Leire Narbaiza
Sasoi arraroak bizi ditugu, serioak eta tristeak direla esan genezake. Egia da pandemiak dena kutsatu duela, eta umorea garraztu digula. Baina, era berean, esan nezake ni umoreak eta irribarreek salbatu nautela tristura pandemikoaz, lagunen babesarekin bat eginda, amalgama ederra izan da aurrera egin ahal izateko.
Esan bezala, umoreak babestu nau momentu txarretan, edo umorean topatu dut abaroa txarto egon izan naizenean. Umore barik ezingo nintzateke bizi. Barreak eta algarak ezinbestekotzat ditut bizitzan, elikatzea bezainbeste, lo egitea legez. Ironia eta gag-a, txisteak eta pasadizoak. Eta parean dugun pertsonaren irribarrea, nahi eta nahi ez.
Barre eta irribarre gutxi egiten dugula iruditzen zait, muturbeltz samarrak garela orokorrean. Aurpegi luze eta lehorrak ikusten ditugu nonahi: potea zerbitzatzen digun tabernarienetan, leihatilan dagoen funtzionarioengan, edo autobuseko gidarien artean. Egia da denok ditugula egun txarrak, munduarekin haserre gaudenekoak. Neure burua ere jasangaitz egiten zait egun batzuetan, eta dena txarto dagoela iruditzen zait, pottokin marmartia bihurtuta, guztiarenkontra egunak bataiatuta ditut halakoak. Baina, zorionez, egun solteak eta bakanak izaten dira. Batzuek, ordea, jarrera hori dute bizitzaren aurrean: aurpegi luzea, ezpainak estututa, bekokia zimurtuta. Tratuan takar eta desatsegina. Zer kostatzen da, bada, irribarre txiki bat egitea? Edo adeitasun keinuren bat agertzea egun arruntetan? Jende aurrean lan egiten duten pertsonek, batez ere, egin beharko luketela/genukeela esfortzua begitantzen zait.
Irribarrea eta umorea ez dira kontu bera, badakit. Baina irribarre gabe ez dago ez irririk, ez barrerik. Beraz, oinarritik hasiko gara, irriño egitetik, jokatzeko modu asko aldatuko liratekeelakoan nago-eta, hainbat pertsona erosoago eta lasaiago sentituko liratekeelako, barre-irriarekin ere errespetua adierazten delako. Gure lehengusu primateekin komunean dugu, gainera: irribarre bidez parekoa kidetzat onartzearena, irribarre eginda taldekoa dela esaten diogu, humanoa dela aitortzen dugu keinu horren bidez.
Gure panorama dagoen moduan egonda, irribarreak inoiz baino garrantzi handiagoa daukala begitantzen zait, juntura sozialak koipezteko balio duelako, jendearen arteko hartu-emanek kirrinka egin ez dezaten, giza interakzioak suabeagoak eta lauagoak izan daitezen. Krispazio egoera honetan erresumina handitu ez dadin, baretzeko ere balio du. Beraz, zeharo komenigarria da.
Irribarrea da konfiantza giroa eraikitzeko lehenengo pausoa, harremana atseginagoa ere egiten du. Solaskidea aintzat hartzen dela ere adierazten da aho-ertzak gorantza eginda. Dena onura.
Giro irribarretsuan irribarretik barrera salto egitea txiste edo hitz-jokoez ez da gaitza. Errazago egiten dira broma eta adarjotzeak. Hortaz, algararako bidea egin liteke inongo problema barik. Eta egunerokoaren parte bihurtu barrea, etxean eta familian, lanean eta komunikabideetan. Barrea ez delako fribolitatea, oso gauza serioa baizik. Gatza eta piperra izan ditzagun errutina horretan.
Algarak eta karkailak bota behar ditugulako, tripako mina izan arte barre egin. Osasuntsua izateaz gain, pozago biziko garelako, animoan eragingo digulako eta gizarte adeitsuagoa lortuko dugun konbentzimendua dudalako.
Barrea guztiondako!
Leave a Reply