Patinete elektrikoak jomugan

Patinete elektrikoak jomugan

Josune Zarandona

Gipuzkoako patinete elektrikoen erabiltzaileek ahotsa altxatu dute. Beren aldarrikapenak entzun daitezen eskatu dute. Izan ere, DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzak mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen gainean egindako araudia indarrean da dagoeneko; besteak beste, patinete elektrikoena. Aitor Larrañaga urretxuarra kexu da: “DGTk patinete elektrikoak desagerrarazi nahi ditu. Patinete txikiak [1.000 wattetik beherakoak] bakarrik mantendu nahi ditu, araudi berriaren arabera”. Dagoeneko Araban eta Nafarroan egin duten bezala, Gipuzkoan ere patinete elektrikoen erabiltzaileen elkarte bat sortzeko lehenbiziko pausoak ematen ari dira Larrañaga bera eta Andoni Goiri zumarragarra. Uste dute elkarte gisa egituratuta indar handiagoa egiteko moduan egongo direla.

Azken urteotan nabarmena izan da patinete elektrikoen gorakada. Dagoeneko ez da arraroa mota horretako ibilgailuak ikustea, ez hiri handienetan, ezta herri txikiagoetan ere. Hori horrela, DGTk ibilgailu horien erabilera arautu berri du. Jada indarrean dagoen araudi berriaren arabera, patinete elektrikoek ezingo dute gainditu orduko 25 kilometroko abiadura, kaskoa derrigorrezkoa da, eta debekatuta daukate espaloitik, autobideetatik eta herri barruko tuneletatik zirkulatzea, besteak beste. 2024tik aurrera, gainera, mugikortasun pertsonaleko ibilgailu guztiek zirkulazio agiri bat izan beharko dute, eta, horren arabera, 1.000 watt baino gehiagoko potentzia duten patinete elektrikoak legez kanpokoak izango dira. Data horretara arte merkaturatutako patineteek zirkulazio librea izango dute, nahiz eta ziurtagiririk ez izan, 2027ko urtarrilaren 22ra arte.

Patineteak sailkatzen

1.000 watt baino gutxiagoko patinete elektrikoak debekatzeak “gaur egun dauden patinete elektriko gehienak zakarrontzira bota behar izatea” esan nahi du, Larrañagaren ustez. Urretxuarrak adierazi du patinete elektrikoak “etorkizuneko ibilgailuak” direla, eta, horregatik, ez dator bat arau berriko zenbait gauzarekin: “1.000 watt baino gehiagoko patinete batek hirurogei kilometroko autonomia dauka, herri barrenean ibiltzeko aproposa da, ez du leku askorik behar… Potentzia handiko patineteak seguruagoak dira: gurpil handiagoak dituzte, esekidura hobeak dituzte, altuagoak dira…”. Gaineratu du ez dutela kutsatzen eta jasangarriak direla.

“Mehatxuaren” aurrean, Euskal Herriko patinete elektrikoen erabiltzaileek manifestazioa egin zuten otsailaren 27an, Gasteizen. “DGTk araudia egokitzea nahi dugu, beste zenbait gauzaren artean dagoeneko etxean ditugun patineteak 2027tik aurrera ere erabiltzen jarraitu ahal izateko”, zehaztu du Goirik.

Aldarrikapen nagusiez gain, egun merkatuan dauden patineteen artean sailkapen edo mailaketa bat egin du Larrañagak: “Batetik, bostehun watt baino gutxiagokoak daude, eta, bestetik, 3.000 bat watterainokoak”. Biak bat datoz: potentzia handieneko patineteen kasuan zenbait muga jarri behar dira. “Orduko 45 kilometroko abiadura zehaztea handienetan, eta 25 kilometrokoa jartzea, txikienetan, adibidez”. Segurua edo kaskoa derrigortzearekin ere ados daude. “Garrantzitsua da ulertzea patinetea ez dela jostailu bat eta horren gaineko kontzientzia hartzea. Patinete batekin errepidera ateratzean, autoak daudela ulertu behar dute erabiltzaileek”, adierazi du Larrañagak.

Azkenaldian patinete elektrikoen aldekoek eta kontrakoek argi hitz egin dute gaiaren inguruan, eta Goirik uste du eztabaida hori ez dela harritzekoa, “jende askok patinetea ez baitu behar bezala erabiltzen”. Larrañagak gehitu duenez, arazoa ez da patinetea bera: “Patinetearen erabilera txarra da arazoa. Herrian askotan ikusten ditugu arau hausteak, patinete asko ibiltzen dira espaloian, kaskorik gabe gehienak, segururik gabe…”.

Erabiltzaileak saretu nahian

Larrañagak zehaztu duenez, beren aldarrikapenak zabaltzeaz gain, “erabilera egokiak bultzatzea” ere bada elkartea sortu nahi izatearen beste arrazoietako bat. Goirik esan du behin elkartea sortuta topaketak egitea dela haien asmoa. “Erabiltzaileen artean kontzientziazio kanpainak bultzatu nahi ditugu, arauak zeintzuk diren gogorarazteko: errepidetik ibili beharra daukagula, kaskoa derrigorrezkoa dela… Azken batean, erabilera txarrak guri egiten digulako kalte”.

Gipuzkoako erabiltzaileak saretzea da orain bi sustatzaileen lehenbiziko lana. Jakinarazi dute sare sozialak —Telegram eta Instagram— erabiliko dituztela horretarako, VMP aurrera! Gipuzkoa izenarekin. Baita vmpgipuzkoa@gmail.com helbide elektronikoa ere.

Leave a Reply

Your email address will not be published.