Keinu txikiek duten indarra

Keinu txikiek duten indarra

Josune Zarandona

Beasain kontziliazio erantzukidea hobetzeko eta sustatzeko esperimentaziorako laborategia da 2017az geroztik. Herrilab izena eman diote proiektuari, eta Beasaingo Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko lankidetza hitzarmen bati esker jarri zuten martxan, Leire Artola Beasaingo alkateak adierazi duen bezala. Elkarlanean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna “era esanguratsu eta iraunkorrean” sustatzeko ekintzak diseinatu, probatu eta ezartzea da helburu nagusia. Era berean, esperientzia aitzindari horretatik eratorritako ezagutzak berdintasun eta kontziliazio politiketarako baliatuko dituzte, eta Gipuzkoako beste udalerri eta eskualde batzuetan antzeko esperientziak garatzeko eredu izango dira.

LEIRE ARTOLA

“Kontziliazioa ardatz hartuta, diagnostiko bat egin dugu herriaren benetako egoera zein den ikusteko”, jakinarazi du alkateak. Merkataritza, hezkuntza, enpresa, politika eta hainbat erakundetako eragileek hartu dute parte lanketan. Bitarte horretan, “sektorez sektoreko laborategiak” ere egin dituzte, eta datozen urteetarako ekintza plan bat ere marraztu dute. “Aurten garatuko dugu hori”, zehaztu du Artolak. Hain zuzen, ekintzen unea da orain. Martxan jarriko dituzte hiru esparrutan landu dituzten proiektu pilotuak —industrian, hezkuntzan eta merkataritzan—; “aldaketa txikiekin pauso handiak ematea” da helburua.

Industriaren alorrean lanketa prozesu betean daude oraindik, baina hezkuntzan martxan daukate proiektu pilotua, herriko ikastetxeetan. “Eskolan dagoen haur bati zerbait pasatzen zaionean, lehenengo kontaktu gisa, amari deitu beharrean aitari deituko diote”, azaldu du alkateak. “Oso proiektu xumea da, baina ikusiko dugu ea zer emaitza ematen duen”. Jarraian, merkataritza alorrean jarriko dute martxan bigarren proiektu pilotua. “Otsaileko lau asteetan merkatarien arratsaldeko ordutegia moldatu egingo dute, kontziliazioa errazteko: 16:00etan ireki eta 19:00etan itxiko dituzte dendak”.

Solsonako esperientzia

Beasaingo Amets Descanso dendako arduraduna da Gemma Alarcos; Herrilab proiektuan talde eragilean parte hartu duen merkatarietako bat da. “Hasieratik oso argi izan dut pasatzen utzi ezin genuen aukera bat zela hau”, erantzun du proiektuaz galdetuta. Kontziliazioaz hitz egitean, esan du autonomo batentzat “ia ezinezkoa” dela lana eta familiako bizitza uztartzea. Ordutegi aldaketak “denbora” oparituko die merkatariei, familiarekin egoteko edo aisiaz gozatzeko denbora: “Gure bizitza soziala eta familiarra hain da ezdeusa, aldaketa txikia izanagatik ere, asko nabarituko dugu”.

GEMMA ALARCOS

Merkatariek ordutegi zabala dute, eta negozioaren ardura izateak ere pisu handia dakar berarekin. Lanak, batez ere, “familian egoteko uneak” kendu dizkio Alarcosi: “Gehiegi litzateke gure ordutegiagatik edo lanagatik dena galdu dugula esatea, baina denetik pixka bat galdu izanaren sentsazioa daukat”.

Solsonako (Herrialde Katalanak) merkatarien esperientzia ezagutzea giltzarri izan da Beasainentzat. Solsonan, COVID-19ak eragindako pandemia dela tarteko hartu zuten bertako merkatariek arratsaldeko ordutegia moldatzeko erabakia, eta proba pilotuak egin dituzte ordutik. Urrian, bideo dei bidez, katalanen esperientzia ezagutzeko aukera izan zuten beasaindarrek, eta, haien hitzetan, hortik hartu zuten datozen asteetan martxan jarriko duten proiektua gauzatzeko “animoa eta indarra”.

Pandemiak Beasainen ere eragin du aldaketarik. Izan ere, Alarcosek aurreratu duenez, “denda asko” hasita daude jada euren establezimenduak ordu erdi bat lehenago ixten. “Eta oso pozik daude, gutxi iruditu arren, ordu erdi bat asko izan daitekeelako guretzat”.

Aldaketaren beldurrez

Ezertan hasi aurretik, Alarcos dendariak aitortu du bera dagoeneko pozik dagoela egindako lanarekin. “Gaiaz hizketan ari garelako, azkenean. Orain urtebete, pentsaezina izango zen hau. Ordutegiarena gai tabu bat izan da betidanik merkatarien artean”. Izan ere, Beasaingo merkatari batzuk ez dira ordutegia aldatzearen aldekoak. “Merkatari askok beldur handia diote aldaketari. Bezeroak beste nonbaitera erostera joango diren beldurra, herrian erosteari utziko dioten beldurra…”.

Zenbait arrisku “euren gain” hartuko dituztela jakin badakien arren, baikor dago Alarcos: “Ziur naiz publikoak guk uste dugun baino hobeto hartuko duela proiektua”. Beasaingoa lau asteko proba bat baino ez dela izango azpimarratu du merkatariak. “Aldaketa txikiak egitea posible den edo ez ikusi nahi dugu. Gizarte gisa ezinezkoa izango zaigu aurrera egitea, gauza berriak probatzen ez baditugu”. Bezeroen eta herritarren iritziak aintzat hartuta, txosten bat ere egingo dute teknikariek.

Leave a Reply

Your email address will not be published.