Galduta

Juan Luis Zabala

Franz Kafkaren egunkarietako esaldi ezagun bat parafraseatuz —1914ko abuztuaren 2koa: “Alemaniak gerra deklaratu dio Errusiari. Arratsaldean igeri egitera joan naiz”—, honako hau idatz zezakeen gutariko edonork bere egunkari pertsonalean joan den otsailaren 24an: “Errusiako tropak Ukrainan sartu dira. Iluntzean, Reala Europa ligatik kanpo geratu da”.

Xenpelarren bertso ezagunen filosofiari heldu diote batzuek harrezkero: “Ez naiz ni gerraren zale / baizik bakearen alde. / Zeinek nahi duen galde, / berari tira, dale. / Bala bat sartu buruan / aspertuko da orduan”. Hau da, babes osoa eta ahal den laguntza —armen bidalketa barne— Ukrainari eta ukrainarrei, Putinek zuzendutako erasoari aurre egin diezaioten.

Gerraren aurka, gerrari… gerra. Erabateko gerran sartzea, NATOren indarrekin aurre egitea Errusiaren erasoari, ez du inork defendatu, horren ondorioak neurri guztietatik kanpokoak izan daitezkeelako, baina, aldez edo moldez, neurri batean behintzat, gerran sartu gara —edo gaituzte—, Ukrainaren alde, Errusiaren aurka.

Ez daude denak konforme horrekin hala ere. Gerra hau, berez, ez dela orain hasi ekarri dute gogora, 2014an baizik, eta ordutik hona Ukrainak berak ere bonbardatu omen ditu zibil errusiar edo errusiazaleak bere lurraldearen barruan. Zergatik, bestalde, Ukrainari eman beste batzuei ukatzen zaien laguntza? Eta zertarako bultzatu gerra, jakinda Ukrainak ezin diola Errusiari militarki aurre egin, eta ukrainarren Errusiaren aurkako gerra heroikoak jende ugariren heriotza eta oinazea eragingo duela, aldez aurretik ere ezinezkoa den garaipen baten aldeko borroka antzuan?

Egoera honetan, esanguratsua iruditu zait Gorka Erostarbek martxoaren 4ko txio honetan erakusten duen perplexidadea: “Bitxia zait kuantomenos: hainbat militar (espainiar) entzun dut esanez diplomazia, negoziazioa, deseskalada, eta Putini aterabide bat ematea dela bidea esanez; eta, kontrara, zenbait politikari ezkertiar, zein burokrata europar, armak bidaltzearen eta Errusia itotzearen alde”.

Horrela kontuak, artikulu hau idazten ari naizen unean bederen. Auskalo nola argia ikusten duenean!

Koronabirusaren askotariko alderdiei buruzkoak utzita, Ukrainako gerra bihurtu da orain eztabaidagai nagusi komunikabide ofizialetan zein sare sozialetan. Eta hartan bezain galduta, edo are galduago, sentitu ohi naiz honetan han-hemenka irakurritakoak irakurrita, zer sinistu eta zeri heldu ezin asmatuta, elkar ukatzen duten iritzi, argumentu, dokumentu eta lekukotasun itxuraz bederen fidagarrien baina elkarren artean guztiz kontraesankorren artean harrapatuta, Ruper Ordorikaren kantuko hitzak buruan ditudala hainbaten alde bateko edo besteko aldarri sutsu eta bulartsuak irakurritakoan: “Nik ere nahi nituzke halako segurtasunak eduki, baina gauzak zer diren, kontuak ez zaizkit ateratzen ongi”.

Aspaldiko esaera da gerran egia dela lehen zauritua, edo lehen hila, baina susmoa dut gaur egun gerrarik gabe ere ondo zauritua edo hila dagoela egia. Akaso gerran bizi garelako da, aspalditik, gerran ez gaudela uste dugunean ere.

Leave a Reply

Your email address will not be published.