Dirua ateratzera, ondoko herrira

Dirua ateratzera, ondoko herrira

Miren Garate

Berrobi da kutxazainik gabe gelditu diren Gipuzkoako herrietako bat. Bakarra zuten lehen, eta uda partean lapurreta saiakera bat izan zen. Dirurik ez zuten harrapatu, baina hondatuta utzi zuten gailua, eta Kutxabankek ez du konpondu. “Esan digu guk konpontzen badugu eta hileroko mantenu kostua guk ordaintzen badugu —hau da, 1.000 euro hilean— jarriko duela, baina kostu handiegia da guretzat”, esan du David de Miguel alkateak.

Haren esanetan, kutxazainak “funtzio handia” betetzen zuen herritarrentzat. Berrobin badituzte oinarri-oinarrizko zerbitzuak: janari denda bat, farmazia bat, taberna bat eta jatetxe bat. Dirua ateratzeko, ordea, gutxienez bost kilometrora dagoen herri batera —Ibarrara— joan behar izaten dute orain.

Seiehun biztanle pasatxo ditu herriak, eta, kutxazaina kendu izanak biztanle guztiei kalte egin diela uste duen arren, batik bat adinekoak edo ordainketak txartelarekin egiten moldatzen ez direnak aipatu ditu alkateak: “Lehen, pertsona horiek autonomoak ziren: dirua atera, dendara joan, kafe bat hartu… Orain, mendeko bihurtu ditugu”. Diputaziora ere jo du De Miguelek, laguntza eske. Gutun bat bidali dio Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko foru diputatuari. “Gure kasua azaldu diogu, eta finantza erakundeekin mintzatzeko eskatu, arrakala digitalaren aurka egin dezaten eta landa eremuetako kutxazainak eta aurrez aurreko arreta manten ditzaten”. Alkateak dio ez duela erantzunik jaso oraindik.

Lapurreta saiakerak kutxazaina matxuratu ostean, Kutxabankek konponduko zuela uste zuten Berrobin. “Aurrez ez ziguten inoiz esan kentzeko asmorik zutenik, nahiz eta bagenekien herri askotan ari zirela halako neurriak hartzen”. Udal eraikin batean zegoen jarrita kutxazaina, baina, gainerakoan, ez zuten ezer ordaintzen haren mantenuagatik. Matxuratuta bada ere, han jarraitzen du oraindik. “Badaezpada ere, esperantzarik ez baitugu galdu”, azaldu du alkateak.

Hala ere, bestelako irtenbide batzuk aztertzen ere hasita daude. Azaldu du Donostian, adibidez, badaudela turistei bideratutako kutxazain berezi batzuk. Espainian dituzten alternatiben inguruko informazioa biltzen ere aritu dira; Espainia hustua esaten zaionean, adibidez, herri askotan ez baitute dirua ateratzeko aukerarik. “Nolabait esateko, markarik gabeko kutxazainak dituzte, ez direnak finantza erakunde batenak. Udalak eskaintzen duen zerbitzu bat izaten da. Baina halakoekin dirua ateratzeagatik komisioak ordaindu beharko lituzkete herritarrek”.

Dena den, Berrobiko alkateak ez du gehiegi sartu nahi aukera posibleei buruzko xehetasunetan. “Azken aukera gisa planteatzen ditugu horiek”. Izan ere, haren ustez, Kutxabanki dagokio zerbitzua ematea. “Berrobiko biztanle gehienek han izango dute kontua, herrian dirua ateratzeko modu bakarra harena zelako orain arte. Asko, gainera, bizi osoko bezeroak izango dira, leial-leial mantendu direnak”.

Antzeko kasu gehiago

Espainiako Bankuak egindako Eskudiruaren egitura eta eskudirua eskuratzeko zaurgarritasuna azterlanaren arabera, Gipuzkoako hamabost herritan ez dago dirua ateratzeko punturik, eta 3.804 biztanleri eragiten die horrek. Herrialdeko batezbestekoari dagokionez, mila biztanleko zerbitzu hori ematen duten 0,35 puntu daude. 2020. urte amaierako datuekin egindako txostena da, eta gaur-gaurkoz pixka bat handiagoa izan daiteke kopurua. Seiehun biztanletik gorako herriek badituzte kutxazainak; hortik beherakoetan, bakan batzuetan eusten diete.

irudia_ikusi

Berrobin gertatutakoa ez zaie arrotza Bidania-Goiatzen. Han ere lapurreta bat izan zen, eta izorratu egin zuten kutxazaina. “Guri ere esan ziguten zerbitzua berriz jartzea nahi bagenuen konponketa guk ordaindu beharko genuela, eta mantenua ere bai”, kontatu du Agurtzane Zelaia alkateak. Bostehun biztanle inguru ditu Bidania-Goiatzek, eta orain Errezilera, Azpeitira edo Tolosara joaten dira dirua ateratzera. “Kutxazaina udalaren lokal batean zegoen, eta hilabeteko epea eman genien konpondu behar ez bazuten kentzeko, behintzat lokala libratzeko”.

