Miren Garate
Astelehenetik atzo arte, aste honetan lau greba egun egin dituzte Donostiako Etxetek zerbitzuko langileek. Beste hiru ere badituzte deituta, datorren asteazken, ostegun eta ostiralerako. Amaia Pintado ELAko arduradunaren esanetan (Hernani, 1980), langileek negoziatzeko “izugarrizko borondatea” erakutsi dute, baina zerbitzua kudeatzen duen Aita Menni enpresak orain arte egindako proposamenak “onartezinak” dira. Nabarmendu du enpresa egoera ekonomiko onean dagoela.
Lan gatazka batean murgilduta dago Etxetek enpresa. Zer zerbitzu ematen du?
Gipuzkoako Foru Aldundiaren zerbitzu bat da Etxetek, eta elbarritasunen bat edo mendekotasunen bat duten pertsonei laguntza produktuak edo laguntza teknikoa eskaintzen dizkie, gizarte zerbitzuen bidez. Zerbitzua lehiaketara ateratzen du aldundiak, eta 2016ko ekainetik Aita Mennik kudeatzen du. Alde batetik, laguntza produktuen biltegi bat du Donostiako Igara auzoan, eta, bestetik, erakustoki bat, Antiguan, eskaera egin aurretik jendeak laguntza produktuak ikusteko aukera izan dezan.
Nola gauzatzen du zerbitzua?
Demagun norbaitek anputatuta dituela hankak, eta garabi bat behar duela ohetik aulkira pasatzeko. Gizarte zerbitzuetan eskaera egin, eta Etxetek zerbitzutik terapeuta okupazional edo orientatzaile bat joaten da haren etxera. Pertsona horrek behar duen laguntza produktuaren preskripzio moduko bat egiten du langileak; adibidez, gehienez zenbateko zabalera izan behar duen garabi horrek, zein ezaugarri… Jarraibide horiek zerbitzu teknikora bideratzen ditu, eta biltegiko langileek pertsona horren beharretara egokitzen den produktua aurkitzen dute, prest jartzen dute, eta eskaera egin duenaren etxera joaten dira produktua entregatzera eta nola erabili azaltzera.
Zein da zerbitzuaren helburua?
Helburua da pertsona horiek etxean egoteko aukera izatea nahi duten bitartean, eta haien autonomia sustatzea. Askotariko produktuak ditu Etxetekek: itsuentzako lupak, dutxarako aulkiak, garabiak, oheak… Egokitzapenak egiteko aukera ere ematen du; adibidez, atarian eskailerak izanez gero, horiek igotzeko eta jaisteko gailuak ditu. Eta obrak egiteko diru laguntzak ere tramitatzen ditu; esaterako, komuneko bainuontzian ezin bazara sartu, dutxa jartzeko. Izugarrizko eskaera pila tramitatzen ditu, oso zerbitzu ona da, eta erabiltzaileak ere oso pozik egoten dira.
Zer motako lanpostuak daude enpresan?
Administratzaileak dira batzuk, eta horien zereginak dira gizarte zerbitzuetatik etortzen diren eskaerak inprimatzea, kudeatzea, laguntza eskatu duenari deitu eta hitzorduak adostea… Terapeuta okupazionalak, berriz, etxeetara joaten dira, eta laguntza produktuaren preskripzioa edo orientazioa egiten dute. Horrez gain, zerbitzu teknikoko langileak daude, eta horiek produktuak entregatu, jaso, garbitu, mantendu… egiten dituzte. Hamahiru langile ditu, baina ordezkapenak egiten ari diren langileak ere badaude uneotan, eta handiagoa da lantaldea.
Zergatik erabaki dute grebara jotzea?
Zerbitzuko edo enpresako lan hitzarmena lortu nahi dutelako. Langileei Espainiako lan hitzarmen bat aplikatzen zaie, ingeniarien eta azterketa teknikoko bulegoen hitzarmena. Madrilen negoziatzen da, eginda dator, eta Etxetekeko langileen nahia da benetan beren errealitatea jasotzen duen hitzarmen bat egitea.
Betidanik izan dute Espainiako lan hitzarmena? Zer ondorio ditu itun hori aplikatzeak?
2013ko lan erreformak ahalbidetu zuen Espainiako lan hitzarmena aplikatzea. 2016tik gaur egunera arte, hitzarmen horrek bi igoera bakarrik izan ditu: 2019an, %1,5ekoa; eta 2020an, %1,5ekoa, eta horrek erosahalmenean izugarrizko galera ekarri die langileei. Hau da, 2016tik 2021era KPI %11,2 igo da, eta langileei %3 bakarrik igo zaie soldata; beraz, 4.000 eta 7.000 euro artean galdu dituzte langileek. Iruditzen zaigu beharrezkoa dela zentroko hitzarmena egitea. Langileek ematen duten zerbitzuak balio handia du; pandemia garaian ere ez ziren geratu, etxez etxe jarraitu zuten, eta enpresak dirua irabazten jarraitu zuen. Iruditzen zaigu langileei eskerrak emateko garaia dela.
Nola joan dira negoziazioak orain arte?
Enpresaren jarrera ez da batere ona izan prozesu honetan. Behin plataforma entregatuta, bilerak eskatu genizkion, eta mezu elektronikoak erantzun ere ez zizkiguten egin. Lan Harremanetarako Kontseilura jo, eta horrela egin behar izan genuen deialdia. Hasieran etorri zitzaizkigun esanez ez zela momentua hitzarmen bat egiteko, pleguak ateratzear baitaude. Baina zerbait baldin badakigu da momentua zerbitzua eman aurretik dela, zeren bestela esango dute ez dutela negoziatzeko tarterik. Ikusita enpresaren jarrera zein zen, greba deialdia egin genuen, eta hurrengo bileretan egin dituzten proposamenak ez dira onargarriak langileentzat. Banakako akordioak lortzen ere saiatu dira.
Aita Mennik kudeatzen du Etxetek zerbitzua. Enpresa horretako beste zerbitzu batzuetan ere lan gatazkak daude aspalditik. Loturaren bat badu zuen egoerak eta haienak?
Zerbitzu ezberdinak dira, baina enpresa bera da, eta, batik bat, jarrera. Gure aldetik, enpresako hitzarmena lortu arte aurrera egingo dugu. Langileek negoziatzeko izugarrizko borondatea erakutsi dute, eta hasierako plataforman ere mugimendu asko egin dituzte, akordioa lortzeko. Ez gaude blokeatuta proposamen batean, baina erosahalmenean izan dugun galerarekin, beharrezko ikusten dugu soldata igoera bat. Gainera, enpresa oso ondo doa, fakturazio aldetik-eta egoera onean dago.
Zer moduz joan dira lehen greba egunak?
Oso balorazio oso egiten dugu, biltegia itxita dago, eta bidalketarik eta itzultzerik ez da egin aste honetan. Enpresaren berririk ez dugu.
Leave a Reply