Miren Garate
Gipuzkoako Herri Kirol Federazioan 33 emakume daude federatuta, hemezortzi modalitateetako kirolariak kontuan hartuta. Beste kirol batzuekin alderatuta, kopurua ez da hain handia, baina gora ari da egiten. “Lanketa bat dago horren atzean. Gure helburuetako bat zen emakume gehiago ikustea herri kiroletan”, esan du Ainhoa Etxabe Gipuzkoako Federazioko lehendakariak —2020an hartu zuen kargua, eta lehen emakumea da postu horretan—. Uste du pentatloiak izandako arrakastak, crossfit munduko jendea erakarri izanak, harri eskolak egoteak eta beste hainbat faktorek izan dutela eragina gorakadan.
Pozik daude federazioan, duela bizpahiru urte baino bospasei txapelketa gehiago antolatu ahal izango dituztelako aurten emakumeentzat. “Niretzat, behintzat, aldaketa handia da hori”, dio Etxabek. Haren esanetan, orain arte herri kirolek zuten irudia ez zen oso erakargarria neskentzat. Badaki horri ezin zaiola egun batetik bestera buelta eman, baina ikusten ditu urratsak. “Orain nesken profila ere pixka bat aldatzen ari da, eta gehiago animatzen dira. Zenbat eta neska gehiago, orduan eta profil desberdinagoak, eta neska gehiago etortzeko aukera gehiago”.
Kirolari horien adina egiten zaio bereziki pozgarria, gazteak baitira asko. “Urteetan jarraitzeko eta plazak betetzeko aukera ikusten diet herri kiroletan hasi berri diren neskei”. Hain zuzen, sare sozialen bidez ere ari dira ahalegin bat egiten federazioan, gazteak erakartzeko. Argi du: plazan badago lekua emakumeentzat. “Mutilek izan badute hainbeste urtean, neskek ere bai”.
Harri jasotzea da, akaso, egiten ari diren aurrerapausoen adibiderik argiena. Eskoletara jo dute hainbat emakumek, ikasteko eta plazarako urratsa egiteko. Etxaberen ustez, bidea errazten dute eskolek. “Azken batean, futbolean jolastu nahi duenak badaki nora jo behar duen, baina herri kiroletan aritu nahi duenak ez dauka hain erraza, oraingoz”. Beste herri kirol batzuetan ere, talde edo eskola erreferente batzuk izateak lagundu egingo lukeela uste du.
Bi harri eskola
Bi harri eskola daude Gipuzkoan: Joseba Ostolaza harri eskola Aian eta Izeta harri eskola Zarautzen. Ostolazak 30 urte inguru egin zituen harri jasotzen. Gogoratu du urte horietan guztietan hiruzpalau emakume baino ez zirela aritzen harriarekin: Mari Jose Sardon, Miren Urkiola, Idoia Etxeberria eta Estitxu Almandoz. “Bi baino gehiago batera ez ziren izaten”.
Egun, astero bost emakume entrenatzen ditu bere eskolan. Udane alaba da horietan beteranoena: 16 urte baino ez ditu, baina umetan hasi zen, duela zortzi-bederatzi urte. “Idoia Etxeberria ere hemen ibiltzen zen, eta pixkanaka, deialdiak eginez, joan dira etortzen emakumeak”. Astean behin edo bitan elkartzen dira entrenatzeko. “Harria jasotzen erakusten diet, minik ez hartzeko eta lesiorik ez izateko”. Horri lotuta, jende askok uste duenaren kontra, harri jasotzeak oso lesio gutxi eragiten dituela nabarmendu du Joseba Ostolazak.
Hainbat txapelketatan hartzen dute parte eskolako kirolariek. Egur Sportek antolatu ohi duena izaten dute urteko lehenengoa, sasoi honetan. Udan, berriz, Gipuzkoako Txapelketa izaten da. 62,5 kiloko hiru harri erabili behar izaten dituzte: zilindroa, kuboa eta borobila. Hurrengo saltoa Euskal Herriko Txapelketa izaten da: 75 kiloko harri batekin eta 62,5 kiloko birekin aritzen dira han. “Iaz, sei neska lehiatu ziren, inoizko gehien, eta oso ondo atera zen”.
Aurten lehen aldiz egingo den txapelketa batek ere eragiten dio ilusioa Ostolazari: Uliako Harria txapelketak. Igeldoko Harria txapelketa antolatzen dute urtero Donostian, Aste Nagusiaren egitarauaren barruan, baina gizonena bakarrik izan ohi zen. “70 kiloko harri bat aurkitu nuen, txapelketa urtetan antolatu ahal izateko”. Lehengo urtean aurkeztu zuten harria bera, eta aurten izango da txapelketa.
Zailena, harri kubikoa
Jose Ramon Iruretagoiena Izeta II.a-ren eskolan ere hasi dira emakumeak. Bi zebiltzan orain arte, eta beste bat hasi berria da probatzen —mutilak, berriz, hamabost dira—. 2013an zabaldu zuen haren eskola, eta iaz arte ez zitzaion emakumerik joan: “Arrankatzea izaten da zailena, baina ikusita beren artean giro polita dagoela, uste dut emakume gehiago ere etorriko direla aurrerantzean”, esan du Izeta II.ak. Boladan dagoen crossfit-ak ere izan duela eragina uste du. “Kirolariek indar handia hartzen dute crossfit-ean, eta ikusten dute harria jaso dezaketela”.
Astean bitan egiten dituzte entrenamenduak. Azaldu du harriari tamaina hartzea ez zaiela asko kostatzen emakumeei. “Teknika erraz ikasten dute. Harri kubikoa da zailena neskentzat; bular azpian eman behar izaten zaio buelta, eta gehiago kostatzen zaie”. Urte batzuetan okerrago egon ostean, herri kirolen egoera ere ondo ikusten du gaur egun, jende gaztea ari baita animatzen. Horrez gain, uste du ikusleek ere emakumeak ondo hartzen dituztela. “Jendeak nahi ditu emakumeak herri kiroletan”.
Bat datoz Ostolaza eta Izeta: harri eskolak sortu izanak lagundu egin du harri jasotzaileen harrobia sortzen, orain jendeak badakielako nora joan kirol hori probatu nahi izanez gero; era berean, bi eskola egotea aberasgarria dela diote, “saltsa” sortzen delako elkarren artean, nork irabaziko.
Leave a Reply