Miren Garate
1910ean jaio zen Jexux Izagirre, Gabiriako Igeribar Errota baserrian. Amaiur batailoiko sarjentua izan zen, eta Muxika, Larrabetzu eta Zornotzaren arteko Bizkargi mendian (Bizkaia) hil zuten 1937ko maiatzaren 15ean,beste bost gabiriarrekin batera. Igandean geratuko dira haren hezurrak senideen esku, eta omenaldi bat ere egingo diote Gabirian. “Hezurrak bueltatzea bada, sinbolikoki behintzat, zauriak ixteko modu bat”, esan du Arantzazu Baztarrika haren senideak (Gabiria, 1990).
Bizkaiko Bizkargi mendian hil zuten Jexux Izagirre, zure aitonaren anaia. Zer entzun izan duzue etxean hari buruz?
Gauza askorik ez. Dakiguna da gure aitona Anjel eta haren anaia Juanito ere Amaiur batailoiko kideak izan zirela, Jexuxekin batera. Juanitok ikusi egin zuen anaia nola hil zuten. Horrez gain, arreba Mariak panteoi batean sartu ote zuen aipatzen zen familian, baina pixka bat fabula moduan-edo, ezer zehatzik ez. Arreba hori Venezuelara joan zen 1950eko hamarkada inguruan, eta ez zen gehiago itzuli.
Nola jakin zenuten Bizkaian, Derioko hilerrian, zeudela Jexux Izagirreren hezurrak?
Gu lasai geunden gai honekin, Iñigo Santxo etorri zitzaigun arte. Amaginarrebaren anaiari [Joxe Apaolaza, Amaiur batailoiko kidea] zer gertatu zitzaion ikertzen ari zen hura. Amaginarreba umea zela joan zen gerrara anaia, eta ez zen itzuli. Santxok jakin zuen Bizkargin hil zutela, eta harekin batera Gabiriako beste bost ere hil zituztela; tartean, Jexux. Hasi zen begiratzen, eta ikusi zuen hobi komun batean sartu zituztela; hobi hori hustu egin zuten, eta hezur guztiak galdu egin ziren. Jexux, ordea, atera egin zuten hobi hartatik 1946an. Derioko hilerrian sartu zutela zegoen erregistratuta, Aspiuntza familiaren panteoi batean, eta handik atera zutenik ez zen ageri dokumentuetan. Hori aurkitu zuela esanez etorri zitzaigun Santxo.
Zein izan ziren zuen hurrengo urratsak?
Gogora institutura jo genuen, eta eskaera bat egin genuen, esanez dokumentazio hori aurkitu genuela eta nahi genuela hezurkiak handik ateratzea eta ikustea Jexuxenak ziren. Ezetz esan ziguten, iruditzen zitzaielako nahiko identifikatuta zegoela. Derioko hilerrikoekin harremanetan jartzeko esan ziguten Gogora institutukoek, eta ehorztetxe baten bidez-edo ekartzeko hezurrak nahi bagenuen. Hobi komunetatik ateratako hezurrak izanda, gure ustez idatzi bat ez zen nahikoa hezurrak harenak direla frogatzeko.
Zer egin zenuten orduan?
Gabiriako Udalaren eta Santxo abokatuaren laguntzarekin, salaketa bat jarri genuen, bide penaletik. Esan genuen Jexux hil egin zutela, hilketa biolentoa izan zela, eta horren inguruko ikerketa nahi genuela. Atzera bota zuten eskaera, eta, orduan, Eusko Jaurlaritzara jo genuen zuzenean. Aspiuntza familiako gaur egungo kideekin jarri ginen harremanetan, haien baimenak eta abar lortu genituen, eta, azkenean, Gogora-koek esan zuten ados zeudela hezurrak ateratzearekin eta DNA probak egitearekin. Aranzadikoak joan ziren hezurrak hilobitik ateratzera.
Duela gutxi baieztatu dizuete hezurrak Izagirrerenak direla.
Emaitzen txostena duela bi aste jaso genuen, eta Gogora-tik martxo amaieran deitu ziguten baieztatzeko. Jada Gabiriako udaletxean daude hezurrak, eta igandean ekitalditxo bat egingo dugu; udalak senideen esku utziko ditu hezurrak.
Badakizue zer dela-eta sartu zuten Aspiuntza familiaren panteoian? Bazenuten familia horren berri?
Mariak, Jexuxen arrebak, emakume bizkor eta parrandazalearen fama zuen. Bere garaian EAJren mitinetara joaten omen zen lagun talde batekin, eta gure teoria da familia horren laguna egin zela, eta horregatik erabaki zuela anaiaren hezurrak panteoi horretan sartzea. Gure amak ere kontatzen du umetan entzun izan zuela Aspiuntza familiakoak bazkaltzera-edo etorritakoak zirela errotara. Eta Aspiuntza familiakoek ere noizbait norbait etorri izana-edo gogoan zuten, baina Jexux haien senideekin lurperatuta zegoenik ez.
Anai-arrebaren bat bizi al da oraindik?
Aspaldi hil zen Maria arreba, eta pena da orain haren bertsioa entzuteko aukerarik ez izatea. Gainerakoak ere hilda daude, eta ilobak ere, zahartzen hasita. Horregatik, eskaeretan ere jarri genuen DNA probak lehenbailehen egitea nahi genuela.
Hezurrak Gabiriara itzultzea zergatik zen garrantzitsua zuentzat?
Gerrara Gabiriako mutil asko joan ziren; batzuk itzuli ziren, besteak ez. Bizkargin ere sei hil zituzten, eta ikustea hezurrak buelta daitezkeela bada sinbolikoki behintzat zauriak ixteko modu bat. Berak etxera bueltatu nahi zuen, eta, handik 85 urtera bada ere, tokatzen zitzaion lekura bueltatuko da.
Igandean geratuko dira hezurkiak zuen esku. Zer egiteko asmoa duzue?
Uzten badigute, asmoa da jaio zen etxera ekartzea, behintzat jaio eta hazi zen lurretara. Harrituta gaude guztiarekin, eta pozik ere bai, baina lan luzea izan da: Gogora-ri eskaera egin genionetik lau urte pasatu dira.
Leave a Reply