Iñigo Gaiton
Itsasoa bare-bare dago, eta Zarauzko Abendaño industrialdean duen tailerrean ari da lanean Iñigo Idigoras Palotes surflari eta oholgile zarauztarra. Hark azaldu duenez, “beste zarauztar asko bezala, hondartzatik metro gutxira hazi zelako” hasi zen bera ere surfean. Ondo moldatzen zela ikusita, txapelketetan ere ibili zen 20 urte bete arte, baina ez zuen lehiarako anbiziorik. “Txapelketak aitzakia polita ziren hondartzako lagunekin batera eta bestera ibiltzeko eta tokiak ezagutzeko; hori zen nire motibazioa orduan”, ekarri du gogora.
Lehiaketak utzi arren, surfari emana bizi da oraindik ere, eta urte luzez euskal kostaldeko olaturik handienetan ezaguna izan da oso: “Tamalez, negu honetan, ez naiz nahi bezainbeste ibili olatu handietan”. Onartu du itsasaldi erraldoiei dagokienez aurtengo denboraldia ez dela izan beste batzuk bezain oparoa. “Baina egon dira olatu onak”. Egun horietan, “inbidia” pasatzea tokatu zaio aurten: “Iaz min hartu nuen orkatilan, eta oraindik ez diot buelta eman lesioari. Pare bat aldiz ibili naiz Izustarrin [Getaria], baina konfiantza gutxirekin”.
Aitortu du “amorratzen” dagoela errekuperatzeko eta lehen bezala ibiltzeko. “Izustarri ikaragarri maite dut: horixe da gehien gustatzen zaidan olatua. Zailtasun handia du, olatua hausten den modua oso aldakorra delako, baina ezaugarri guztiek bat egiten dutenean, ez du parekorik niretzat”. Inguru horretan “aspaldi” hasi zen surfean. “Eta erabat kateatuta nauka. Minagatik uretara sartu ezinik egon naizenetan ere ordu pila bat egin ditut lagunei begira, goizetik iluntzera arte”. Izustarri olatuak ondo hausten duen bakoitzean “han egon beharra” sentitzen duela aitortu du. “Lehorretik begira bada ere”.
“Izugarri tutu ederra”
Bada momentu berezi bat Palotesek Izustarrirekin duen harremanean: 2019ko otsailaren 9an, ohol berri batekin estreinako aldiz sartu zen uretara, eta iritsi zitzaion aurreneko olatua hartu zuen. Hego haizeak orraztutako hiruzpalau metroko olatutzarra zen. “Perfektua izan zen olatua. Abiada bizian jaitsi nuen, eta oso azkar sartu nintzen olatuaren barru-barruan. Barrutik ikusita, borobil-borobila zen olatua, izugarri ederra, eta, zorionez, tututik ondo ateratzen eta bukaeraraino iristen laga zidan”, kontatu du.
Olatutik ateratakoan, “Jaungoikoari edo auskalo zeri” eskerrak eman zizkion Palotesek. “Ezin dut hitzez azaldu bizipen hura. Gu baino handiagoa den indar bati eskerrak emateko beharra sentitu nuen”, esan du, hunkituta. Surflariaren hitzetan, zorteak rol garrantzitsua jokatzen du halako olatu bat hartzean, “baina hori ere ez da nahikoa”.
Itsasoak ezkutatzen dituen sekretuen atzetik, “etengabeko bilaketan” bizi dira surflari asko, eta itsas parteek baldintzatzen dute haien bizimodua. Olatu onen atzetik, hark ere askotan bidaiatu izan du “munduko hainbat txokotara”: Mexikora, Indonesiara, Marokora, Irlandara, Hegoafrikara… 2008tik bere kabuz ari da lanean, surf oholak egiten eta konpontzen, eta azaldu du ordutegi malguari esker “lanorduak itsasaldien arabera antolatzeko aukera” duela.
Laster, hamabost urte beteko ditu haren Ilussions Surfboards markak. “Gogo eta arreta handiarekin jardun dut lanean, eta ikusten dut garapen bat egon dela nire tauletan. Dena den, azpimarratu nahi dut sekretu gutxi dagoela surf ohol baten atzean”. Zarauztarraren hitzetan, “pixka bat ibilita”, edonork egin dezake funtzionala den ohol bat, “uretan flotatzeko eta olatuak hartzeko behintzat balioko duena”.
Lan kontuetan, konforme litzateke datozen urteetan orain arte bezala jarraituko balu: “Marka gisa ez dut hazi nahi. Produkzio tamaina honek aukera ematen dit ohol bakoitzari merezi duen arreta jartzeko eta kalitatea mantentzeko”. Gaineratu du ez duela amets handirik: “Herriko oholgile xume bat bezala ikusten dut neure burua, eguneroko lana ondo egiten saiatzen den langile bat bezala”.
Surfean, berriz, ez zaio falta ametsik. “Tahitiko Tehaupoo olatu ezagunean tutu on bat egin nahiko nuke, zaharregia izan aurretik”, esan du, barrez. 42 urte ditu, eta pozarren dio surfak, oraindik, “garatzeko aukera” ematen diola: “Adinarekin litekeena da indarra eta abilezia galtzea, baina oraindik hobetu ditzaket surfean aritzeko estiloa eta olatua irakurtzeko eta trazatzeko modua”. Urteek aurrera egin arren, etxetik kilometro gutxira duen Izustarri olatuan “ahalik eta ondoen surf egitea” du motibazio nagusia.
Leave a Reply