Mikel Arbulu: “Elikadura jasangarriaren aldeko apustua da gurea”

Mikel Arbulu: “Elikadura jasangarriaren aldeko apustua da gurea”

Unai Zubeldia

Etxetik datorkio Mikel Arbuluri (Urretxu, 1999) bertako elikagai ekologikoen aldeko kontzientzia. “Amak lan handia egin zuen alde horretatik”. Batxilergo ikasketak amaitu, eta Leinn Lidergo Ekintzailean eta Berrikuntzan gradua egin zuen Mondragon Unibertsitatean; ikasketak amaitu aurretik hasi zen gorpuzten Goxoa.eus martxan jarri berri duten plataforma, Los Angelesera (AEB) egin zuten bidaia bat tarteko. Federico Pacha sukaldari eta irakaslea da bazkide nagusia, baina proiektuaren zutabeetako bat da Arbulu ere.

Goxoa.eus Euskal Herriko azoka digitala sortu berri duzue. Zer beharri tiraka eman duzue pausoa?

Duela hiru bat urte hasi ginen proiektua lantzen. Graduko bigarren urtean San Franciscora joan ginen lagun batzuk, Kaliforniara, AEBetara, eta merkatuaren azterketa moduko bat egin genuen, merkatuaren joeren berri izateko. Elikagai ekologikoen lanketa eta banaketa nahiko landuta dauzkate han; bederatzi enpresa bisitatu genituen, eta asko gustatu zitzaigun nola funtzionatzen zuten. Oso interesgarria iruditu zitzaigun euren proiektua, eta pandemia garaian pentsatu genuen komenigarria zela guk ere horrelako zerbait martxan jartzea.

Ekoizleen eta herritarren arteko zubi lana da zuena?

Hala da, bai. Gipuzkoako, Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako berrogei bat ekoizle dauzkagu plataforman; 27 dira Gipuzkoakoak. Ekoizle bakoitzak bere kabuz saltzen ditu produktuak; batek gazta, beste batek ogia, esnea… Baina gure helburu nagusia da bezeroari plataforma bakarrean erosketa guztia egiteko aukera eskaintzea. Ekoizleak protagonista izan daitezen nahi dugu, ikusgaitasuna eman nahi diegu.

Oraindik ere kostatu egiten al da lehen sektorean Internet bidezko proiektu bat sendotzea?

Bitxia izan da prozesua. Beste sektore batzuetan digitalizazioa aurrera zihoan, baina ikusi genuen lehen sektorean kostatzen ari zitzaiela. Elikagai eta produktu zoragarriak dauzkagu hemen, eta, alde horretatik, lanketarako bideak bazeudela jabetu ginen. Federico Pacha da gure bazkide nagusia, eta hark ondo ezagutzen ditu ekoizleak eta sektorea; gainerako hiru bazkideoi [Gorka Lizaso, Aitor Martin eta Mikel Arbulu bera] asko lagundu digu ekoizleekin harremanak sortzen, Fedek esperientzia handia daukalako lehen sektorean.

Azken urteotan herriz herri asko zabaltzen ari dira kontsumo taldeak. Zuen proiektuak, nolabait, talka egin dezake ekoizleen apustu horrekin?

Tira… Gure ustez, oso beharrezkoak dira kontsumo taldeak, baina herritar batzuek, agian, ez dute nahi asteroko konpromisorik kontsumo taldeekin; batzuek ez dute nahi asteroko saskirik, edo saskian jasotzen duten produktu jakinik. Kontsumo taldeetan, esaterako, normalean ez da izaten ogirik, esnekirik, postrerik edo landutako platerik. Beste batzuek, berriz, ez daukate denborarik merkatura joateko. Gaur egungo eskaintza aztertuta, gauza desberdin bat eskaini nahi genuen guk. Guk, gainera, ez dugu eskatzen konpromisorik.

Saltoki handien eskaintzarekin parez pare dago zuena?

Izatez, oso antzekoa da funtzionatzeko modua, baina gure plataforman dauden hainbat produktu ez dira hain eskuragarriak saltoki handietan. Platerak Oronan lantzen ditugu [bertan daukate gune nagusia], oso sukaldari eta lehengai onekin. Gurea ez da prozesu industrial bat, platerak ez ditu lantzen makina batek, eta hori ere baloratzekoa dela uste dugu.

Azken bi urteotako pandemia egoerak aldaketa eragin du herritarren kontsumo ohituretan?

Baietz uste dut. Jendeak gero eta erosketa gehiago egiten ditu sarean, eta gehienak, pixkanaka, galtzen ari dira beldur hori. Sarean lehen aldiz erostean, normala da errespetua sentitzea, baina prozesu berdina jarraitu behar da hurrengoetan, eta ez da batere zaila.

Jendeari, oraindik ere, erreparoa ematen dio erostera doan produktu hori ez ikusteak?

Bai…, eta normala da. Hori da arazo nagusia, baina lehen erosketa egitea da beldur hori kentzeko aukerarik onena. Elikadura jasangarriaren aldeko apustua da gurea; ekoizleak ez ditugu estutzen, eurak eroso senti daitezen nahi dugulako. Plastikoa ahalik eta gutxien erabiltzen saiatzen gara, gainera; kontzientzia hori ere badaukagu.

Nola kudeatuko duzue banaketa?

Hasieran, Donostian eta Zarautzen bakarrik egingo dugu banaketa, eta pixkanaka joango gara herri gehiago sartzen. Hiru lagun bakarrik gaude banaketarako, prestatutako furgoneta bakarra daukagu, eta ez da erraza. Donostian bertan erosketak jasotzeko gune batzuk ere badauzkagu: Tabakaleran, Parte Zaharrean, Parke Teknologikoan… Enpresekin eta eskolekin ere hasi gara lanketa egiten, eta apustu hori ere egin nahi dugu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.