Juan Luis Zabala
Atentzioa eman zidan Ramon Saizarbitoriaren Martutene eleberriaren pasarte honek: “Abaituak ibiltzeko beharra du ordea, gorputza nekatzekoa. Atseginak ditu zeharkaldiak, menditik begiztatutako herri hartara iristea, beren intimotasunean atzematen dituela iruditzen zaio lehendabiziko etxe baratzedunetara heltzen delarik, ibilitako landa, apurka, kale bihurtzen hasten den eremura”.
Hitz gutxirekin laburbiltzen du Saizarbitoriak mendian ibiltzeak ematen didan plazerik handienaren funtsa: edozein herri, auzo, baserri, borda edo mendi-txokotako intimitate printza txikiak dastatzea inor gogaitzen edo inori traba egiten ari naizela sentitu gabe, leku batera oinez iristeak zilegitasun moduko baten irudipena ematen baitio ibiltariari. Irudipen hutsa da zilegitasun hori, badakit (Jose Saramagok aspaldi idatzia da zakur etxe-zaintzaileek oinezkoei egiten dietela zaunka, eta ez autoei, eta zakur etxe-zaintzaileek bezala pentsatzen dute kasurik gehienetan haien jabeek). Berdin dio. Leku arrotz batera iristean, autoz joanda baino askoz ere bertakoago sentituko zara oinez sartu baldin bazara; eta hobeto asentatuko zaizu leku horretan aurkitzen duzun lehen ostatuan jan eta edandakoa.
Paisaia ederrak baino gehiago hunkitu nau beti, mendira joan naizenean, jendea bere egunerokotasunean ikusteak, kaletik bertatik hasi eta, azken espaloiaren ondoren, lehendabiziko etxe baratzedunen eta kale-baserrien paretik igarota, ibilitako kalea, apurka, landa bihurtzen den eremutik gora, gailurretako gurutze eta buzoietaraino, bidean goragoko baserri bakanduak, auzo txikiak, baseliza ezkutuak, iturri apalak eta ardiz, behiz edo zaldiz zipriztindutako belazeak ederretsita. Batzuetan jendea ikusten duzu, Saizarbitoriak aipatzen duen egunerokotasun intimo horretan; beste batzuetan, jendeak utzitako askotariko arrasto txikiak, xumeak, espanturik gabekoak, ibiltari batek utzitako oinatzak bezain gizatiarrak.
Auñamenditik haraindiko Pirinioetako edo urrutiagoko goi-mendiek ez duten zerbait dute geure inguruko mendiek, urrutiko mendialde handi horietan ez baita ia jenderik ikusten, eta ikusten den apurra ez baitago egunerokotasunean, hartatik ihesean baino (aterpetxeetako langileak salbu, jakina). Izadiaren ikuspegitik begiratuta naturalagoak izanagatik ere, mendi handi horiek geure etxeetatik gertu ditugun mendi txikiak baino artifizialagoak dira gizatasunaren ikuspegitik begiratuz gero. Gipuzkoa eta Bizkaia oparoak ditugu horrelako mendi txikietan, Fermin Etxegoienek, Totelak nobelan, “elkar ikusten ez duten kolko autoesplikatibo postindustrialak” aipatuz, gogoratzen duen moduan.
Giza ahotsik gabeko musika instrumentalaren antzekoak dira Pirinioetako eta urrutiagoko goi-mendiak eta mendialdeak (Alpeak, Andeak, Himalaia…), beren edertasunaren muina giza arrasto sendo eta agerikorik ezean oinarritzen duten parajeak. Ederrak dira, musika instrumentala bezala. Baina, musikak ahots batek urratzen duenean bezala, bestelako gertutasun ukigarri eta hunkigarri bat dauka mendiak gizakiaren egunerokotasunaren ikuskizun biluzia txikitasunaren lotsarik gabe erakusten dizunean.
Leave a Reply