Tabuak apurtu, ahalduntzeko

Tabuak apurtu, ahalduntzeko

Maria Ortega Zubiate

Tabu: jatorri sozial eta morala duen debekua edo gaitzespena”. Horrela jasotzen du Harluxet Hiztegi Entziklopedikoak tabu hitzaren esanahia. Hain zuzen ere, hitz horixe darabilte Gipuzkoako zenbait herritako kide, teknikari eta zinegotzi feministak hilekoari buruz hitz egitean: tabua, estigma. Agerian ez, ezkutuan tratatu beharreko kontua. Hori puskatu nahi zuen Lezoko emakume taldeak, eta bururatu zitzaien era ahalik eta figuratiboenean egin zuten, herriko plazan jarri eta menstruaziorako kopak banatuta. “Hilekoaren estigma puskatu nahi genuen. Azken batean, herriko plazan menstruaziorako kopak banatzea irudi apurtzailea da; jende askori atentzioa eman zion. Barrera apurtu nahi genuen”, dio Maialen Pikabea taldeko kideak.

Ideia ez zen berria, aurretik Astigarragako Udalak ere egin baitzuen hori; hortik hartu zuten ideia Lezon. Horiek biak ez dira bakarrak izan, ordea: otsailean bertan Elgoibarren ere egin dute ekinbide hori. Herri bakoitzak bere planteamendua egin du, bakoitzak bere helburuekin. Lezon, esaterako, sortu berria den talde feministaren hileroko egitasmo moduan aurkeztu dute; Astigarragan egindakoaren berri izan zuten, eta hori beren herrira eramatea erabaki zuten, udalaren laguntzarekin. Gainontzeko biak udalen proposamenak izan dira, eta, Berdintasun Sailaz gain, udaleko beste zenbait arlok ere hartu dute parte, Ingurumen Sailak eta Gaztelekuak, esaterako.

Egitasmoak, bere horretan, ez dakar konplikazio handirik: hilekoaren odola jasotzen duten silikonazko edukiontzi txikiak banatu dituzte. Baina ertz askotatik landu dute gaia, eta begi bistan dagoena baino oinarri zabalagoa du ekinbideak. Hasteko, agerikoena dena: espazio publikoa hartzea berez horren ezkutuan mantentzen den gai bat lantzeko. Hori da lehen pausoa, baina horrek beste zenbaiti bide egiten diela argi dute udalek.

Kontatzearen beharra

“Gizartearen erdiak nerabezarotik menopausian sartzen garen arte dugun zerbait da hilekoa, baina ez dago batere normalizatuta hilekoak behar batzuk sortzea, ezta horri buruz hitz egitea ere; emakumeok gure artean, ahizpatasunean, elkartruke hori izatea”, dio Maialen Gurrutxaga Elgoibarko Udaleko Berdintasun zinegotziak. Ezkutuan ibiltze horrek ezjakintasuna zabaltzen duela uste du, eta hori kalterako dela, normalak ez diren gauza asko normaltzat jotzen baitira: “Horren adibide da zikloan mina pasatzea normalizatuta izatea; ez da normala, eta hori azaldu behar da, jakin ahal izateko”.

Astigarragan ere gai hori hizpidera ekartzearen garrantzia aitortu dute, eta horretarako formakuntzak prestatu dituzte. “Emakumeekin gure gorputzaren, hilekoaren eta zikloaren inguruko informazioa lantzea jabekuntzarako tresna zela argi genuen. Hilekoaren aurrean ditugun baliabideak jakinarazi nahi genituen”, dio Maider Urbieta udaleko Berdintasun teknikariak.

Hori horrela, haien kasuan, kopak banatu soilik ez, formakuntzarako jardunaldiak ere landu zituzten, Ziklikoki bizitzen ikastaro zikloan. Hilekoari buruzko zenbait aspektu ezagutarazi nahi izan zizkieten parte hartzaileei:”Hilekoaren funtzionamendua eta gorputzaren aldaketak ezagutu, emakumeen izaera ziklikoa dela ikusarazi, eta hilekoaren aurrean ditugun baliabideak ezagutarazteko asmoa zuen ikastaro horrek”.

Kopen banaketa zein informazio ikastaroak 15 urtetik gorakoentzat izan ziren Astigarragan; Emakumeen Etxean egin zuten banaketa, eta han eskaini zieten zikloan izena emateko aukera. Adin horretatik beherakoentzat ere prestatu dituzte jarduerak, baina beste txanda batean egitea erabaki dute. Izan ere, adinak desberdinak dira, eta beharrak ere bai. “Gazteentzat erabaki zen aparte egitea, nerabeek eta emakume helduek esperientzia eta kezka ezberdinak dituztelako hilekoaren inguruan”, hasi du azalpena Urbietak. “Gazteekin landuko dituzte lehen hilekoa, zalantzak, estereotipoak, beldurrak… Azkenean, adin tarte horretan dauden aldaketak”. Martxoan egingo dituzte 15 urtetik beherakoentzako kopa banaketa eta formakuntza saioa, Gaztelekuan.

