Inklusioa bultzatzeko herriz herriko ibilera

Inklusioa bultzatzeko herriz herriko ibilera

Onintza Lete Arrieta

Duela 50 urte, familia batzuek guztia eman zuten Aspace elkartea sortzeko, eta proiektua bera eta haren garapena ederki azaltzen duen erakusketa ibiltaria prestatu dute orain elkarteak eta Orona fundazioak, 50 urte inklusioa bermatzen izenburupean. Gipuzkoan garun paralisia duten 492 pertsona eta haien familiak biltzen ditu Aspacek.

Kide horietako bat da Rosa Iglesias; urteak daramatza Aspacen, horietako hamar idazkari lanetan. “36 urteko alaba Enarak garun paralisia du, eta horregatik sartu nintzen elkartean. Gure bizitzaren parte da orain”, azaldu du. Duela 50 urte, garun paralisia zuten ume batzuen gurasoek beharra sentitu zuten beren seme-alabak eskolaratzeko eta eguneroko beharrei erantzuteko gune batzuk sortzeko. “Haien lanari esker, gaur egun familia askok dugu halako zerbitzu bat jasotzeko zortea; ia-ia konponduta eman digute dena. Eta ia-ia esaten dut, oraindik jarraitu beharra dagoelako gauzak hobetzen”. 50 urte hauetan elkartea “asko-asko” garatu dela dio.

24 panel erakusketan

Aspacek lau adar ditu: erabiltzaileak, familiak, profesionalak eta boluntarioak. “Denen artean eraikitzen da gure seme-alaben eguneroko bizitza. Gure umeek hezkuntza etapa oso aberatsa dute gaur egun, eta helduarora iristen direnean ere hazten jarrai dezakete”. Osasun aldetik gizarte sektore “ahula” izan arren, ezin direla alderdi horretara mugatu nabarmendu du: “Bizitza bizi behar dute”.

Erakusketak hori guztia islatzen duela uste du Iglesiasek, eta horregatik “garrantzitsua” dela 24 panelen bitartez jaso dutena. “Hemeroteka lana egin dugu, oraingook goza dezagun, eta gerokoek hor izan dezaten, elkartearen historia biltzeko modua izan baita”.

Erakusketak aurreko astean hasi zuen bidea, Hernanin, Orona fundazioaren egoitzan, eta, ekainera bitartean, Donostia, Irun, Bergara, Beasain, Eskoriatza, Arrasate eta Urretxu bisitatuko ditu. Amaiera, berriz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan izango du, baina oraindik zehaztu gabe dago noiz. “Erakusketa oso polita osatu dugu, oso grafikoa, eta ikusteko oso atsegina”, laburbildu du Aspaceko idazkariak. Elkartearen etapak eta mugarriak jaso dituzte paneletan, eta lekukotzen alderdi “oso polita” ere badauka tartean. Erabiltzaileen, familien eta profesional eta boluntarioen hitzak jaso dituzte.

Elkarteak Gipuzkoan duen egoitza bakoitzari buruzko panel monografikoak ere txertatu dituzte erakusketan. “Egoitza bakoitzak bere berezitasunak ditu, eta bakoitzak garrantzia eman dio nahi izan duen alderdiari”. Gizartea asko aldatu den arren, oro har oraindik ezjakintasun handia sumatzen dute garun paralisia duten herritarren inguruan. “Pertsonak dira, beste edozein bezalakoak, eta inauteriak ospatu nahi dituzte, gizartean eragin nahi dute, bozkatu egin nahi dute, eta azken bi agintaldietan badute horretarako eskubidea… Horregatik, nahiko genuke herritarrak gerturatzea erakusketa ibiltarira. Herri askotan izango gara, eta aukera badago”.

“Hazten jarraitzea” da Aspace elkartearen helburua, eta Iglesiasek uste du epe laburrean aldaketak egongo direla haren gidaritzan. “Gure seme-alabek kalitatezko zerbitzua dute, baina oraindik badago zer hobetua; familiok asko egin dezakegu eta egin behar genuke denona den elkarte honen alde”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.