Ikaztegieta.
Haurrak izan ohi dira kalean euskara gehien erabiltzen dutenak. Baina badaude salbuespena diren herriak: Ikaztegieta da horietako bat. Han, haurren elkarrizketen %68,2 entzun dira euskaraz, eta Gipuzkoako beste bi herritan bakarrik izan da txikiagoa kopuru hori: Mendaron eta Bergaran —horietan erabilera orokorra ere %50etik beherakoa izan da, baina Ikaztegietan, %67,9koa—.
Adur Ibarguren euskara zinegotziak azaldu duenez, aurreko neurketek ere erakusten zuten haurrak gutxiago aritzen zirela euskaraz. Kontatu du duela urte batzuk atzerriko sei edo zazpi familia joan zirela herrira bizitzera. Hala ere, ez du uste hori bakarrik denik beherakadaren eragilea. “Eskolako eta plazako umeen errealitate soziolinguistikoa aldatu egin zela ukaezina da, baina badaude egoera honen erantzule diren beste faktore batzuk ere, aztertu beharrekoak”.
Hala ere, kale neurketako emaitzetan, gazteen erabilerak harritu ditu gehien udaleko ordezkariak. 15 eta 24 urte bitartekoen artean, elkarrizketen %47,9 izan dira euskaraz. “Etxean guraso euskaldunak dituztenen artean ere sumatzen da gaztelaniaren erabilera gero eta handiagoa, eta horrek beldur pixka bat ematen digu”. Ez zuten espero hain ehuneko txikirik. “Uste dugu adin tarte horretan elkarrizketa nahiko gutxi neurtu direlako izan dela hain txikia kopurua”, esan du Ibargurenek.
Heldu gazteen (%78,3), heldu nagusien (%64,6) eta adinekoen artean (%77,3) euskara gehiago entzun dute azterketaren egileek. “Herritarrok sumatzen dugun errealitatea gertuago dago hortik”.
Leave a Reply