Juan Luis Zabala
Aurrerapen teknologikoei esker, denbora gutxiagoan, ahalegin fisiko gutxiagoz eta arrisku gutxiago hartuz egin daitezke, gaur egun, duela hamarkada batzuk askoz ere luze, nekagarri eta arriskutsuagoak ziren lanak.
Baina horrek ez digu gaur egungo langileoi, oro har, atsedenerako edo gustuko zereginetarako denbora gehiago ekarri, ezta lasaitasun ekonomiko handiagorik ere kasu askotan. Aurrerapen teknologikoen onurak ez dira ongizate unibertsalera bideratu, merkatuaren legearen mendera baizik, eta langileen eta langabeen baldintzek, hobekuntza nabarmenik ez izateaz gain, okerrerako bidea ere hartu dute hainbat alderditatik begiratuz gero.
Ez zait iruditzen hobeto biziko ginatekeenik aurrerapen teknologikorik gabe, gure bizi-itxaropena luzatzen eta bizi-kalitatea hobetzen laguntzen digutelako, albo-kalte larririk gabe ez bada ere. Baina teknologiaren askoz ere aprobetxamendu hobea egin genezake gizartea, eta mundua, beste era batera antolatzen asmatzerik izango bagenu, hori gertatzea zaila badirudi ere.
Aurrerapen teknologikoen eragin negatiboak aipatzean, sarritan esan ohi da betiko atzenarazi dizkigutela lehen erabiltzen genituen metodo, teknika eta sistema ugari. Eta gure ahalmen kognitiboei ere latz eragiten ari omen zaizkie —gehienetan kalterako— informazioa jasotzeko, geureganatzeko, zabaltzeko eta gogoratzeko ohiko bihurtu zaizkigun molde berriak. “Nire oroimena agortuta dago”, irakurri berri diot Philippe Claudelen Plasir d’offrir ipuin artegagarriko kontalariari. “Bost ordenagailu erosi ditut, disko gogorren edukiera infinitua dutenak. Zertarako gogoratu. Makinak daude horretarako”.
Etxe aurretik mendiko ermita batera —Gipuzkoako herrietako mendialdeko ermita eder horietako bat— igotzea maite zuen aspaldiko gaztetxo bat ekarri dit gogora pasarte horrek. Ez zeukan bizikletari kilometro-kontagailua jartzea amesterik ere —txirrindulari profesionalek ere ez zerabilten artean—, baina bazekien, liburu batean irakurrita, bizikletako plater txikiena (42koa) eta pinoi handiena (25ekoa) erabiliz gero 3,58 metro egiten zuela aurrera pedalkada bakoitzeko. Pedalkadak banan-banan kontatu eta biderketa egitea besterik ez zuen behar izan etxetik ermitaraino 2.750 metro zeudela jakiteko, eta bide ertzeko baserri eta iturri bakoitzari zegokion puntu kilometriko zehatza esleitzeko.
Aspaldi utzi zion gaztetxoak gaztetxo izateari. Bizikletan ibiltzea maite du oraindik ere, ahal duenean, baina orain kilometro-kontagailu sofistikatua du eskulekuan, pedalkadak kontatu beharrik gabe une oro zenbat kilometro eta hektometro egiten ari den adierazten diona, beste datu batzuekin batera: uneko abiadura, batez bestekoa, altuera, desnibel metatua… Eta taupadak, eta potentzia… Zer ez?
Horretaz gogoratuta, galdera hau egin dio bere buruari gaztetxo ohiak orain duen kilometro-kontagailuari begiratu eta gero: “Nola neurtuko ote dituzte kilometroak gaur egungo gaztetxoek nire adinera iristerakoan, gaurko kilometro-kontagailurik modernoenak museoko pieza baino ez direnean?”.
Pedalei eraginez uxatu du galderak sentiarazi dion ezinegona.
Leave a Reply