Errebal, baserria herrigunera ekartzeko

Errebal, baserria herrigunera ekartzeko

Maria Ortega Zubiate

Luze itxaron behar izan dute, baina, azkenean, Eibarko baserritarrek badute aterpe berria: Errebal Plazia merkatua. Azken hamalau urteak Rialtoko azokan igaro eta gero, joan den ostiralean eman zioten ongietorria merkatu berriari, eta bertako baserritarrak omentzeko ere baliatu zuten aukera. Eibartarrek, orain, egunero izango dute aukera baserriko produktuak erosteko. Baina ez da salerosketa hutsa izango. “Jasangarritasuna eta hurbiltasuna oso kontuan izango ditugu”, esan du Ana Telleria Eibarko Udaleko Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza arloko zinegotziak.

Eibarren erdigunean bertan ireki dute eraikin berria. Herritarrek bertako merkatuaren aldeko apustua egiteko eskatu zioten udalari, eta, Telleriak azaldu duenez, behar hori aintzat hartu dute eurek. “Errebalen merkatu bat behar genuela, hori izan zen herritarrekin egindako parte hartze prozesuaren emaitza nagusia eta nahi hori errespetatu dugu guk”. Telleriak azpimarratu du elikadura denda eta supermerkatu asko daudela Eibarren. “Baina merkatu berriko postuek beste kutsu bat izan dezaten nahi dugu, kanpoko postuetatik desberdintzeko, bai jendea erakartzeko, zein lehiakorrak izanda luze iraun ahal izateko”.

Postuak esleitu zain

Azoka berriak hemezortzi baserritarrentzako toki nagusi bat dauka, eta beste sei postu ere egongo dira inguruan; kafetegi bat ere badago merkatu berrian. Postuak esleipen prozesuan daude oraindik, eta kafetegia ere irekitzeke dago, baina “Aste Santu bueltarako” ateak irekitzea espero du udalak. Postuak esleitzeko “gehixeago” itxaron beharko dute baserritarrek: “Datozen hilabeteetan postu guztiak betetzea espero dugu”, esan du Telleriak.

Merkatu soila baino gehiago da Errebal. Aparkaleku bat ere prestatu du udalak bertan, ehun autorentzat tokia daukana, eta plaza estali bat ere badu ondoan. Azken horren garrantzia azpimarratu du zinegotziak: “Eszenatokia eta harmailak daude plazan, eta udalak zein herriko elkarteek kultur arloko eta aisialdiko jarduerak antolatuko dituzte bertan”. Telleriak argi dauka, baliabide berri horiei guztiei esker, Errebaleko proiektua aurrekoa baino “hobea eta osoagoa” dela: “Rialton ez zegoen halako baliabiderik, eta ez dago zalantzarik kokalekuaren eta erosotasunaren aldetik asko irabazi dugula Errebal Plazia gune berriarekin.

EIBARKO MERKATUA

Argi utzi nahi izan du Rialtokoa “behin-behineko merkataritza gunea” zela. “Esleipena indarrean zeukaten postuentzat eta baserritarrentzat Errebal Plazia zabaldu arteko irtenbidea zen Rialtokoa, eta, beraz, gune berria zabalduta ez dauka zentzurik bi guneak zabalik mantentzeak”. Baserritarrak 2007tik orain arte egon dira merkatu zaharrean, ia hamabost urtez luzatu baitira Errebaleko gune berria egiteko obrak. “Merkatariek, baserritarrek eta udalak, denok nahi izango genukeen baino bide luzeagoa egin behar izan dugu Errebal Plazia eraikina eta merkatua bera zabaltzeko”, aitortu du zinegotziak.

“Arrazoi ugariren eraginez” luzatu da hainbeste prozesua. “Urteotan guztiotan denetik bizitzea eta gainditzea tokatu zaigu: krisialdiak eta hainbat parte hartze prozesu luze, tartean [herritarrekin, eraikinaren diseinua bera erabakitzeko arkitektoekin…]”, azaldu du Telleriak. Proiektua gauzatu behar zuen enpresarekin ere kontratua eten zuen udalak prozesuaren erdian, udalaren hitzetan obrako kontratuan zehaztuta zeuden hainbat puntu ez betetzeagatik, eta, ondorioz, lizitazio prozesua errepikatu behar izan zuten gero. “Oztopo guztien gainetik”, ordea, “merkatua aurrera ateratzeko nahia” izan du udalak, eta iritsi da eguna: “Sekula ez dugu etsi eta Errebal Plazia martxan da bere erabilera guztiekin, bai kultur arlokoak, bai merkatuarekin lotutakoak”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.