Maialen Etxaniz
Askotan haien hitzik jasotzen ez den arren, umeei hitza ematea du helburu Azpeitian sortu berri duten Haurren Kontseiluak. Azpeitia Herri Hezitzailea egitasmoaren barruan jarri dute martxan proiektua, herriko haurrak erdigunean ipini eta haiei hitza emateko xedez. Maite Azpiazu talde eragileko kideak azaldu duenez, Haurren Kontseilua hilabete luzeetako lanaren “lehen emaitza” baino ez da: “Talde eragileko kideok urtebetez aritu gara egitasmoari forma ematen, proiektua teorikoki kokatzen eta buruan duguna praktikan nola jarri pentsatzen”.
Hasieratik argi eduki zuten Haurren Kontseiluan ezinbestekoa izango dela herriko ludoteketako hezitzaileen lana. “Haiek dira herriko umeek hezkuntza ez formalean gertuen dituzten pertsona heldu erreferenteak. Hortik harago, ordea, bazegoen zer pentsatu eta zer egin, eta horri forma ematen aritu gara orain arte”, esan du Azpiazuk.
Azpeitia Herri Hezitzailea egitasmoa martxan jarri zutenean, diagnostiko parte hartzaile bat egin zuten herrian. Askotariko talde eta norbanakoen iritziak bildu zituzten prozesuan, baina ez zieten hitzik eman herriko haurrei eta nerabeei. “Tranpan erori ginen, nolabait esatearren”, aitortu du Azpiazuk. “Herritarra ikusteko modua eraldatzea da Herri Hezitzailearen giltzarrietako bat; herritarrik ahulenak erdigunera ekartzea eta haiei erabakitzeko ahalmena aitortzea”, gaineratu du.
Haren arabera, horregatik da garrantzitsua haurrei hitza ematea: “Helduok umeei ematen diegun mezua da beraiek etorkizuneko herritarrak direla, baina haurrak orain eta hemen ere badira herritarrak, eta, gaitasunak dituzten bezala, badituzte eskubideak eta betebeharrak ere, helduek beste”. Azpiazuk zehaztu du haurrak direnean ez zaiela uzten ezer erabakitzen. “Baina adin nagusiko direnean, herritar arduratsuak, parte hartzaileak eta kritikoak izan daitezen nahi dugu, eta kontraesana da hori. Horregatik, haurra txikitatik subjektu aktibo eta parte hartzaile gisa hartu eta hezi behar dugu”. Umeei hitza ematearen garrantziaz jabetuta, parte hartzeko kanal iraunkorrez hausnartzen hasi ziren, eta hor gorpuztu zen Haurren Kontseilua sortzearen ideia.
Azken finean, herriko umeek herriko erabakietan parte hartzea da Azpeitiko Haurren Kontseiluaren “iparrorratza eta ametsa”. Dena den, parte hartzea “modu jakin batean” ulertzen dute Herri Hezitzaileko kideek. “Parte hartzea zerbaiten parte izatea bezala ulertu behar dugu, elkarrekin egiten den bide gisa. Haurrentzako gauzak egitetik haurrekin gauzak egitera pasatzea, alegia”.
Komunitatea egiteko tresna
Egitasmoaren sustatzaileen iritziz, “haurrak eta udaleko zinegotzi eta langileak elkarlanean jarriko dituen erabakigunea” da Haurren Kontseilua. Herriko ludotekako hezitzaileen ardura izango da gunea dinamizatzea, baina hezkuntza komunitate osoaren inplikazioa bilatzen saiatu dira sustatzaileak. “Hori lortzen bada, komunitatea egiteko tresna ezin hobea bihurtuko da Haurren Kontseilua”, adierazi dute Herri Hezitzaileko kideek.
Azpeitiko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek parte hartuko dute kontseiluan, eta haiek tokiko ohiko kudeaketarekin zerikusia duten gaiei buruzko ikuspegia emango diote udalari, hilero. Azpeitiko Udaleko Hezkuntza zinegotzi Leire Goenagak azaldu duenez, umeak protagonista izan daitezen nahi dute: “Haurrei ahotsa eman eta haiek protagonista izan daitezen nahi dugu, herriko erabakietan ahalmena eta erantzukizuna izan dezaten”. Kontseiluaren bidez udala zer den eta nola funtzionatzen duen ezagutu eta ulertu dezaten ere nahi dute. “Aldi berean, haurrei entzuten ikasiz joango gara herriari eta egunerokoari dagozkion gai ezberdinetan sakontzen”.
Haurrak, “pozik”
Azpeitiko ludoteka bateko hezitzaile Aitor Azpiazuk azaldu duenez, beren lana izango da herriko haur eta nerabeen iritzia gertutik ezagutzea, ondoren haiek udalera eraman ahal izateko. “Haurren iritziak ezagutu ahal izateko dinamikak pentsatuko ditugu hezitzaileok. Bi saio egin ditugu jada, eta parte hartzaileen talde kohesioa indartzea izan dugu helburu. Askotariko talde dinamikak landu ditugu horretarako”, esan du. “Haurren eta nerabeen ahotsa entzutea da gure nahia, eta azpimarratzea haien ikuspuntua ere garrantzitsua dela”.
Aitor Azpiazuren arabera, haurrek “ilusio handiz” hartu dute kontseiluaren sorrera. “Oso gustura parte hartzen dutela nabari zaie”, ziurtatu du. Dena den, haurrei parte hartzea eta proposamenak egitea “arraroa” egiten zaiela ere antzeman dute hezitzaileek, hark aitortu duenez: “Gauza berri bat da haientzat. Horrelako guneak izan ez dituztenez, arrotz egiten zaiela dirudi. Dena den, ilusioz daude, eta proposamenak egiteko irrikaz”.
Leave a Reply