TAO dela eta, gogoeta eske

TAO dela eta, gogoeta eske

Maria Ortega Zubiate

Bi hilabete eskas daramatza TAO sistemak Arrasaten; iazko abenduaren hasieran jarri zuten martxan, hasieran isunik jarri gabe. Sistema bere osoan, berriz, otsailaren 4an sartu zen indarrean. Baina denbora gutxi izanagatik ere, ez da oharkabean pasatu. Sistema bera martxan jarri aurretik ere, Eragin Arrasate plataformak sinadurak biltzeari ekin zion, horrelako sistema bat erreferendum bidez ezarri behar zela aldarrikatuta. Orain, udaleko oposizioko talde diren EH Bildu eta Elkarrekin Podemos ere sistemaren aurka agertu dira, eta “sakoneko hausnarketa bat” behar duela adierazi dute.

Udaleko mugikortasun planaren parte da TAO ezartzeko proposamena, “klima aldaketari aurre egin eta mugikortasun paradigma berrira egokitzeko egina”, udaleko iturrien arabera. Plan hori babestu zuten EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, azken horrek TAO ezartzea bera gaitzetsi duen arren. Beraz, gehienentzat TAO ezartzea ez da arazoa, nola ezarri baizik.

“Udal gobernuak [EAJ eta PSE-EE] ez du aurreikusi TAO sistemak zer-nolako eragina izango duen Arrasateko langile, komertzio eta herritarrengan”, dio Eva Abuin Elkarrekin Podemoseko zinegotziak. Abuinen hitzetan, ez dituzte kontuan hartu herritarren egoera ekonomiko desberdinak, “egoiliar txartela lortzeko etxe bakoitzak batez beste 35 euro ordaindu baitu kotxe bakoitzeko”. Prezio ezberdintasuna ere salatu du Elkarrekin Podemoseko zinegotziak, “egoiliarren txartela garestiagoa delako auzo batzuetan”.

“Kaltetu” jakinak

Abuinekin bat egin du Maider Morras EH Bilduko zinegotziak; hark ere salatu du zenbait herritar bazterrean utzi dituztela: “Bertako elbarri, autonomo, gremio, baserritar eta beste ez dituzte kontuan hartzen”. Izan ere, EH Bilduk gogorarazi du autoa aparkatu eta sistema lehen minututik hasten dela dirua kobratzen, ez duela beste herrietan bezala tarte bat uzten doan aparkatzeko. “Horrek bereziki kalte egiten die autonomoei eta gremioetako langileei, batetik bestera ibili behar baitute, eta une oro ordaindu beharko baitute aparkatzeagatik”. Hain zuzen ere, EH Bilduk proposatu du lehenengo ordu eta erdia dohainik izatea, kaltetu horiei marjina emateko.

Diru kontuak alde batera utzita, bi udal taldeak eta Eragin Arrasate bat etorri dira arazoa hori baino zabalagoa dela: “Sistema ez dute egin herritarrei begira”. Sistemaren “konplexutasuna” salatu dute oposizioko taldeek, eta tarifa ezberdin asko egoteak zaildu egiten duela herritarren ulermena. “Herritarrentzat zaila da sistema ulertzea”, dio Morrasek. “Sistema bere oinarritik ezbaian” jarri behar dela uste du EH Bilduko zinegotziak. “Sinplifikatu, erraztu eta doakoa izan, kolektibo guztiak kontuan hartuta”. Eragin Arrasate plataformak galdeketa egiteko eskatu du: “Erreferendum bat eskatzen dugu guk oraindik. Herritarroi eta bertan lan egiten dugunoi aukera eman diezaguten nahi dugu, denontzako ahalik eta sistema erosoena bilatzeko”.

Elkarrizketarik eza

TAO sistema ezartzeko prozesuan, udalak bilera informatiboak antolatu zituen herrian. EAJ-PSE-EE udal gobernuaren arabera, 525 ekarpen jaso, eta horiek kontuan hartu zituzten sistema ezartzean. Horretaz kexu da Eragin Arrasate, sistema ezartzeko planaren berri izan zutenean sinadura bilketa abiarazi baitzuten eurek; ia 5.000 lortu zituzten. “Gure 4.782 sinadurak eurek egin zituzten bilera informatiboetan jasotako iradokizunekin parekatu dituzte. Balantza berean jarri dituzte euren 525 ekarpenak eta gure 4.782 sinadurak, eta badirudi euren ekarpenak garrantzitsuagoak direla”, dio plataformak.

Sinaduren kopurua iruzkinena baino “askoz handiagoa” bada ere, Arrasateko Udakak salaketei ez diela kasurik egin kritikatu du elkarteak. “Udalaren bilera informatiboetan izan ginen taldeko zenbait kide, baina, kasualitatez, ez dituzte kontuan hartu gure proposamenak”.

Udalak adierazi du sistema martxan jarri zutenetik herritarren eskaerak jasotzen jarraitzen duela, eta sistemari berrikuntzak egingo dizkiola gaineratu du, gehiago zehaztu gabe. Martxoan emango du horren berri.

Leave a Reply

Your email address will not be published.