Miren Garate
Orioko Udalak ordenantza berri bat egin du bide publikoa terraza eta mahai tokiekin edo jarduera komertzialari lotutako bestelako elementuekin okupatu nahi dutenentzat. Lehen aldiz, euskarari lotutako baldintzak ere sartu ditu ordenantza horretan. Jabier Zabaleta (Orio, 1962) Orioko Udaleko euskara teknikariaren esanetan, ostalariek ondo hartu dituzte betekizunak, eta dagoeneko igarri dituzte aldaketa batzuk.
Nondik nora etorri da Orioko terrazen ordenantzan hizkuntzari lotutako betebeharrak sartzeko udal erabakia?
2016an, 2/2016 Legea onartu zen, Euskadiko Toki Erakundeei buruzkoa, eta 2019an, lege hori garatzen duen 179/2019 Dekretua. Dekretu horrek handitu egin zuen udalek hizkuntza kontuetan zuten eskumena. Terrazen ordenantza ez da horregatik aldatu; bestela ere aldatzeko asmoa zeukan Orioko Udalak, lehen geneukana zaharra zelako, eta, plaza oinezkoentzako jarri denetik, herriko egoera asko aldatu delako. Orduan, ordenantza berria egitean, aukera genuenez, aprobetxatu egin dugu euskarari lotutako baldintza batzuk eskatzeko.
Zer betekizun dakartza ordenantza berriak euskarari dagokionez?
Ordenantzak dio euskaraz idatziko direla okupatutako eremuan jendearen eskueran eta bistan jartzen diren elementu guztiak: menuak, prezioen zerrendak, kartelak, eskaintzen oharrak, arbeletako oharrak… Euskaraz ez ezik, beste hizkuntza batzuetan ere idatzi ahal izango dira, baina, elementuak hizkuntza batean baino gehiagotan jartzen badira, euskarari lehentasuna eman beharko zaio: hurrenkeran, tamainan…
Turismoak pisu handia du ostalaritza sektorean. Horrek eragin du hizkuntza baldintzak sartzeko erabakia? Nola eragiten du turismoak herriko taberna eta jatetxeetako hizkuntza ohituretan?
Esan bezala, ordenantza aldatzeko premia ikusten zuen udalak, eta horregatik egin du berria, baina turismoaren kontuarekin ere badu lotura. Herri turistikoa da Orio, kanpotik jende asko etortzen da; batez ere, udan, asteburuetan eta zenbait garai jakinetan. Kalean jarri behar zuten hori erdaraz soilik jartzeko ohitura zuten taberna eta jatetxe batzuek: adibidez, Eguneko menua jarri beharrean, Menú del día. Hori arrazoitzeko, esaten zuten kanpotik jende asko etortzen dela, eta udalak egiten duen interpretazioa da kanpotik jende asko datorrela, baina jende horri gustatu egiten zaiola euskara aurkitzea kalean.
Zer jarrera izan ohi dute bisitariek euskararekiko?
Galdeketak-eta egiten direnean, hona etortzen den jendeak esaten du badakiela hemen hizkuntza berezi bat dagoela, eta horren bila ere badatozela. Euskara ere bada herri honen nortasunaren erakusgarri bat, eta ostalariei esan behar diegu erakutsi egin behar diegula hori kanpotik datozenei. Diskurtso horren barruan doa terrazetako ordenantza berria ere: euskara ez da ezkutatu behar turismoagatik; kontrakoa, erakutsi egin behar da.
Hizkuntza baldintza horiek nola hartu dituzte ostalariek?
Ondo, batere protestarik ez da izan horregatik. Oraindik ez gara hasi, baina bisitak egiteko asmoa ere badugu, neurria betetzen ez duten ostalariei gogorarazteko araua dela, eta bete egin behar dutela. Baina, guk ezer esan aurretik, terrazen ordenantzan eskakizun berri hauek daudela argitaratu orduko, batzuk dagoeneko hasi dira aldatzen: lehen erdaraz soilik azaltzen ziren hainbat arbeletan menuak euskaraz eta erdaraz jartzen hasi dira.
Udalak eskaintzen al du inolako laguntzarik aldaketak egiteko?
Bai. Urtero ez bada, bi urtean behin egiten dugu Merkataritzan euskaraz kanpaina. Dendak eta tabernak bisitatzen ditugu, eta beren paisaia linguistikoa euskaraz jartzeko laguntza eskaintzen zaie: kartelak, prezio zerrendak, oharrak… Etengabe eskaintzen zaizkie hizkuntza aholkularitza eta itzulpen zerbitzua.
Nola ikusten duzue euskararen egoera Orion?
Azken hamar urteetan garapen urbanistiko handia izan du herriak. Asko hazi da, eta kanpotik etorri da jende asko; ez bakarrik atzerritik, baita inguruko herrietatik ere. Izan duen aldaketa demografikorako, ondo eusten dio, eta oraindik ere oso herri euskalduna da Orio. Hala ere, guk ere baditugu lehen ez genituen kezka batzuk. Esate baterako, eskoletan esaten digute gero eta gehiago kostatzen zaiela zenbait taldetan euskarari eustea; batez ere, patioan eta egoera informaletan.
Udalean euskarari lotutako zer lehentasun daude hurrengo urteei begira?
Euskara plan bat diseinatu nahi dugu hurrengo hamar urteetarako, eta horretan ari gara buru-belarri. Lau lantalde sortu ditugu: merkataritzako eragileekin, kirol arlokoekin, hezkuntzakoekin, eta kultur eta euskara arlokoekin. Diagnostiko konpartitu bat landu dugu, eta diagnostiko konpartitu horren araberako jarduera zerrenda bat antolatuko dugu, hamar urteotan herrian zer egin behar genukeen diseinatzeko.
Leave a Reply