Maria Ortega Zubiate
Karlisten eta liberalen bake akordioa sinatu zuen besarkadaren agertoki izan zen Bergara; baita “zuek, utopikook, lortuko duzue Euskadin askatasuna”, hitz horiek ahoskatu zituenaren jaioterri ere: Telesforo Monzonena. Oso handia ez bada ere —ez da heltzen 15.000 biztanlera—, Debagoieneko herri horrek historiaz beterik ditu kaleak: “Alkateen mugimendua, ilustrazioa eta beste egon dira herrian. Bergaran buelta bat eman besterik ez dago herriak historian izan duen garrantziaz jabetzeko”, esan du Ainhoa Lete Bergarako alkateordeak. Herria ardazten duen historia herritarren esku jarri dute orain: informazio hori guztia “kalera” atera dute, udaleko artxiboa herritar guztientzako eskuragai jarrita.
Memoria gordetzea helburu, herrietako artxiboak urte luzez izan dira gertatutakoaz galdetuta erantzun zehatzenak jasotzeko tresna. “Ondarea gordetzeak garrantzia du”, Letek azpimarratu duenez. Baina ondarea gordez gero hautsa hartu eta horitu egiten dela jakitun, hori aireratzeak are garrantzi handiagoa duela uste dute Bergaran. “Ondare hori eskuragarri jartzearen garrantzia ere azpimarratu nahiko genuke; hori jasotzea soilik ez, herritarren esku jartzea oso inportantea baita”. Pentsamendu horren harira eman du udalak pausoa: herriko historia kontatzen duten 50.000 artxibo baino gehiago —besteak beste, 36.000 argazki eta 23.000 dokumentu— eskuragarri jarri dituzte, herritarrek kontsultatu eta jaitsi ditzaten —argazkiak Creative Commons 4.0 lizentziapean daude, jabetza aitortuaz libre erabiltzeko moduan—.
Letek esan duenez, lehen ere, berez, artxiboa publikoa zen: “Hainbat taldek eta eragilek erabili izan dute, indibidualki zein modu profesionalean. Herrira begirako artxibo bat izan da orain arte”. Orain, ordea, hori “demokratizatzeko” pausoa eman dute, erabilera erraztuz, eta, hortaz, irisgarriago bilakatuz. Bi urte luze daramatzan proiektu baten parte da artxiboa herrira zabaltzearena; izan ere, duela bi urte ekin zioten webgunea berritzeko proiektuari, eta bada beste horrenbeste denbora herriko lehen argazki zaharrak inprimatu eta tamaina handian erakusgarri jarri zituztenetik. Orain, argazki guztiak jarri dituzte ikusgai, eta jendearen parte hartzea eskatu dute, herria ere proiektuaren parte izan dadin.
Pertsonak identifikatzen
“Helburua da soslai ezberdinetako jendeari begirako proiektu bat sortzea; hori egiten saiatu gara webgunearen bitartez”, azaldu du Letek. Artxiboa zabaldu eta erabilgarri egiteak jendearen interesa nabarmen piztu duela azaldu du Bergarako alkateordeak, “kuxkuxean ibiltzeko” aukera ematen baitu webguneak, eta herriko argazki zaharrak berreskuratzekoa; gainera, lizentzia librean egoteak argazkiak herrian bolo-bolo zabaltzen lagundu du. Hori “oso ondo” dagoela iritzi dio Letek, eta ondo ikusi du jendearen interesa piztu izana. Hain zuzen, jendearen parte hartzea bultzatzeko lehen neurrietako bat izan da argazki horietan agertzen diren pertsonak eta kokapenak identifikatzen laguntzea: “36.000 argazki ditugu digitalizatuta, eta hor agertzen diren herritarrak eta kokalekuak identifikatzeko orduan herritarrek eman diezaguketen laguntza sustatzea da parte hartzeko moduetako bat”.
Hala ere, Letek azpimarratu du artxiboak ez dituela argazkiak soilik plazaratu, dokumentuak ere badaudela; eta, interesik handiena argazkiek piztu duten arren, argazkiez gain artxiboan “dezenteko ondarea” dagoela gaineratu du Bergarako alkateordeak. 20.000 dokumentu baino gehiago daude, eta informazioa oparoa da. Baina horietako asko ezin dira irakurri, eta horretarako ere laguntza eskatu diete herritarrei. “Badago Iturriak.eus izeneko tresna bat, eskuizkribuak transkribatzeko egindakoa; tresna horren bitartez eskuizkribuak transkribatzen dakien jendeak hartzen du parte proiektuan, eta, horri esker, norbanakook horiek erabiltzeko aukera izango dugu”, dio Letek.
Belaunaldi gazteenengana heltzeak “berebiziko garrantzia” duela jakitun, unitate didaktikoak ere garatu dituzte, hezkuntza arloan lantzeko. Ehungintzari buruzkoa da lehenengoa. “Bergarak garrantzi handia izan zuen ehungintzan, eta sektorean emakumeek jokatutako rolaren inguruko unitate didaktiko bat sortu dugu Berdintasun Sailaren eta artxiboaren artean, elkarlanean”. Errege Mintegiaren ingurukoa da bigarrena.
Herri asko bakar batean
XIX. mendetik gaur egunera arteko herriaren historiaren kontakizuna jaso du artxiboak. Bergarako gertakari handiek bat egiten dute izenik gabeko kuadrillen argazkiekin; baserri eta larre ezezagunek, jai entzutetsu eta famatuekin. Guztiak dira herriaren historiaren parte. “Artxiboko argazki asko momentu historikoetakoak dira, baina beste batzuek eguneroko bizitza islatzen dute”, esan du Letek.
Dena den, badaude atentzioa emateko moduko zenbait argazki eta izkribu, Bergarako edo inguruetako herrietako argazkiak izan beharrean, urruneko lurraldeak erakusten dituztenak. Horietako gehienak Paris ingurukoak dira, Louvreko argazkiak edo jende aberatsaren etxeetakoak. Horiei buruz galdetuta, Letek erantzun du “herriak nazioartean izandako sonari lotuta” dagoela: “Errege Mintegiarekin lotura zuzena dute. Unibertsitate moduan funtzionatzen zuen mintegi horrek, eta garai batean Europan sona handikoa zen. Europa guztitik etortzen ziren ikasleak; Paristik, bereziki”. Frantziako hiriburutik jende ugari etortzen zen herrira, eta baita herritik hara joan ere. Parisekin izandako kultur trukeak lorratza laga du herrian; hori dio alkateordeak, eta bestelako zantzurik ere badago handik jasotako influentziaz. “Gaur egun ere, Laboratorium museoan erakusgai dauden instrumentu asko Paristik ekarritakoak dira”.
Argazki horiek atzerrira joandako herritarrek atera eta gero udalari emandakoak dira, Bergaran horretarako ohitura handia baitago, Leteren hitzetan: “Bergaran badago ondarearen ikuspuntutik garrantzitsuak diren ondasunak udalari eskaintzeko joera bat, gerora zaindu, gorde, eta herriari eskainiko diolakoan”. Herriaren historia herriari itzuli, eta, era berean, mundura zabaldu; biak egin ditu artxiboak. Eta hori guztia, klik bakar batean.
Leave a Reply