Mailo Oiarzabal
Pure pixka bat, babarrun gorri dezente eta haragi bolak saltsan, bi errazio besterik ez. Dozena bat pasa tuper, ohi baino gehixeago. Horiek dira gaur zortzi Azpeitiko Iraurgi ikastetxeko jangelan sobran gelditu zitzaizkienak, eta Alaitz Astigarragak eta Maddi Eizmendik jangelatik Azpeitiko Azoka Plazaren atarian kokatutako hozkailu handira eraman zituztenak. Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleak dira Astigarraga eta Eizmendi, eta maila horretako ikasleen ardura da astero, astelehenetik ostiralera, beren ikastetxeak ikasturte honetan martxan jarri duen Zero Zabor Hozkailua egitasmoko doako banaketa makina elikatzea.
“Herriari zerbitzu bat emateko helburutik abiatuta” landu dute egitasmoa Iraurgin, Aitor Cordoba ikastetxeko zuzendariaren esanetan, eta ikastetxeko jangelan zerbitzatu gabe gelditzen den janaria dago Zero Zabor Hozkailuaren oinarrian. “Lehen, agian, ez ginen hainbeste jabetzen zenbat janari sobratzen zitzaigun. Orain, bai sukaldariak, bai ikastetxeak, badakigu egunero batez beste zortzi-hamar errazio gelditzen direla zerbitzatu gabe, soberakin handiena lehen plateretatik eratorritakoa izaten dela, eta gainerakoetatik askoz gutxiago sobratzen dela. Jangelan erabiltzen dugun janari kantitatean doikuntzak egiteko ere ondo etorri zaigu”, dio Cordobak, egitasmoaren lehen hilabeteetan ikasten ari direnaz hausnartzean.
Elikagaien xahuketa eragoztea, hondakin gutxiago sortzea eta janaria behar edo nahi duen edonoren eskura jartzea dira Iraurgiren proiektuaren hiru helburu nagusiak. Aurreko ikasturtean garatu zuten asmoa, Rexcatering enpresarekin lankidetzan, eta joan den udazkenetik martxan da egitasmoa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Azpeitiko Udalaren babesa eta diru laguntzak jaso ondoren; horiei esker erosi dituzte plazan jarri duten makina eta han banatzen duten janaria behar bezala ontziratzeko zein kontserbatzeko beharrezko tresneria.
Iraurgi ikastetxean, jangelan eta haur eskolan, 120 bat otordu ematen dituzte egunero. Zero Zabor Hozkailua martxan denetik, jangelako sukaldariak ontziratuta uzten du zerbitzatu gabe utzi duten janaria, eta LH6ko ikasleek, taldeka eta txandaka, ontzi horiek zenbatu, etiketatu eta plazako hozkailu handira eramaten dituzte, eskuko hozkailuetan. Ikasleek “gustura” egiten dituzte lan guztiak. “Jendeak guk jarritako janaria etxera eramaten duelako eta emaitza momentuan ikusten dugulako”. Lau egun baino gehiago makinan daramatzaten ontziak erretiratzea ere badago ikasleen arduren artean, baina halakorik inoiz ez zaiela gertatu diote ikasleek eta zuzendariak.
Jendeak nola erantzungo zuen “zalantzak” zituztela aitortu du Cordobak, baina azkar uxatu zituzten. “Konturatzen gara aprobetxatzen ari dela guri sobratzen zaigun janaria”, dio zuzendariak. Plazako hozkailua “hutsik” topatzen dute ikasleek egunero, “asko jota pare bat egun” irauten du ontzi berak makinan, eta horrek eman die proiektuaren arrakastaren neurria.
Hurrengo urratsa
Herritarren artean eskaera badagoela eta plazako makina egunero husten dutela ikusita, proiektua “herriko beste eragile batzuengana zabaltzea” da orain Iraurgi ikastetxekoen helburua. “Guk utzitako errazioak han gelditzen direla ikusiko bagenu, ez genuke proposatuko horrelakorik. Baina janari ontziak egun batetik bestera agortzen direla ikusita, janari gehiago eskaintzeko eta jende gehiagorengana iristeko aukera dagoela iruditzen zaigu”.
Jangelak dituzten herriko beste ikastetxe, erakunde edo enpresa batzuk dituzte buruan Iraurgikoek, eta horiek proiektura erakartzea dute xede, plazan duten “ume txikia” gehiagoren artean elikatuz “azpeitiarrak ere elikatzen jarraitzeko eta zaborrontzira ahalik eta jan hondar gutxien botatzeko”.
Leave a Reply