M. Garate
Bi helburu nagusi izaten ditu Korrikak: batetik, euskarari hauspoa ematea; eta, bestetik, AEKren euskaltegiak finantzatzen laguntzea. Horrekin lotuta, Korrikak ikasleen “motibazio emozionala” sustatzen duela esan du Luix Intxauspe (Hernani, 1972) Gipuzkoako koordinatzaileak. Era berean, ezinbestekotzat jo du diru aldetik egiten duen ekarpena ere, Euskal Herri osoko euskaltegien beharrak ase behar dituelako AEK-k.
Korrika badator. Zer-nolako giroa sumatzen duzue?
Azaroan aurkeztu genuen Korrika, Donostiako San Telmo museoan, eta, ordutik, oso giro ona igartzen dugu. Gure artean komentatzen dugu aurten bereziki nabaritzen dugula gogo hori, neurri batean festarako beharra ere badagoelako. Eta jendea lanerako eta antolaketarako gogotsu dagoenean, eta egiten duzunak harrera ona duenean, dena da errazagoa.
COVID-19aren pandemiak hainbesteko geldialdia ekarri ostean, ez zaizue gehiago kostatu batzordeak antolatzea edo lanerako boluntarioak aurkitzea?
Ez, herri eta auzo askotan martxan daude batzordeak, eta jende dezente ari da lanean. Korrika Kulturala ere martxan dago, eta han eta hemen ekitaldiak antolatzen ari dira, formatu handi, txiki eta ertainekoak, eta pozik gaude jasotzen ari garen erantzunarekin.
Aurreko astean Iruñean egindako aurkezpen sozialean, gogoratu zenuten Korrikaren bi helburu nagusiak bete gabe daudela oraindik: euskarari hauspoa ematea eta AEKren eguneroko jarduna diruz laguntzea. Zer-nolakoa da egoera?
Gu erakunde nazional bat gara, eta Eusko Jaurlaritzaren finantzaketa ez da aski Euskal Herri osoko beharrei erantzuteko. Ezinbestekoa da Korrikak berekin dakarren ekarpen ekonomikoa. Alde horretatik ere pozik gaude, kilometroen salmentan ere antzematen delako lehen aipatutako gogo hori. Aurreko aldietan kilometro bat erosi zuten enpresek eta erakundeek berriro erosi dute, eta familiek, kuadrillek eta abarrek ere bai.
Iaz zen egitekoa Korrika. Urtebete atzeratu behar izateak nola eragin dio ekonomikoki AEKri?
Aurrekontuak egiten ditugunean, Korrikaren diru sarrera ere kontuan hartzen dugu. Iazko aurrekontua ere hala eginda geneukan, baina, azkenean, Korrika atzeratu egin behar izan zenez, doikuntza batzuk egin behar izan genituen.
AEK-k zenbat ikasle ditu Gipuzkoan?
2.700 ikasle inguru ditugu. %5eko igoera izan da iaztik. Inportantea da jendea euskarara hurbiltzea, izan euskara ikastera edo izan euskara hobetzera, eta matrikulazioen igoera horrek erakusten digu badagoela behar bat oraindik, eta euskaltegien rola garrantzitsua dela. Guri dagokigunez, euskaltegien sareko euskaltegirik hedatuena gara, eta Gipuzkoan ere presentzia handia dugu. Gainera, euskaltegirik ez dugun herri batzuetan ere ematen dugu zerbitzua; adibidez, euskaltegia Andoainen egon arren, Tolosaldeko herri txiki askotan ematen ditugu eskolak.
Asko aldatu dira ikasleen ezaugarriak azken urteotan?
Duela urte batzuekin konparatuta, orain gehiago dira administrazioak eta erakundeek eskatzen dituzten tituluak nahi dituztenak, baina oraindik badira euskara hobetzera, euskara praktikatzera eta euskararekin gozatzera etortzen diren ikasleak. Ikasleen tipologiaz gain, modulazioa ere aldatu da: garai batean, astelehenetik ostiralera izaten ziren eskolak euskaltegian, eta, gaur egun, astean bitan-edo izatea eskatzen dute gehiago ikasleek. Euskaltegien erronka da baita ere gure eskaintza egungo bizimoduaren beharretara egokitzea: maila bera eskaintzea goizez eta arratsaldez txandaka lan egiten dutenentzat, autoikaskuntza, online ikastaroak…
Korrikak zertan laguntzen die ikasleei?
Badu sentsibilizazio eta motibazio eragin bat. Euskararen inguruan egiten diren egitasmoen artean politenetakoa da, jende asko erakartzen du, ilusioa eragiten du, eta, Korrika gure herritik eta auzotik pasatzen denean, poz batekin geratzen gara. Emozioekin lotutako sentimenduak pizten ditu, eta horrek eragina du ikasleengan. Motibazio instrumentalaren aldean —adibidez, titulu bat lortzea—, emozionalak beste euskarri bat eman dio ikasleari, eta Korrikak motibazio emozional eta atxikimendu hori lortzen laguntzen du, zalantzarik gabe.
Leave a Reply