatari txikiei benetako babesa emanez”.

Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak ere “ezinegona” erakutsi du Bretxako errealitatearen inguruan. Xabier Arberas elkarteko kideak argi utzi du eurak merkatari txikiekin eta sindikatuekin daudela lerratuta. “Ostalaritzaren eta turismoaren eskutik etorri da dena, eta izugarrizko desoreka sozioekonomikoa sortuko du honek”. Gogoratu du “merkataritza txikia, tokiko ekoizlea eta artisaua” sustatzen denean, “ekonomia erreal baten oinarria” sortzen dela beti.

Leave a Reply

Your email address will not be published.