Unai Zubeldia
Gazteen irakurketa eta sorkuntza literarioa babestea; horixe da Lumafest jaialdiaren helburua. Ariketa bat da. Saiakera bat. Proba pilotu bat. Amaia Garcia eta Slawka Grabowska Donostiako K bulegoarekin hasi ziren proiektua lantzen, kultur eremura bideratutako kontsulta eta doako bidelaguntza zerbitzuarekin, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaritzaren babesa ere jaso du egitasmoak. Buruan zeukaten hura gauzatuta, otsailaren 9tik 11ra egingo dute lehen esperimentua, Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean.
Hiru egun, hiru literatur genero —erromantikoa, fantasiazkoa eta zientzia fikziozkoa—, eta lau idazle gonbidatu: Paula Gallego donostiarra otsailaren 9an, asteazkenean; Romina Garber Miamin (AEB) bizi den argentinarra otsailaren 10ean, ostegunean; eta Iria G. Parente espainiarra eta Selene M. Pascual galiziarra otsailaren 11n, ostiralean.
“Gazte literaturak mugimendu handia sortzen du, oso bizia da”, hasi du azalpena Garciak. “Baina ez daude erakundeek babestutako proiektu asko, eta bigarren mailakoa da askorentzat; horri ere aurre egin nahi diogu horrelako jaialdiekin”. 2011tik Espainian egiten duten Celsius 232 jaialdia aipatu du Garciak: “Berez ez da gazte literatura sustatzeko jaialdi bat; beldurrezko, fantasiazko eta zientzia fikziozko literaturaren ingurukoa da, baina, neurri batean, lotura eduki dezake gurearekin”. Sareko proposamena izateak “bestelako indar bat” ematen duela uste du antolatzaile taldeko kideak. “Eta, gazteen profila kontuan hartuta, lantzeko oso interesgarria iruditzen zaigu guri ere”.
Horregatik, aurrez aurreko jaialdia bai, baina sareko jaialdia ere izango da Lumafest: Lumafestibala.com. Bai Koldo Mitxelena kulturguneko Ganbara aretoko saioetarako, bai topaketak streaming bidez sarean jarraitzeko, gonbidapenak lortu beharko dira webgunean bertan. “Edukiera mugatua da: 30-35 lagunentzako tokia izango da”, zehaztu du Garciak.
Adin mugarik gabe
“Gazteak” aipatuta, “14 eta 21 urte artekoak” hartu dituzte kontuan antolatzaileek. “Baina lehiaketari dagokion zehaztapena da hori”. Topaketez gain, gazteentzako lehiaketa bat ere izango duelako Lumafest jaialdiaren lehen aldiak. “Lehiaketan beharrezko ikusten genuen adin tartea mugatzea, ez delako oso bidezkoa 14 urteko gazte bat 35 urteko beste batekin lehian jartzea”. Baina Garciak argi utzi du haiek inoiz ez dutela mugatuko gazte literatura. “Ez gara ari hizketan nerabezaroan dauden gazteen literaturaz soilik, askoz zabalagoa da gure publikoa; badakigu 30, 40 edo urte gehiago dauzkaten herritar asko literatura mota horren oso zaleak direla eta horiek ere asko disfrutatzen dutela”.
Iazko abenduaren 17an jarri zuten martxan lehiaketa. “Gehienez 240 karaktereko kontaketa labur bat egin behar zuten gazteek, Luma hitza sartuta”. Eta kontaketa hori Instagramen edo Twitterren jarri behar zuten gero. Asteartean amaitu zen lehiaketan parte hartzeko epea. “Eta gazteei hasieran kostatu bazitzaien ere, lan asko jaso ditugu azkenerako”. Otsailaren 11n, topaketen azken egunean, egingo dute sari banaketa. Euskarazko eta gaztelaniazko bi lanik onenak sarituko dituzte, eta liburuak erosteko 180 euroko bonu bana jasoko dute irabazleek.
Garciak onartu du “adin kritiko bat” izaten dela literatur zaletasunari dagokionez. “Nerabezarora iristen direnean, gazte askok utzi egiten diote irakurtzeari, eta, horregatik, garrantzitsua da euren bizimoldearekin zerikusia daukaten proposamenak ere badaudela ikustea. Trantsiziozko literatura moduko bat behar dute gazte horiek”.
Idazle eta hezitzaile
Paula Gallego donostiarrarekin hasiko dute topaketa, otsailaren 9an, eta hori izango da euskaraz egingo duten bakarra; gaztelaniaz egingo dituzte beste biak. “Idazlea izateaz gain, hezitzailea ere bada Paula, eta oso interesgarria iruditzen zaigu hori, gaztetxoetan ere literaturarekiko zaletasuna bultzatzen saiatzeko”. Irakaslea eta filologoa da Gallego, Haur Hezkuntzako irakasle gradua dauka, Hezkuntza Bereziko espezialitatean, baita Espainiako Hizkuntza eta Literatura gradua ere. 2014an, Cristal, la guerrera esmeralda finalista izan zen Sevillako (Espainia) Ateneo gazte nobelaren sailean, eta Crossbooksekin (Planeta argitaletxea), Kiwi argitaletxearekin eta Escarlata argitaletxearekin aritu da lanean ordutik. La tinta que nos une iaz argitaratu zuen eleberriaren inguruko xehetasunak emango ditu Lumafest jaialdian.
Romina Garberren kasuan, nerabea zela lortu zuen sona, Miami Herald egunkarian igandeetan idazten zuen College She Wrote zutabeari esker. AEBetako Harvard Collegen graduatu zen, eta The New York Times egunkariaren nazioarteko bestseller titulua jaso zuen Romina Russell goitizenarekin idatzi zuen haren serieak, Zodiaco-k. Argentinarrak bere nobelarik berrienak izango ditu mintzagai Lumafest jaialdian: Lobizona eta Cazadora. Pantaila bidez egingo dute konexioa Garberrekin.
Azken egunean, berriz, Iria G. Parente espainiarrak eta Selene M. Pascual galiziarrak aurkeztuko dute euren proposamena. 2012tik elkarrekin lanean ari dira bi idazleak, eta 9.000 irakurraldi baino gehiago izan zituen bi egileen lehen nobelak, Pétalos de papel-ek —doan argitaratu zuten Interneten—. Ia hogei liburu osatu dituzte dagoeneko, eta biek ala biek sona handia lortu dute gaztelerazko gazte literaturan. Greziar mitoak berrinterpretatzen dituen Olympus zientzia fikziozko serieari buruz hitz egingo dute hurrengo ostiralean Donostian.
Garciaren hitzetan, ez dute nahita bilatu jaialdian parte hartuko duten guztiak emakumezkoak izan daitezen —lau idazleak eta bi elkarrizketatzaileak—, baina kasualitatea ere ez da izan. “Gazte literaturaren errealitatea islatzen du: emakumezko idazle asko daude, eta baita irakurleak ere”.
Bertakoa eta nazioartekoa
Genero erromantikoa, fantasiazkoa eta zientzia fikziozkoa aukeratu dituzte aurten. “Baina espero dezagun jaialdiak aurrera jarraitzea eta hurrengo urteetan beste genero batzuei ere tokia egin ahal izatea: komikiari, thriller-ari edo bestelako proposamenei”, esan du Garciak. “Bestalde, hasieratik argi izan genuen bertako idazleak gonbidatu nahi genituela, baina baita Espainiakoak eta nazioartekoak ere”.
Leave a Reply