Hurbilekotasuna

Jendea hurbiltzea zuen helburu nagusi hiru herriek egindako egitasmoak; besterik ezean, jendearen arreta bereganatu nahi zuten, eta hilekoaz hitz egin. Eta, jendea erakartzea helburu zen heinean, argi zuten hurbilekoa izan behar zuela. Hirurek aipatu dute kopa bera banatzean oso kontuan izan zutela ekintza hori noren esku geratuko zen. Lezon, esaterako, udalak jarritako diruarekin erosi zituzten kopak, eta hasierako planean zegoen horien banaketa udalak egitea. Baina gero berriz pentsatu zuten, eta plana aldatu egin zuten: “Hasieran pentsatu genuen udaleko langileek egin zezaketela banaketa, baina oso hotza iruditzen zitzaigun, asko ez baitira herrian bizi. Gu, berriz, nahiko ezagunak gara herrian, eta iruditu zitzaigun zuzenagoa izango zela harremana banaketak egiteko orduan”, dio emakume taldeko kideak.

Berdin gertatu zen Elgoibarren ere, eta aukera aprobetxatu zuten sortu berri den Lila emakumeen etxea ezagutarazteko: “Egitasmo oso polita egin genuen; Lila emakumeen txokoa ireki berri dugu, eta bertako kideei eskatu genien kopa horiek banatzeko. Horrela, kopa hartzeaz gain, Lilatik pasatu zen jendea, eta espazioa ezagutzen ez zutenek horretarako aukera izan zuten”, azaldu du Gurrutxagak.

Hurbiltasun horrek bere ordaina izan duela dirudi, hiru herriek aipatu baitute beren arrakasta. Aurreikusita zuten epearen aurretik bete ziren eskaerak hiru herrietan, eta, Elgoibarko datuen faltan, bostehun kopa baino gehiago banatu dituzte beste bi herrietan.

Lezoko kasuan, inguruko herrietako jendea ere joan zen banaketa gunera, kuriositateak eta hedabideetan irakurritakoak atentzioa emanda. “Berez, emakume lezoarrentzat pentsatu genuen banaketa, kopak udalak jarritako diruarekin erosi baikenituen. Baina Oarso Bidasoko Hitza-n agertu zenez, beste herri batzuetatik ere etorri zen jendea. Nortasun agiria eskatu genuen azkenean, jakiteko bertaratutakoak ea herrian erroldatuta zeuden edo ez”, adierazi du Pikabeak.

Zergatik kopa?

Ahalduntzearen eta jabekuntzaren prozesuan hilekoaren inguruan hitz egitearen garrantzia azpimarratu dute hiru herrietako prozesuetan aritu direnek, informazioa izate hutsa iraultzaile bilaka daitekeen premisatik abiatuta. Baina hortik menstruaziorako kopak banatzera badago aldea. Beraz, zergatik kopa eta ez beste edozein produktu? Bada, bi lerrotatik jo dute udalek eta talde feministek kopa lehenesteko: pobrezia menstrualaren eta ekologismoaren bidetik. Bi arlo bereizi badira ere, hiru proposamenek landu dituzte bi lerroak, batetik edo bestetik hasita izanda ere.

Elgoibarko kasua da agerikoena. Pobrezia menstrualari aurre egiteko proposamen batetik etorri zen kopen ekinbidea; hau da, hilekoari aurre egiteko erabili beharreko materialerako sarbide mugatua dutenei baliabide horiek eskaintzeko asmoa zuten. “Elkarrekin Podemos udal taldeak menstruazio pobreziaren inguruan egindako eskaera batetik sortu zen. Proposamena sartuta, gaiari bueltaka hasi ginen”, dio Gurrutxagak. Hasierako planteamendua zen leku publikoetan tanpoiak eta konpresak uztea, pobrezia horri aurre egiteko. Hori begi onez ikusi zuen udal taldeak, baina egitasmoaa harago eramatea erabaki zuten: “Behin proiektua martxan ipinita, beste buelta bat eman eta jasangarri egin nahi genuen proposamena, eta horregatik aukeratu genuen kopa”.

Beste bi herrien kasuan, lotuago joan dira ingurumena eta pobrezia; eta, Lezoren kasuan, hasiera-hasieratik zuten buruan kopa izan behar zela hori bermatuko zuen tresna. “Kopa osasungarriagoa da, ez baitu kimikorik; ekonomikoagoa da epe luzera, eta ekologikoa”, laburbildu du Pikabeak. Harekin bat etorri da Urbieta: “Guk alde ekologikoa landu dugu Astigarragan, kopak urte pila bat iraun baititzake, berrerabilgarria baita, eta, gainera, sortzen dugun zabor kopurua asko murrizten baitu”. Hori izan da Astigarragako arrazoi bat, baina herri horretan ere ez dute albo batera utzi pobrezia menstruala, eta horretan eragiteko duten gaitasuna ere izan da proiektua martxan jartzeko arrazoietako bat: “Pobrezia menstruala existitzen da, eta baliabide horiek ezagutzeak alternatiba batzuk ematen dizkigu horri aurre egiteko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.