Hirugarren errepublikarantz?

Hirugarren errepublikarantz?

Erik Salazar

91 urte bete ziren atzo Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu zutenetik. Gipuzkoako herri bat izan zen estatuan errepublika aldarrikatu zuen lehen herria —Eibar—, eta bost urte eta erdi iraun zuen. Horren ostean, berrogei urteko diktadura ezarri zuen Francisco Franco diktadoreak, 36ko gerra irabazi bezain pronto. Diktadorearen heriotzarekin frankismoa amaitutzat eman zuten, eta gaur egun oraindik ere indarrean dago garai hartan estatuan ezarritako monarkia parlamentarioa.

Azken urteotan, Espainiako monarkian eskandalu eta ustelkeria kasu nabarmenak azaleratu dira, eta, horren ondorioz, askok ezbaian jarri dute haien irudia eta ospea. Baita Gipuzkoan bertan ere. Errepublikazaleez gain, badira “zaharkitutako sistema bat amaitzea” gero eta ozenago eskatzen dutenak. Alderdi abertzaleek, esaterako, nahiz eta euskal abertzaleak izan, ez dute gaizki ikusten errepublikak egungo monarkia ordezkatzea estatuan.

91. urteurrena gogoan, azken egunotan ekitaldi ugari egin dituzte Gipuzkoan. Atzo bertan, galdeketa sinboliko bat egin zuten hainbat udalerritan: Eibarren, Irunen, Donostian, Arrasaten eta Deban. Monarkia ala errepublika? Hori zen galdera, galdeketa lotesleak ez izan arren. Eta ohikoak diren beste hainbat ekitaldi ere egin zituzten atzo: Ermutik (Bizkaia) Eibarrera arteko martxa, Eibarko Untzaga plazako bandera errepublikazalearen igoera, Irungo karabana errepublikazalea… Udal batzuek ere bat egin zuten atzo errepublikaren aldeko aldarriekin. Horren erakusgarri, Errenterian bandera errepublikanoa zintzilikatu zuten udaletxeko balkoian, Oiartzualdeko Pikoketa elkarte errepublikazalearen eskariz udalbatzarrak hala adostu ostean.

EIBAR, ERREPUBLIKA

Errepublikaz hizketan hasita, ordea, lehen lerrora ekarri beharra dago Eibar. 1931ko apirilaren 14an, goizeko ordu txikietan zintzilikatu zuten morez, horiz eta gorriz osatutako bandera, Eibarko udaletxean, Untzaga plazan. Euskal errepublikazaleek, ordutik, sinbolotzat daukate Eibar, eta ekitaldi ugari egiten dituzte urtero.

Espainiako Bigarren Errepublika 1931. urtean aldarrikatu zuten, eta erregimen demokratiko horretan lortutako aurrerapen batzuk indarrean daude oraindik ere. Horrela uste du Jose Alvarezek, Irungo Nicolas Gerendiain errepublikazaleen elkarteko kideak. Hala ere, uste du gizartearen gaur egungo jarrera ez dela bera: “Ongizate estatu batean bizi gara, eta horretara gehiegi ohitu gara. Egokitze egoera batean gaude. Ez dugu beste helmugarik”.

“Askatasun handiagoa”

Bigarren Errepublikan emandako aurrerapausoak nabarmenak izan zirela dio Alvarezek: “Batetik, gizartearen alfabetatze prozesu handi bat bermatu zuen errepublikak. Bestetik, eskola publikoak, estatu laikoa eta kulturaren hedapena bultzatu zituen, besteak beste, sistema hark”. Alvarezek adierazi du Euskal Herriarentzat eta, kasu honetan, Gipuzkoarentzat, errepublikak “askatasun handiagoa” ekarri zuela.

Iritzi berekoa da Jesus Gonzalez Oiartzualdeko Pikoketa elkarte errepublikazaleko kidea ere. Argi dauka zein diren Espainiako Errepublika batek izan behar dituen ezaugarriak: “Askatasuna, berdintasuna, anaitasuna, justizia guztiontzat, ongizate komuna, laikotasuna eta emakumeen aurrerapausoen babesa”. Gonzalezek bat egin du Alvarezekin errepublikaren lorpenak aipatzean: “Modernitatea ekarri zuen alde guztietatik: hezkuntzan eta kulturan, esaterako. Marcelino Domingo ministroaren hezkuntza lege progresistaren bitartez, aldaketa nabarmenak egon ziren. Kulturak ere izugarrizko zabalkundea izan zuen”.

Monarkiari dagokionez, Espainiako Estatuan oraindik ere oso errotuta dagoen instituzioa dela uste dute biek, eta PSOEren jarrera salatu dute. “Alderdi sozialistako militante kopuru handia errepublikazalea da, baina alderdiak gero Espainiako Diputatuen Kongresuan PP, Vox eta Ciudadanosekin bat egiten du beti monarkiaren defentsan”, esan du Alvarezek. Gipuzkoatik Madrilera begira jarrita, “presioa egiten” jarraitu behar dela esan dute biek ala biek.

Erabakitzeko eskubidea

Estatuaren barruko estaturik gabeko nazioen egoera zailaren irtenbidea errepublika izan daitekeela uste dute biek. “Espainiako Errepublika Federal baten aldekoak gara gu”, adierazi du Alvarezek. Gonzalez harago doa: “Autodeterminazio erreferendumaren aldekoa naiz. Bere burua nola antolatu nahi duen erabakitzeko eskubidea dauka bakoitzak”. Errepublikak Euskal Herrian eta Gipuzkoan bertan izan zuen eraginaren adibidea aipatu du Gonzalezek: “Manuel Irujo EAJko militantea ministro izan zen errepublikari esker”.

Jose Ramon Garagarza Pasaiako EAJko kideak “atsegin handiz” gogoratu du errepublika garaian Manuel Irujok izan zuen presentzia. Hark azaldu du 36ko gerran errepublikaren alde borrokatu ziren batailoien artean EAJkoak zirela 28: “Gainera, EAJ izan zen errepublikaren alde borrokatu zen izaera katolikoko alderdi bakarra”. Hala ere, euskal errepublika aldarrikatu izan du beti EAJk. Pasaian, adibidez, jarrera hori defendatu du beti udal talde horrek, beste udalerrietan egin duen bezala.

Leave a Reply

Your email address will not be published.