Maria Ortega Zubiate
Gipuzkoako zenbait baso eta lur jabe elkartu egin dira salatzeko baldintzak betetzen badituzte ere ez dituztela jaso Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzak. Aldundiak laguntzetara bideratutako dirua gutxitu izana jo dute arrazoitzat: 4,8 milioi eurotik 3,1 milioi eurora jaitsi du kopurua, %35. Salaketa jarri dutenetako bat da Patxi Arriola (Elgoibar, 1964).
Hirurogei lur jabe inguru bildu zarete, eta salatu duzue diru laguntzarik ez duzuela jaso. Zer gertatu da?
Diru laguntzak gure inbertsioaren %50 inguru izaten dira. Lur jabeok txosten bat aurkeztu behar izaten dugu laguntza horiek jasotzeko baldintzak betetzen ditugula ziurtatzeko. Guk hori egin genuen iazko ekainean, baina azaroan heldu zitzaigun eskutitz bana esanez ez genuela dirurik jasoko, puntuazio sistema baten arabera ez genuela ezer jaso behar. Kanpoan geratu garenok dirua jaso ahal izateko, 160.000 euro gehiago beharko lituzke aldundiak; hori huskeria da harentzat.
Harremanik izan duzue aldundiarekin?
Bere garaian egin genuen saiakera bat hau konpontzeko. Iazko abenduan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Saileko zuzendari Arantxa Ariztimuñorekin bildu ginen. Esan zigun ez dagoela dirurik eta gaizki ohituta gaudela. Lekuz kanpoko erantzuna iruditu zitzaigun. Esperantza guztiz joan ginen, eta frustrazio handiz irten ginen handik. Horregatik ausartu gara hau plazaratzera, jendeak zera jakin dezan: aldundiak bazter utzi gaituela basoak egoki kudeatu ditugunak.
Zer egoeratan zaudete baso jabeak?
Dena pare-parean tokatu zaigu: pinuaren xingola marroiaren gaixotasuna ere izan dugu oraintxe. Gaixotasuna zuten pinu guztiak bota ditugu, gero baso hori guztia garbitu dugu, hesiak jarri ditugu… Inbertsio handiak egin ditugu. Gainera, basoen egoera okertuz doa Gipuzkoan: urtero mila hektarea geratzen dira landatu gabe, eta uste dugu hori sekulako eremua dela Gipuzkoa bezalako lurralde txiki baterako.
Diru laguntzarik ezean, Gipuzkoako basogintzan ondorio larriak izan daitezkeela diozue. Zeintzuk?
Hori da. Eukaliptoa dago hor, adibidez. Ez du diru laguntzarik, baina nik pagoak edo haritzak sartzen baditut, eta horiengatik ere ez badut diru laguntzarik jasotzen, maila berean jartzen dira biak. Ziurgabetasun horrek dakar errazenera jotzea: eukaliptoari hamabost bat urtean etekina ateratzen diozu, baina nik landatutako espezieek askoz denbora gehiago behar dute etekina lortzeko: guk ez dugu ikusiko. Horrela, ezer ziurrik gabe, ezin daiteke bizi. Esate baterako, nik iaz hamahiru hektarea landatu nituen, baina horietatik guztiak ez dira ondo ateratzen, noski; orain tokatuko litzaidake kaltetuta geratu den eremu horretatik landarea kentzea eta beste bat jartzea. Baina ni ez noa hori egitera aurten, dena delako dirua eta ez delako batere errentagarria.
Egia da norbanakoen irabaziez ari garela, norbanakoon basoak dira. Baina sortzen dugun onura ez da jabearentzat bakarrik, hori uste dugu; gaur egun, argi dago klima aldaketa gertatzen ari dela, eta gure lanak badu eragina airearen eta uraren kalitatean. Mendiak garbi izatea eta txukun kudeatzea denontzako onura da, ez bakarrik jabearentzako onura.
Egoera honek nola eragingo die etorkizuneko Gipuzkoako basoei?
Guk espero dugu hau ez izatea horrela aurrerantzean; bestela, akabo. Sasiak eta utzikeriak hartzen dituen mendian, sute bat izanez gero, sekulako arriskua sortzen da; eukaliptoa sutearen laguntzailea da, baita sasia ere. Suteren bat egonez gero, eskuak burura eramango ditugu, baina horri aurretik egin behar zioten aurre.
Diru laguntzen banaketan atzerapauso bat emateko eskatu diozue aldundiari. Beste zer eskatu diozue?
Lehenengo, esan bezala, diru laguntza horiek guri ere banatzea eskatu diogu: guk ere badugu horretarako eskubidea. Bigarren eskaera da diru laguntza hori guztiengana heltzea, eta, horretarako, dirua banatzeko duten puntuazio sistema aldatzea. Eta, azkenik, basoan lanean ari garenok dugun egoerari aurre egiteko adina baliabide ez badu, Eusko Jaurlaritzari laguntza eskatzeko exijitzen diogu aldundiari.
Puntuazio sistema aipatu duzu. Irregulartasunen bat sumatu duzue diru laguntzak banatzeko orduan?
Bai. Irizpideak ez dira ondo aplikatu; zenbait atal hartzen dituzte kontuan laguntzak banatzeko orduan, eta, alderatuz gero dirua jaso duten zenbaiten egoera eta jaso ez dugunona, baldintzak berberak dira. Aurrerantzean aldundiak kontuan hartu gaitzala nahi dugu; ezin dute nahi dutena egin. Orain garai funtsezkoa da Gipuzkoan egoerari buelta emateko, aldundiak benetan lagundu dezan eta politika serioa egin dezan; oraintxe ari dira hainbat eta hainbat hektarea botatzen gaixotasunaren kontuagatik.
Hemendik aurrera, zer egingo duzue?
Abokatu bulego batekin jarri gara harremanetan, eta haiek argi ikusi dute bi lerro irekitzeko aukera dagoela: bata litzateke juridikoki nahiko zalantzagarria dela egindako banaketa hori, eta bestea, lehen esan bezala, puntuazio sistema ez dela zuzen aplikatu, eta ez dela zuzena. Bi helduleku horiek baditugu, eta, orain, aztertu behar dugu bi horietatik tira egin edo ez. Zoritxarrez, uste dugu hau ez dela izango ibilbide luze baten lehen pausoa baino.
Leave a Reply