Herriaren etorkizuneko doinuak idazten

Herriaren etorkizuneko doinuak idazten

Maria Ortega Zubiate

“Zaharra da Oñatiko musika eskola, eta, sartu-irtena eginda, triste samarra ere bai”. Hala uste du Iñaki Olalde Oñatiko Udaleko kultur zinegotziak. “Ez da barrura sartu eta proiektu oso bat senti dezakezun toki bat”. Hori ez da beti hala izan, hala ere; garai batean “erantzun egokia” ematen zien orduan zeuden premiei, baina, beharrak handituz joan ahala, “atzean” geratu da eraikina. Olaldek “irisgarritasun falta” jarri du horren adibide nagusitzat, eraikina ez baitago egokituta. Behar horri tiraka abiatu dute, hain zuzen ere, Oñatiko Jose de Azpiazu musika eskola eraberritzeko eztabaida prozesua. Hiritik At kooperatibaren gidaritzapean, musika eskolako langile eta erabiltzaileak, eta udaleko kultur arloa batzen dituen batzordearen esku egongo da eskolaren geroa. Gaur izango dute eztabaida prozesu horretako azken bilera.

“Musika eskola ez da eraikin bat soilik, harago doa. Hainbat gaitasun garatzeko espazioa da, eta ez soilik lengoaia musikala; sormena, talde lana, norberaren buruaren kudeaketa…”. Hori guztia da, Manu Egaña musika eskolako zuzendaritza batzordeko lehendakariaren ustez. “Gizarteko errealitate guztiei erantzun behar die”, erantsi du Olaldek. “Edozein pertsona eraikinaren edozein tokitan mugitu ahal izatea da helburua”. Eraldaketa horretan, eraikina eraberritzeak “berebiziko garrantzia” du, Olalderen ustez, baina aldaketa bakarra ez dute nahi itxurarena izan dadin. “Ez da soilik arkitektonikoki kanpotik edo barrutik polita izatea. Egungo musika eskolak une honetako beharren zati handi bati erantzuten badie ere, 2030eko gizartearen beharrak identifikatzeko jarri dugu martxan prozesu hau, moda eta behar musikalak norantz doazen aurreikusteko, eta gizarteak barnebiltzen dituen pertsona ororen beharrei erantzuna bilatzeko”.

Musika eskola, harrobia

Izan ere, udalaren 2030 agendako helburuetako bat da musika eskola eraberritzea, herrian duen garrantziaz jakitun. “Musikari asko dago Oñatin: bakarlariak, taldean aritzen direnak, bandak edo txistulari taldeak, lagunarteko txarangak, abesbatzak… Musika eskola izan da askoren harrobia, eta, era batera edo bestera, guztiek elikatzen dute Oñatiko musika errealitatea”, esan du Olaldek.

OÑATIKO MUSIKA ESKOLA

Egun, bostehun lagun baino gehiago daude izena emanda eskolan, eta, kopuru hori hain altua izaki, eskolaren egitekoa hezkuntza lan hutsetik harago doala uste du kultur zinegotziak. “Herria kulturaz babesteko proiektu” gisa definitu du musika eskola. Harekin bat dator Egaña, hark ere bere arlotik kanpoko aktoretzat jotzen baitu musika eskola: “Herriko agente bat gehiago da eskola; eta ez kultur agentea bakarrik, gizarte mailako agentea ere bada, arlo horretako beste hainbatekin lankidetzan aritzen baita”. Horren adibidetzat jarri ditu zaharren egoitzetan egin izan dituzten emanaldiak, edota musikoterapian izan duen parte hartzea.

Askotarikoa da, beraz, musika eskolaren jarduna, eta horrelakoa izaten ari da hura eraberritzeko prozesua ere. Eskolako zuzendaritza batzordean eztabaidatzen ari dira gaia, eta bertako parte dira langileak, udaleko kultura saila eta erabiltzaileak —haurren kasuan, horien gurasoak—. Musika eskolako ikasleen guraso izateaz gain, ikasle ere bada Egaña, eta horregatik darabil, hain zuzen ere, transbertsalitate hitza ahoan prozesua deskribatzeko garaian. “Aniztasun horren balioa” azpimarratu du Olaldek: “Herritar, aditu eta arituen parte hartzea bultzatu nahi izan dugu, ahalik eta ekarpen gehien jasotzeko asmoarekin. Horri esker, proiektua arkitektonikoki nolakoa izango den definitu ahal izango dugu, zer azalerari eta zer-nolako espazioei erantzuna eman beharko diegun”. Egañarentzat “oso interesgarria” izaten ari da prozesua: “Askotariko ahotsak izan dira, bakoitza bere ikuspegiarekin; amets pila batez hitz egin dugu”.

Txostena idazteko zain

Orain arte, bakarkako elkarrizketak, galdetegiak eta eztabaida prozesuan bildutako datuak jasotzen aritu da Hiritik At kooperatiba. Horren ostean, txosten bat idatzi beharko du, lehentasunak, eskaintza pedagogikoa eta eraikinaren plana zehazteko, besteak beste. Esku artean dutena “gai potoloa” dela dio Oñatiko Udaleko kultur zinegotziak: “Jende asko mugitzen duelako”, batetik, eta “horrenbeste urte dituen proiektua aldatzea dakarrelako”, bestetik. Baina eztabaida prozesuaren askotariko izaerak eta jendearen erantzun positiboak baikor utzi du zinegotzia: “Adituek eta herritarrek parte hartutako musika eskola diseinatzen badugu, geure sentituko dugu etorkizuneko musika eskola hori”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.