Berdintasuna oinarri hartuta

Berdintasuna oinarri hartuta

Mireia Galarza Bastida

Gizartean zegoen hutsune bat betetzeko asmoarekin”, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa duela hamar urte baino gehiago hasi zen Euskal Pilota Egokituko Txapelketa antolatzen. Mikel Merino federazioko teknikariaren hitzetan, kirol horretan interesa duten hainbat lagun daudela jabetu ziren, eta “probatze aldera” ekin zioten lehiari. “Desgaitasun fisikoa zein intelektuala zuten pertsonek pilota praktikatzeko aukera izatea” zen helburua hasieratik, eta, Merinok zehaztu duenez, hala da gaur egun ere. Bihar jokatuko dituzte aurtengo finalak, Zumaiako Aitzuri pilotalekuan, 10:30etik aurrera.

Federazioko teknikariaren esanetan, gaur egun oraindik ez da hain erraza pilota egokituan aritzea. Desgaitasun intelektuala dutenen kasuan, Merinok esan du Zarauzko kirol elkarteak, Zumaiako pilota elkarteak eta Errenteriako Mindara elkarteak ematen dutela horretarako aukera. Gurpil aulkian ibiltzen direnentzat, berriz, bi elkarte daude: Mindara eta Usurbilgo Pagazpe pilotaren kirol elkartea.

PILOTA EGOKITUA

Beste asko “beren kabuz” entrenatzen direla adierazi du Merinok, inguruko elkarteetan horretarako aukerarik ez dutelako. Horregatik, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak dei egin die elkarte horiei pilota egokituan aritzeko aukera eskain dezaten ahalegina egitera, horrek “ikusgaitasun handiagoa” emango bailioke modalitate horri.

Lehiarik gabe, topaketak

Elkar ezagutu eta harremanak sendotze aldera, Pilota Egokituko Pala Topaketak ere antolatzen ditu federazioak urtero. “Batzuek ez dute parte hartu nahi izaten txapelketan, eta nahikoa izaten dute topaketekin. Beste batzuek, berriz, lehiarako gogoa izaten dute. Helburu guztiak dira errespetagarriak”, dio Merinok.

Haritz Lertxundi zarauztarrak jokatuko du bihar finaletako bat, eta hark adierazi du “disfrutatzea eta ondo jokatzea” izango duela helburu. Hala eta guztiz ere, ez da izango haren lehen finala; Lertxundik 2011. urtean jokatu zuen lehen aldiz txapelketa, eta, lehenengo aldia izanda ere, finalera iritsi eta irabaztea lortu zuen.

“Pala nire pasioa da”, esan du zarauztarrak, eta horregatik jarraitu du urtero txapelketan parte hartzen. Lertxundiren ustez, “lagun arteko txapelketa bat” da eurena, eta, ondo pasatzeaz gain, “lagun berriak egiteko aukera” ere eman diola azaldu du, “nahiz eta kantxan aurkariak izan.

Txapelketak bilakaera bat izan duela azaldu du Merinok. Aniztasun funtzionala dutenen kasuan, eskuz jokatzen zuten hasieran, baina sor zitzakeen eskuko lesioak-eta tarteko hobetsi zuten pala. Binakako Txapelketaz gain, buruz burukoa ere jokatzen ari dira azken urteotan. Finalak ETBn emateak ere txapelketari oihartzun handiagoa ematen lagundu duela esan du Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko teknikariak. “Orokorrean, garai onean dago pilota egokitua”.

Herri guztientzat eskerrak

Alde horretatik, “bestelako erakunde batzuekin” duten elkarlana ere beharrezkotzat jo du Merinok, eta eskertu egin nahi izan du Gipuzkoako aldundiaren eta udalen babesa ere. “Txapelketak nahiz topaketak antolatzeko frontoiak behar izaten ditugu guk, eta herri guztietan ireki dizkigute ateak orain arte. Eskertzekoa da borondate hori”.

Teknikariaren ustez, eskertzekoa da, aldi berean, pilotarien eta pilotari horien familien jarrera. Haren hitzetan, familiak “oso gustura” gelditzen dira antolatutako egitasmoen ondoren, “eta baita pilotariak eurak ere”. Izan ere, desgaitasunen bat duten pertsonak askotan ikusezinak direla uste du federazioko teknikariak, eta gai horretan gizartea urtez urte “sentsibilizatzen” ari dela defendatu arren, oztopo ugari izaten jarraitzen dutela uste du. “Egunerokoan aukera askorik ez dutenek eskertzen dute aukera txiki horiek edukitzea, bai kirolariek eta baita euren familiako kideek ere”.

Txapelketak “lan handia” eskatzen badu ere, Merinok adierazi du “lanean jarraitzeko gogoz” dagoela Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa. Hurrengo urteetan, gainera, emakumeen parte hartzea nabarmendu nahi dute federazioko kideek. Merinok jakinarazi du badaudela emakume pilotari batzuk. “Baina oso gutxi dira. Horiek ahalduntzea ere bada gure helburua, eta ez kirolean bakarrik, egunerokoan ere bai”.

Gipuzkoako Euskal Pilota Egokituko Txapelketa Euskal Herri guztira hedatu dadin ere nahiko luketela gaineratu du. “Pilota gure kirola delako eta merezi dutelako, bai pilotak berak bai egokitutako pilota probatu nahi dutenek”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.