Unai Zubeldia
Lan mundura jauzi egiten laguntzea. Horixe da Elkar-Ekin Lanean Gipuzkoako Foru Aldundiak 2016an martxan jarri zuen proiektuaren helburua. Enplegagarritasuna hobetzeko eta gizarte bazterkeriaren aurka borrokatzeko programa bat da Elkar-Ekin Lanean. Besteak beste, Goieki Goierriko Garapen Agentziarekin elkarlanean, hamar pertsona kalteberari oinarrizko formakuntza ematen eta praktikak eskaintzen ari dira aurten Goierrin. Lorategiak eta berdeguneak instalatu eta mantentzea, gai hori izan dute oinarri urtarrilaren 17tik. “Baina igeltserotza, iturgintza, margolaritza… beste hainbat gremiotako formakuntzak eskaintzen ere saiatuko gara, diru laguntzen arabera”, zehaztu du Iker Galparsoro Goiekiren zuzendariak.
Galparsorok jakinarazi du “askotariko lantaldeak” dauzkatela Goierrin. “Gizarteratzearen aldekoa da horietako bat”. Hainbat eragilek eskualdeko datu sozioekonomikoak aztertzen dituzte bi hilabetez behin, elkarlanean. “Eta, beharren arabera, hainbat proiektu abiatzen ditugu. Azterketa horietako batean ikusi genuen inguruan bagenituela lan merkatura sartzeko orduan konplexuak diren kolektibo batzuk”. Hain zuzen ere, aurten horregatik erabaki dute lorezaintzari buruzko formakuntza saio bat eskaintzea —joskintza industriari buruzko saio bat ere egin zuten duela bi urte, emakume etorkinentzat—.
Caritasen bidez
Mariano Perez espainiarra da proiektuarekin bat egin duten herritarretako bat. Caritasen bidez iritsi zitzaion aukera. “Ikastaro batzuk antolatu zituztela esan zidaten: hizkuntza eta matematika gaitasunak lantzekoa lehenengo”. Hamabost lagunek eman zuten izena hartan, Galparsorok argitu duenez, eta lorategiei eta berdeguneei buruzkoa izan zen bigarrena. 11 lagunek egin zuten ikastaroa, Zizurkilgo Fraisoro eskolan; Ataunen, Beasainen, Ordizian, Idiazabalen, Itsasondon “eta Goierriko beste hainbat herri txikitan” praktikak egiten ari dira orain bideari ekin zioten hamabost lagunetatik hamar —bi dira emakumezkoak—. Joan den astetik Ataunen ari dira Perez —hamahiru urte daramatza han— eta Victor Cuero ekuadortarra —hiru urte daramatza Lazkaon—. Perezek eta Cuerok eskerrak eman nahi izan dizkiete Fraisoron irakasle lanetan aritu direnei.
Perezek berak badauka lorategi bat etxean. “Hantxe egiten nituen orain arteko gauza bakarrak”. Espainiarra eraikuntzan lan egindakoa da urte askoan, eta emazteak Ataunen ireki zuen taberna batean aritu zen gero lanean, taberna itxi zuten arte. “Eraikuntzaren arloan aukera asko sortzen ari direla diote denek, baina nik ez dut ikusten halakorik”. Cuerok ere lorezain gisa “zer edo zer” eginda zeukan aurretik. “Laguntzaile aritutakoa naiz, baina oso gutxitan”.
Biek ala biek 07:30ean ekiten diote lanari. “Ahal dugun guztia egiten dugu: sastrakak kendu, adarrak moztu, ingurua garbitu, barruko lanak egin —pintaketa lanak, igeltserotza…—”. 14:30 arte aritzen dira lanean. Iban Urdangarin Ataungo Udaleko kanpo lanetako langileak aitortu du “oso zintzo” aritzen direla. “Guk ere ez genekien zerekin topo egingo genuen, eta oso esperientzia ona izaten ari da. Lanerako gogoz etorri dira, moldatzen direla erakusten ari dira, gustura ari dira…”. Urdangarinek azpimarratu du ez direla langile hasiberriak. “53 eta 58 urte dauzkate, eta beste motibazio eta behar batzuekin etorri dira. Ez dira etorri denbora-pasa”.
Lanerako “deseatzen”
Martxo amaierara arte Ataunen arituko dira lanean Perez eta Cuero. Baina, gero zer? “Curriculuma osatu eta ea aukeraren bat sortzen den batean ez bada bestean. Lanerako deseatzen gaude gu”. Cuero ere eraikuntzan aritu zen lanean Lazkaora iritsi aurretik, Benidormen, Herrialde Katalanetan. “Eta, 2019ko uztailetik aurrera, Lazkaoko Errotaundi okindegian aritu nintzen, sei hilabetez”. Duela bi urte, langabezia saria jaso zuen. “Lan bila nabil orain, baina ez dago erraza. Aukera honi heldu diot, eta ate asko irekiko dizkigula uste dut”.
Urdangarinek aitortu du Fraisorotik praktikak egiteko bi langile hartzekoak zirela Ataunen. “Baina ezin izan zuten azkenean, eta aukera honi heldu genion”. Urtero kanpo lanak egiteko “langileak falta” izaten dituztela gaineratu du. “Victor eta Mariano asko laguntzen ari zaizkigu”. Praktikak izaki, “askotariko lanak” ematen saiatzen dira Ataungo Udalekoak. “Haiek ere ahalik eta gauza gehien ikasteko. Autoak eta atoiak erabiltzen, esaterako”. Urdangarinek esan du eurenean “lan asko” izaten dutela uda garaian. “Ni ez naiz inor esateko gurekin geratuko diren edo ez, baina uste dut merezi dutela”. “Jarrera ona” eskatu die Galparsorok programan parte hartzen ari direnei. “Eta gure helburuen artean dago herritar horiei lan mundura sartzen laguntzeko enpresa bat sortzea”.
Leave a Reply