Josu Artutxa Dorronsoro
Joan den abenduko euriteek eragindako uholdeek ondorio ugari utzi zituzten Gipuzkoako zenbait gunetan. Tolosan, esaterako, Nafar zubiaren ondoan dagoen presa puzgarrian izan zen ezbeharrik handiena; bertako sistema mekanikoa matxuratu egin zen. Udalak herritarrei jakinarazi berri dienez, presa puzgarri hori ezingo dute konpondu udara baino lehen. Presaren goma ondo badago ere, berriro bere ohiko jarduerari ekin diezaion jarri beharreko piezak Alemaniatik ekarri behar dituzte, eta, hornidura arazoak tarteko, gaur-gaurkoz ez dago ordezko piezarik gertuago.
Udalaren buruhauste bakarra, ordea, ez da pieza horiek ezingo dituztela abuztura arte ipini. Oria ibaiak ohiko emaria galdu du, eta inoiz baino ur gutxiago du. Ibaiertzeko harriak bistan geratu ziren matxuraren ondoren, eta hala egongo dira ezbeharra konpondu arte. Erabiltzaileek diotenez, egoera horrelakoa izanik, “ezinezkoa” da ibaian kirol edo aisialdiko ekintzak praktikatzea.
Tolosako Arraun Kluba (TAK) da kaltetuetako bat. Egoera “ikaragarri zaila” dela adierazi du Sabino Alijostesek, klubeko lehendakariak. Oraingoz, Trintxerpera joaten dira entrenatzera, Pasaiara, astean hiru egunetan. “Azpiegitura aldetik, zailtasun handiak sortu dizkigu egoerak, eta ekonomikoki ere galera handiak dakartza. Baldintza hauetan ezinezkoa da arraunlariei emaitzarik onenak eskatzea”, nabarmendu du.
“Erreta eta oso nekatuta”
Gaur egun, eskualdeko laurogei gaztetxo inguru ari dira arraunean Tolosako klubean. “Haur bakoitzak, eskolaz kanpoko jardueren arabera, bere egutegia eta ordutegia finkatuta ditu, eta, beraz, oso zaila da orain entrenamenduetan guztiek bat egitea; astean behin edo bitan joaten dira batzuk”. Entrenamenduak Tolosan izango balira “ondo” antolatuko liratekeela uste du Alijostesek, “bertan egongo liratekeelako, eta ez luketelako denborarik galduko kostaldera joan-etorrian”.
Autobusez egiten dituzte Trintxerperako joan-etorriak. “Batzuetan, 30 haur baino gutxiago joaten dira; beste batzuetan, ia hirurogei. Gero, batelak eta arraunak deskargatzen dituzte han, eta, entrenamendua amaitutakoan, berriro kargatzen dute dena. Klubeko ordezkari nahiz arraunlari asko erreta eta oso nekatuta daude”, aitortu du Alijostesek.
Kezkatuta dago TAKeko lehendakaria, eta aitortu du “zalantza handiak” izan zituztela hasieran. “Pandemiagatik, gorabehera handiko bi denboraldi igaro genituen. Orain, beste bat gal genezake, ezer egin gabe. Ondorioz, belaunaldi hutsune handia izango litzateke”. Hori dela eta, “nola edo hala”, baina aurrera egitea erabaki zuten. “Klubak aurrera egin dezan, lan handia egiten dute, arraunlariekiko, euren familiekiko eta babesleekiko errespetuagatik”.
Denboraldi honetan, klubeko arraunlariak ezingo dira ibaian entrenatu, baina, Tolosako Udalak baieztatu duenez, matxura konponduta egongo da 2022-2023ko sasoirako, eta Oria ibaiak ohiko ur emaria berreskuratuko du. Era berean, udalak klubari jakinarazi dio joan-etorrien gastuekin laguntzeko konpromisoa hartu duela. “Ziur naiz erakundeek ahal dutena egiten dutela gu laguntzeko, baina laguntza hori ere txikia da guretzat”, esan du Alijostesek.
Zumardia da ibaiarekin harreman handia duen Tolosako beste elkarteetako bat. Udaberrian sartu berritan, nabarmena izaten da hori, Aste Santua igaro ondoren hasten baitira eskualdeko haurrak eta gaztetxoak elkarteak antolatutako piragua ikastaroetan parte hartzen. “Eskola kirola programaren barruan sartuta daude guk eskaintzen ditugun saioak. Eta udako kanpainarako antolatzen ditugun ekintzen artean ere piragua saioak izaten dira arrakastatsuenak”, azaldu du Patricia Urretabizkaia elkarteko koordinatzaileak. “Ia 1.800 haurrek eta gaztetxok hartzen dute parte gure ekintzetan, eta horietatik 1.200 ibiltzen dira piraguan. Pena handia da ezaugarri txiki batengatik hau guztia blokeatu behar izatea”, gaineratu du.
Presaren matxuraren inguruan “ezjakintasun handia” dagoela azpimarratu du Urretabizkaiak. “Batzuek diote maiatzerako konponduko dutela, baina ezin dugu benetan jakin”. Hori dela eta, datozen hilabeteetarako egitaraua moldatzen ari dira elkartean: “Etengabe ari gara aukera berriak hizpidera ekartzen. Aste Santuan argituko da dena”.
Leave a Reply