Josune Zarandona
Maiatzaren 8ra begira ari da lanean Xabi Zurutuza 16 urteko moto gidari legazpiarra. Orduan hasiko da junior mailako Moto 3ko Munduko Txapelketa, Estorilen (Portugal). Zurutuzak Team MTA Italiako taldearekin parte hartuko du txapelketa horretan; lehenengo aldiz ariko da junior mailako Moto 3an. Denboraldi honetan bertan txapeldun izatea da haren helburu nagusia, datorren denboraldian elite mailako Moto 3an lehiatu ahal izateko, Munduko Txapelketa nagusian.
“Gogoz eta ilusio handiarekin” dago denboraldiaren atarian, eta dio “asko” entrenatzen ari dela: “Horixe da nire helburu nagusia: ondo entrenatzea, ondo entrenatuz gero emaitzak berez etortzen baitira”. Zurutuzak gaur egingo du Team MTA taldearekin denboraldiko lehenengo entrenamendu ofiziala, Valentzian (Herrialde Katalanak). Moto berria probatzeko “irrikan” dagoela esan du.
16 urte bete berritan —apirilaren 7koa da—, gaztetasunak ez dio lekurik kentzen heldutasunari. Oso garbi dauka zer nahi duen: “Moto GP mailako munduko txapeldun izatea”. Munduko piloturik onenen artean lehian ibiltzea desio du. Zurutuzak berak hala azalduta, 2 urte besterik ez zituela igo zen, lehenengo aldiz, moto baten gainera, eta ordutik ez da jaitsi. “Errege magoek oparitu zidaten nire lehenengo quad hura”, oroitu du. Zurutuzaren aita eta bi anaia zaharragoak “betidanik” ibili izan dira moto gainean, eta zaletasuna hortik datorkiola aitortu du legazpiarrak.
11 urterekin, podiumera
6 urte besterik ez zituela hasi zen lehian, eta 11 zituela lortu zuen lehendabiziko arrakasta nabarmena: DMT Team taldearekin, hirugarren postua Supermotard 65 cc mailako Espainiako Txapelketan —errepideko gurpilak dauzkaten motocrosseko motoekin lehiatzen dira—. Hurrengo urteetan, Supermotardean hainbat zilindrotako lasterketetan aritu zen, eta behin baino gehiagotan izan zen Espainiako txapeldun. Gorako bidean, 2018an eman zuen pausoa abiadura lasterketetara.
Azken hiru denboraldiak —2019, 2020 eta 2021— “bereziki garrantzitsuak” izan dira Zurutuzaren ibilbidean. “Urte politak izan dira”. Iaz, esaterako, FIM CEV Repsolen Hawkers European Talents Cup txapelketan parte hartu zuen, lehenengoz. Hasieran motora ez zela behar bezala egokitu aitortu du. “Lehendabiziko lasterketetan ez nuen lortu emaitza onik, baina gutxika-gutxika hobetuz eta helburuak lortuz joan nintzen”. Bost podium lortu zituen; tartean, bi garaipen. Horri esker fitxatu du Italiako Team MTA taldeak.
Zurutuzaren ustez, moto gidari baten ibilbidean oso garrantzitsua da “pauso egokiak ematea”, eta horretan ari da legazpiarra. “Uste dut momentu bakoitzean egin behar nuena egin dudala, gorako bidean maila bakar bat ere ahaztu gabe”. Gazteen artean familiaren babesa ere garrantzitsua dela aitortu du pilotuak, eta, bere kasuan, aita, ama, osaba eta izeba dauzka atzean, presiorik gabe lehiatzeko sostengua emanez. Gauzak uste bezala ateratzen ez direnean, “lasaitasunez kudeatzeko babesa” eskaintzen diotela gaineratu du. Josu Zurutuza aitarekin eta Miguel Aparicio osabarekin egiten ditu asteburuetako entrenamenduak.
Marc Marquez eta Stoner
Aitak zehaztu du asteburuero laurehun bat kilometro egiten dituztela “entrenatzeko zirkuitu egokien bila”. Osabak, berriz, harro hitz egin du ilobari buruz. “Oso pilotu argia da, eta oso garbi dauka zer nahi duen; lasterketa bat irabazi behar duela pentsatzen badu, hori besterik ez du izaten buruan, eta gehienetan lortu egiten du”. Bere buruari buruz ere aritu da hizketan Zurutuza: “Zirkuituan nagoenean, onena naizela sinisten dut beti. Pilotu ausarta naiz. Kirol honetan ausarta izan beharra dago, gainontzean oso zaila baita txapelketaren bat irabaztea”. Marc Marquez kataluniarra eta Casey Stoner australiarra dira haren idoloak, eta bi pilotu horiek “pilotatzeko antzeko era” dutela gaineratu du.
Xabi Zurutuza legazpiarraren ibilbidean familiaren babesa bezain garrantzitsua izaten ari da “babesleen konfiantza”. Aurten, Teknicalde eta Pixel Sistemas Elgoibarko enpresak sartu dira babesle berri bezala, baina beste asko izan ditu atzean urteotan: Aterki, Grupo Eibar, Privilege Ibiza, Bim Trazer, Fidenet, Erlo Group, Moda Imagen Tolosa, Reparaciones Samur, Gerupo Arrasate, K3 Inprenta, Zatika Motos, Patxi Larrea eta Kirolgi. Zurutuzak berak eta familiako kideek eskerrak eman nahi izan dizkiete babesle guztiei. “Babesleen laguntzagatik izan ez balitz, ez nintzatekeen egongo orain nagoen lekuan. Kirol honetan, oso ona izanagatik, dirurik gabe ezinezkoa da aurrera egitea”.
Legazpin ere badu jarraitzaile talde bat. Hogei tabernan daukate egoitza nagusia.
Leave a Reply