Abenduan kendu zuten. 2009ra arte, kutxazainaz gain, bulegoa ere bazuen Kutxabankek herrian, eta astean behin irekitzen zuten, pare bat ordurako. Zelaiak kontatu du “zaharra” zela zeukaten kutxazaina. “Segituan blokeatzen zen, eta behin gestoreari komentatu genion ea zergatik ezin genuen guk kutxazain berri bat izan. Esan zigun buila handirik ez ateratzeko, kentzen ari zirelako denean. Eta hemen ere halaxe izan da: lapurreta bat, eta kendu egin dute”. Zelaiak badaki beste herri batzuetan ere antzeko egoeran daudela. “Baina zerbait egin beharko genuke denon artean”.

Ezkio-Itsason “ia-ia etsita” daudela esan du Joseba Telleria alkateak. Urte gehiago daramatzate han kutxazainik gabe: 2014tik. “Udaletxe zaharrean zegoen, eta eraikin horretan, orain, eskola eta ostatua ditugu. Obrak hasi zirenean, udaletxe berrira pasatzekotan kendu zuten handik, baina ez da iritsi”. Esan du ordutik izandako udal gobernu guztiak saiatu direla berreskuratzen. “Udaleko diru kontuak ere Kutxabankekin genituenez, hortik ere saiatu ginen presioa egiten; herritarrak ere ahalegindu dira, baina alferrik”. Telleriak azaldu duenez, “estrategia kontuak” direla esaten diete.

Beste finantza erakunde batzuetara ere jo dute zerbitzu eske, “baina ez dute inongo interesik”. Era berean, aldundiko ordezkariekin ere aipatu izan dute gaia. “Ari direla begiratzen esaten digute, baina erantzun argirik eman gabe”. Bien bitartean, Zumarragan eta Ordizian dituzte gertuen dauden kutxazainak.

Mutiloan, berriz, matxura baten ostean geratu ziren zerbitzurik gabe. “Hemen ere izan zen lapurreta bat, baina konpondu zuten. Handik denbora batera, ordea, hondatu egin zen kutxazaina, eta orduan jada ez”, esan du Iñaki Ugalde alkateak. Bilera bat eskatu zioten Kutxabanki, eta erabiltzaile gutxi zituela eta inbertsio handia zela erantzun zioten. “Orain urtebete inguru izango zen hori. Guri ere egin ziguten eskaintza ekonomikoren bat. Zenbakiei begiratzen diete haiek, baina guk ikusten dugu garrantzitsua dela zerbitzu hori herrian izatea”. Hondatuta, baina lehengo lekuan dago oraindik kutxazaina. Dendarik ez dute Mutiloan, baina bai bi jatetxe. “Herritik kanpoko jendea-eta etortzen denean, hor ikusten dute kutxazaina, eta joaten dira, baina ez du funtzionatzen”. Ormaiztegin eta Seguran dituzte gertueneko kutxazainak.

Adinekoei laguntzeko prest

Gaiari buruz, Kutxabankeko iturriek esan dute mila biztanletik beherako herrietan, bulegorik baldin badago, %95etan Kutxabankekoa izaten dela, eta 2.500 biztanletik beherako herrietan, %75etan. “Esan daiteke, beraz, finantza bazterketaren aurka borrokatzen garela, eta bermatzen dugula finantza zerbitzuak ahalik eta gehienek eskuratzea”.

Adineko bezeroak “talde estrategikotzat” dituztela diote, eta mundu digitalean moldatzen ez direnei hainbat modutara laguntzen dietela. “Adineko bezeroen %40k kudeatzaile pertsonal bat dute esleitua; hau da, pertsona bat beraiengana jotzeko. Azken hamabi hilabeteetan, 65 eta 75 urte bitarteko gure bezeroen %60rekin baino gehiagorekin eta 75 urtetik gorakoen erdiekin baino gehiagorekin bildu gara”. Gaineratu dute bulegoetako langileek urteak daramatzatela bezeroei laguntzen, haiek kutxazainak erabiltzen, aplikazio mugikorrak deskargatzen edo online eragiketa ohikoenak egiten ikasteko.

Horrez gain, azaldu dute adinekoentzako online prestakuntzako hainbat programa aitzindari dituztela. Dena den, Kutxabanken ustez, ez da ahaztu behar adinekoen artean ere denetik dagoela. Datu batzuk eman dituzte: “65 urtetik gorako bezeroen herenek ohiko moduan erabiltzen dituzte tresna digitalak gurekin; eta hazkunde handiena ere adin tarte horretakoen artean izan dugu: %16,4koa…”.

Iragarri du sakelakoko aplikazioa aldatzeko asmoa ere badutela aurten, “erabilerrazagoa izan dadin, batez ere horrelako tresnak erabiltzen ohitura gutxi dutenei gauzak errazteko”. Berrikuntza nagusietako bat izango da bezero bakoitzaren digitalizazio mailaren arabera hainbat erabilera aukera izango dituela. “Digitalizazio enpatikoa” lortu nahi du Kutxabankek.

Leave a Reply

Your email address will not be published.