Juan Luis Zabala
Hamabost urte bete berriak nituela uste dut, 1978ko udazkena izan behar zuen, oker ez banaiz. Agiñeta auzora joan ginen —gaur egun Zumarragakoa da, orduan Azkoitikoa—, osaba baten hiletara, ama, beste osaba bat eta hirurok, osaba horren autoan. Aita etxean geratu zen, gaixo, hilabete batzuk geroago hilko zuen minbiziak harrapatua eta ezindua baitzuen ordurako.
Orduko ohiturei jarraituz, osaba zendu berriaren baserrira joan ginen lehenik, eta gero auzoko elizako hiletara, gorpuaren ondoan denok une oro, hots, hots, bizion oinok.
Oso tristea izan zen dena. Helduleku eta bizipoz gutxikoak iruditu zitzaizkidan hala baserria nola auzoa, eta bailara osoa oro har. Bereziki gogoan dut itzulerako bidean, autoaren barruan Urola ibaiaren ertzeko errepidean behera, Agiñetatik Azkoitiraino Aizpurutxotik barrena, tristura lauso batek hartu ninduela bailara itxi hartako mazela malkartsuak zipriztintzen zituzten baserri sakabanatu eta bakartuetako sukalde-leiho txikietako argi apalei begira. Nekez ahaztekoa da bailarako baserri baten izena: Ondamendi.
Egun hartan inguruaz izan nuen iritziaren iluntasunean izango zuen eraginik hileta batera joana izateak, baita aitaren gaixotasunari buruzko pentsamenduek ere. Baina egunaren inguruabarrak alde batera utzita, antzeko irudipena izan nuen aurrerago ere, urte askoan, Azkoititik Urretxu eta Zumarragaraino sigi-sagan igotzen den bailara sakon horri buruz, handik pasatzen nintzen bakoitzean.
Aurrerago aldatu egin nuen ikuspegia. Batetik, lehen ezagutzen ez nuen bailarako hainbat jenderen eta konturen berri izan nuen; bestetik, bailarako baserrietako bizimodua, beste bailaretakoa bezala, aldatu egin zen, modernizatu, ireki, argitu, hobetu alderdi askotatik, beste alderdi batzuetan galerak izan arren aldaketarekin irabazian atera zela esateko moduan, eta aldaketa onuragarri horiek errepide nagusietatik eta herrietatik urrunen zeuden baserririk bakartienetara ere iritsi ziren pixkanaka.
Baina, garai batean izan zenarekin alderatuz gero gune irekiagoa eta argiagoa izanagatik ere, gure inguruetako baserriak —Gipuzkoaz ari naiz, baina pentsatzen dut eremu zabalagoa ere hartzen duela “gure inguru” izendatu dudan horrek— ez dio lanerako eta bizitzeko leku gogorra izateari utzi: jaiegun eta opor gutxiko —kasu batzuetan batere gabeko— bizimodu lotua, lanarekiko morrontza ezinbestekoa eta, azak ondu eta izurrak izurtzeko, agintarien eta askotariko enpresa handien maltzurkeriaren, kudeaketa okerraren edo, gutxienez, utzikeriaren biktima, hainbat lekukotasun mingarrik aditzera ematen dutenez, Miren Garatek gaur zortziko Gipuzkoako Hitza-n argitaratu zuen Gainezka egiteko azken tanta, gertu erreportajean jasotakoek, adibidez.
Idazleek laudatua (“Hura zen gizona hura!” Txomin Agirrek Garoa nobelan, “nekazari gizandi bat irudi” Lizardik, Oi lur! poeman”…), antropologo burutsuek eta arbasozale bihoztunek sutsuki goraldua, sindikatuek defenditua, GJH Garapen Jasangarrirako Helburuei buruzko ezin konta ahala txostenek etorkizun global hobe baterako motibo askorengatik babestu beharrezkotzat joa… muturreko logika ekonomizista itsuen alper-harri egoskorraren azpian itotzen utziko ote dugu baserria?
Leave a Reply