Lasterketa eta abentura

Lasterketa eta abentura

Imanol Garcia Landa

Erronkak gustuko ditu Patxi Plazaolak (Orendain, 1990). Kanaria uharteetako (Espainia) ultradistantziako txirrindularitza proba batean parte hartzea izan da azkena, urtarril amaieran: Gran Guanche. Bost etapa, 600 kilometro eta 14.000 metroko desnibel positiboa, errepideko bizikletarekin. Bost zati zituen ibilbideak, bost irletatik igaro baitziren, eta horrek ere “bestelako xarma bat” eman zion probari. Tartean, parte hartzaileek ferryak hartu behar izan zituzten, horien ordutegiak kontuan hartuta. Plazaolak, guztira, 38 ordu eta 40 minutu behar izan zituen proba amaitzeko, eta 24 ordu eta 43 minutu egin zituen bizikleta gainean. Bigarren amaitu zuen, Ulrich Bartholmoes alemaniarraren atzetik —38 ordu eta 33 minutu behar izan zituen hark—.

Ultradistantzia probak gero eta ezagunagoak egiten ari dira txirrindularien artean. “Boladan daude. Proba luzeak dira, eta egun bat baino gehiago behar izaten da amaitzeko. Alportxa arin moduko batzuekin joaten gara, eta mendiko bizikletarekin, errepidekoarekin eta gravel motakoekin egin ohi dira”, azaldu du Plazaolak. Hainbat luzeratako probak daude. 10.000 kilometro ingurukoa da luzeena, eta Ameriketan egiten dute; aurrenekoak hamabost egun edo gehiago behar izaten ditu proba bukatzeko. “Lotarako materiala eraman behar izaten da, aldatzeko arropa,… Aurretik ezin da ezer lotua izan, eta ibilbidean ere ezin da inoren laguntzarik jaso. Bidean topatutakoarekin moldatu behar da: denda, taberna, gasolindegi, hotel…”.

Lanzarote, Fuerteventura, Kanaria Handia, Tenerife eta Gomera irletan barrena ibili zen Plazaola. “Ferryak jokoaren parte izanda, batzuek, agian, esango dute ez dela benetako ultradistantziako lasterketa bat, tartean atsedenaldiak zeudelako”, aitortu du. Orendaindarrarentzat, lehen proba izanik, horrek erraztu egin zuen jarduna: “Etapa bakoitzaren ibilbidea eta ferryen ordutegiak eskura izanik, lasaiago edo azkarrago joateko zer aukera nuen kalkula nezakeen”. Hamalau herrialdetako 48 parte hartzaile izan ziren. “Oso jende interesgarria eta jatorra ezagutu nuen. Horrelako probetan giro ona izaten zela esan zidaten, eta hala izan da. Abentura bat da azkenean: lasterketa da, eta, aldi berean, bidaia”.

GRAN GUANCHE PROBA

“Opor moduan” hartzeko asmoa zuen hasieran, baina, behin izena emanda, “ahalik eta ondoena” lehiatu nahi izan zen. “Aurreneko aldia izanik, ez nekien faktore guztiak nola kontrolatuko nituen, gorputzak nola erantzungo zuen…; beraz, errespetuz nindoan. Hori bai, ahal nuen ondoena egin nahi nuen”. Parte hartzaileen artean bakarraren berri zuen: “Ulrich Bartholmoesena, Gironan bizi den alemaniarrarena; norbaiten berri duzunean, onena delako izaten da”.

Lehen postuaren bila

Etapa gehienetan seikote bat nabarmendu zen, Plazaola bera tartean zela. Gomeran bukatu zen lasterketa, eta etaparen bukaeran mendate bat igo eta jaitsi behar zuten. Jaitsiera arriskutsurik ez egiteko, antolatzaileek esan zieten mendatearen goian lortutako denborek zehaztuko zutela sailkapena. Etapa hasi eta berehala ihes egin zuen Bartholmoesek. “Nik ere saiatu egin behar nuela pentsatu nuen”, esan du Plazaolak. “Hobea zen hori egitea, lehertzea eta gero seigarren geratzea, bigarren egitea eta lehen postua lor ote nezakeen zalantza horrekin geratzea baino”. Bartholmoesen atzetik abiatu zen, harrapatu zuen, eta elkarrekin joan ziren tarte batean, baina hark alde egin zion berriro. “Saiatu nintzen hura urrutiegi joan ez zedin, momentu txarren batean berriro harrapatzeko, baina onena dela erakutsi zuen”. Bigarren postuarekin konforme geratu zen orendaindarra. Izan ere, esperientziarekin eta emaitzarekin “oso gustura” dago Plazaola. “Gisa horretako aurreneko proba izanik, handia da kalkulatutako denboretan ibiltzea eta arazorik ez izatea”.

Paisaiari dagokionez ere “oso berezia” izan da proba: “Irla batetik bestera joatean, batzuetan ematen zuen kontinentez aldatzen ari ginela”. Gozatzeko aukera ere izan zuela aitortu du, lehia, batez ere, azken etapakoa izan baitzen. “Abentura giroan abiatzen dira gehienak. Lasterketa hauetan norberak bere buruarekin izaten du borrokarik handiena”, esan du orendaindarrak. Hain gustura dago bizi izandakoarekin, ez baita azkena izango: aurten ultradistantziako beste pare bat proba egiteko asmoa duela aitortu du.

Leave a Reply

Your email address will not be published.