Miren Garate
2017an egin zuten lehen aldiz Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (Uema) udalerrietako euskararen kaleko erabileraren neurketa. Bigarren aldiz egin dute 2021ean, eta 93 udalerritako datuak jaso dituzte: Uemako 87 udalerritakoak eta Tolosaldeko beste seitakoak —Abaltzisketa, Albiztur, Asteasu, Belauntza, Berrobi eta Larraul—. Ondorio nagusietako bat da kalean entzundako elkarrizketetan solaskideen %61,1 aritu direla euskaraz. Konparazio orokorrik ezin da egin, iazko neurketan 2017koan baino hamazazpi udalerri gehiago aztertu dituztelako, baina bi ikerketetan parte hartu duten 74 udalerriak alderatuz gero, ez da alderik egon: %61,5eko erabilera izan dela ondorioztatu dute bi urteetan.
Aztertu dituzten 93 udalerrietatik 55 ziren Gipuzkoakoak, eta horietan ere emaitza orokorretan sumatutako joerak ikusi dituztela esan du Garikoitz Goikoetxea Uemako teknikariak: “Batetik, herri handiagoetan igoerak sumatu ditugu kaleko erabileran, eta horri garrantzi handia eman behar zaio, herri horiek duten pisuagatik”. Alabaina, esan du txanponaren beste aldea ere ikusi dutela: “Arnasguneetan, euskara indartsuen dagoen eremuetan, jaitsiera nabari da”.
Berariazko politiken premia
Abaltzisketa, Aduna, Errezil, Azpeitia, Segura, Baliarrain, Zestoa eta abar dira Gipuzkoan arnasguneak; hau da, euskararen ezagutza handia izateaz gain, euskararen erabilera ere handia dutenak. “Guretzat ez da ezustekoa izan arnasguneetako beherakada: udalerri horietan nabarmen aldatu da biztanleria, euskararen ezagutzak behera egin du, euskara lehen hizkuntza dutenak ere gutxiago dira… Horren guztiaren beste katebegi bat da kaleko erabilera”.
Goikoetxearen esanetan, orain dela berrogei urteko euskaldunen soslaia eta gaur egungo euskaldunena ez dira guztiz berdinak, eta beharrezko ikusten du arnasguneei buruzko ikuspegia aztertzea ere. Gogoratu du arnasguneetako herritarrak Netflixen dabiltzala, lantokiak beste leku batzuetan dituztela, ikasketak egitera kanpora joaten direla… “Ezin da pentsatu arnasguneak, besterik gabe, euskararen babesleku izango direla. Berariazko politikak behar dituzte, eta garapenerako bideak, beste eremu erdaldunago batzuen menpeko izan ez daitezen”.
Besteak beste, arnasgune diren herrietako asko txikiak izan ohi dira. Eta, horietan, biztanle aldaketa txiki batek goitik behera eragin dezake herriko egoera soziolinguistikoan. “Horregatik diogu arnasguneetan berariazko politikak landu behar direla”. Batetik, prebentzioaren ikuspegitik, euskarari modu ezkorrean eragin diezaioketen jarduerak aztertu behar direla uste du Uemako teknikariak, hala nola etxebizitza politikak; bestetik, herri horietan “bizimodu duina” izateko baldintzak jarri behar direla dio, “herri horietako biztanleria bertan egonkortu dadin”.
Azkenaldian asko aipatzen diren kontuetako bat da haurrek ez ote duten euskara gutxiago erabiltzen. Kale neurketako emaitzek ez dute halakorik erakutsi. Batez besteko datuen arabera, 2 eta 14 urte artekoen %78,1 entzun dituzte euskaraz; 15 eta 24 urte artekoen %68,4; 24 eta 39 urte artekoen %64,4; 40 eta 64 urte artekoen %50,8; eta 64 urtetik gorakoen %45,5. 2017ko datuekin konparatuz —bi urteetan behatu diren herriak bakarrik kontuan hartuta—, igoera txiki bat ikusi dute haurren erabileran, 0,6 puntukoa.
Goikoetxeak esan du Uemak biltzen dituen udalerrietan badagoela haurren euskararen erabileraren gaineko kezka. Hala ere, ohartarazi du askotan “oso kutsu negatiboarekin” hitz egiten dela umeen eta gazteen jardunari buruz, eta, zer hobetua badagoen arren, urtez urteko azterketei begira jarri da. ” Erakusten digute umeen eta gazteen erabilera dela handiena, alde handiz, eta helduek egiten dutela haiek baino gutxiago. Helduetan eragitea ezinbestekoa da, beraz”.
Euskararen ezagutza %70 baino handiagoa duten udalerriak izan daitezke Uemako kide. Badira mankomunitatean egon arren kale neurketetan euskararen erabilera nabarmen apalagoa erakutsi duten herriak: Ibarran (%43,4), Mendaron (%43,9) eta Bergaran (%47,4) elkarrizketen erdiak baino gutxiago izan dira euskaraz. “Udalerri euskaldunak ez genituzke idealizatu behar. Uemako herrietan ere alde handiak daude, baina kaleko erabileran argi ikusi dugu joera bat: euskaldunen dentsitatea areagotuz gero, oso nabarmen hazten da erabilera”. Euskaldunak %80 baino gehiago diren herrietan, salto bat ikusten dute erabileran. “Erronka hor dugu, beraz: ezagutza hedatzen jarraitu, eta erabileran eragin.
Datu gehiago laster
Uemako kide diren herri guztiek parte hartu dute azterketan —arazo batzuen ondorioz, Altzagan, Beizaman eta Orion ezin izan dute neurketarik egin—. Alabaina, herri batzuetan Soziolinguistika Klusterrak egin du azterketa, udalerri horietako udalek azterketa berezia eskatu dutelako: Anoetan, Antzuolan, Azpeitian, Deban, Oiartzunen, Oñatin, Usurbilen, Villabona-Amasan, Zarautzen eta Zumaian. Horietako datuak kontuan hartu dituzte Uemako herrietako kale erabileraren txosteneko kalkuluak egiteko, baina datu xeheak ez dituzte plazaratu oraindik. Maiatzean edo ekainean jakinaraziko dituzte.
Hain zuzen ere, Hizkuntzen Erabileraren Euskal Herriko VIII. Kale Neurketa 2021eko udazkenean egin zuen klusterrak. Hala, Uemakoak ez diren Gipuzkoako beste herri ugaritako datuak ere ezagutaraziko ditu laster.
Leave a Reply