Leire Narbaiza
Asteon ezagun batek kontatu dit lankide ohi batek deitu ziola pastelak bidaliko zizkiola esateko. Bidaltzailea amama bihurtuta zegoen, eta pastelen motiboa hori zela uste zuen ezagunak. Baina bidalketa ez zen iloba jaio zelako, urteak betetzen zituelako baizik.
Pastelak bidali? Gazte bat baino gehiago harritu egingo da horrekin, baina edade bat daukagunok badakigu lehen ohitura oso zabalduta zegoela. Auzokidearen alaba ezkondu behar zela? Bada, konfiantzazko bizilagunei dozena bat pastel. Izekoren urtebetetzea zela, baina gonbidatutzarik ez zuela egingo? Hantxe atean txirrina jotzen gozotegiko langilea pakete gozoa eskuetan zuela. Eskerrak emateko, bataio, jaunartze, jaiotzeetan… pastelak. Dozena bat eta bariatuak.
Ez dakit noiz jaso dudan azkenekoz kartoizko erretilua, baina ziur nago gurasoenean bizi nintzenean izan zela, pasa den mendean, seguruenera, eta ez niri bidalita, jakina. Harrezkeroz, ezer ez. Dozena bat pastel jakin ere ez dakit noiz erosi dudan. Galdu da ohitura. Zergatik ote? Ez ditugulako kontuan hartzen inguru zabalekoak gure ospakizunetan? Gertukoak baino ez direlako gure pozen onuradun? Konplimentuetan kale egiten gabiltzalako aspaldi? Ez dakit, baina ia zeharo desagertu dela iruditzen zait. Horregatik egin zitzaidan hain bitxia ezagunak kontatutakoan: antzinako denboretako oroigarria.
Pastelak normalean hamabi ziren, kartoizko xaflaren gainean, paper batekin batuta, eta kordel berezi batek inguratuta, lazoa eginda. Errelanpagoak (eclair delakoak), txutxoak, mozkorrak, kanutilloak, karolinak, pertsianak, ispilutxoak, ijito-beso zatiak, errusiarrak (gutxitan)… eta bonba. Bonba bat beti, bakarra, nahiz eta agian txutxo bi eta hiru errelanpago ere egon zitezkeen! Benetan? Bonba bakarra? Ume guztiok pastel hori nahi izaten genuen, eta bat baino ez zutenez jartzen sekulako haserreak eta negarrak egoten ziren, gurean behintzat. Gozotegiko langileak zertan zebiltzan pentsatzen? Bonba eskasiak zer arrazoi zuen? Inoiz ez dut ulertu! Gurean, karolina eta kanutilloa beti geratzen ziren azkenak, inork nahi ez zituela. Bonbak izan balira, bueltaka ez ziren ibiliko!
Bidaltzearen ohitura ez ezik, igande edo egun handietan pastelak erostearena ere galdu delakoan nago. Ez dakit, baina, zergatik. Batek esan zidan pastelak garestiak direla, baina ezin da izan hori arrazoia, zeren pastelak ez dira pintxoak baino garestiagoak, eta pintxoen kontsumoak gora egin du. Beste batek esan zidan gero eta gehiago zaintzen dugula geure burua, eta horrelako produktuak gero eta gutxiago kontsumitzen direla. Ez dakit, bada. Edozein okindegi eta janari dendatan saltzen dituzte-eta pastelak, edo gozo-gauzak. Hori bai, ez hain finak, handiagoak eta industrialagoak.
Hori izan liteke horrenbeste gozotegi ixtearen arrazoia. Azken urteotan makinatxo bat pasteleria artisau desagertu dira gure inguruan, gutxienez. Astiro-astiro itxi dituzte ateak, isilean, ia inor konturatu gabe. Baina kontaketa eginda inguruko herri askotan falta da baten bat, eta kopurua ez da txikia. Pena ematen du, batez ere mimoz egindako produktuaren ordezkoa dultzea bai, baina ez delako hain kalitate onekoa.
Sasoi aldaketa betean gaude, eta dozena bat pasteleko erretilua eskuartean doakigun denbora eta bizimodu bateko sinbolo argia da.
Leave a Reply