Erik Salazar
Oiartzungo herrigunea atzean utzi, eta berehala ikusten da Beloagako gaztelua. Gaur egun, antzinako dotoreziaren hondarrak besterik ez dira geratzen. Beloaga Bizirik elkarteak gaztelua lehengoratzeko prozesua jarri zuen martxan urte batzuk atzera, eta azken fasean dago jada. Gainera, Euskal Herriaren historia ezagutzeko interesa dutenek Beloagako gaztelua eta bunkerra ezagutzeko aukera izango dute ekainaren 12an. Izan ere, bisita gidatua antolatu du Beloaga Bizirik elkarteak, Trikuharri kultur elkartearekin eta Oiartzungo Udalarekin elkarlanean. Bisitaz gain, beste hainbat jarduera ere egingo dituzte.
Jose Mari Iturriotzek gidatuko du bisita. Beloaga Bizirik elkarteko idazkaria da Iturriotz, eta gaztelua berreskuratzeko prozesuan aktiboki parte hartu du. Nafarroako Erresuma defenditu zuten gaztelu multzoen artean dago Beloagakoa. Iturriotzen esanetan, gazteluaren esentzia bera “nafarra” da, eta, Trebiñu, Zabalate (Araba) edo Gasteizko gazteluekin gertatu zen bezala, Nafarroako erregeek sortutakoa da.
Beloagari buruzko lehenengo aipamena 1200. urtekoa bada ere, eraikina 1000. urtekoa dela uste du elkarteko idazkariak: “Hondarribikoa 980. urtean dokumentatua dago, eta Donostiakoa, 1.000. urtean. Horregatik uste dugu Beloagakoa garai hartakoa izan daitekeela”.
Oiartzungo gazteluaren “nagusitasuna” ezin dela ukatu zehaztu du Iturriotzek: “Oiartzungo armarrian agertzen den gaztelua Beloagakoa da, ia zalantzarik gabe”. Eta Errenteriako armarrian agertzen den gaztelua ere horixe bera izan daitekeela uste du idazkariak, baina ezin du ziurtzat eman, historialari askoren aburuz bertan irudikatzen dena antzinako Errenteriako hiri harresitua delako. Armarrian itsasoa ikusten denez, Beloagakoa izatea baztertu dute historialari askok. Hala ere, aditu horien jarrera ezbaian jarri du Iturriotzek: “Beloagatik ere Hondarribiko eta Donostialdeko itsasoa ikusten da. Zergatik ezin da izan Beloagakoa? Berez, izan daiteke”.
Bostehun urtez ibarreko ikurra izan zen Beloagako gaztelua, baina gero ia desagertzear egon zen. Izan ere, Nafarroako gainontzeko gazteluekin batera eraitsi zuten Nafarroako Erresumaren azken zatiaren konkistaren ondoren, 1516. urtearen inguruan. Horren ostean, liberalen gotorleku izan zen, modu oso xumean bada ere: “Egurrezko barrakoi batzuk zituzten, kanoi txikiren bat, eta harresiaren hondarren atzean babesten ziren bertan zeudenak”. Gaztelua, ordea, XVI. mendean desagertu zen eraikin modura. Denbora pasatu ahala, sasien artean ezkutuan gelditu zen Beloagako gaztelua, eta inguruko herritarren artean ere ahanztura gailendu zen.
Horren adibide gisa, izena “toponimo gisa bakarrik” gelditu zela aipatu du Iturriotzek: “Eskualdeko baserritarrek, Arkalera joaten zirenean, gaztelura joaten zirela esaten zuten, baina toponimoa izango balitz bezala erabiltzen zuten izen hori. Ez zekiten hor gaztelu bat zegoenik ere”.
Iturriotzen ustez, historia ofizialak ezkutatu dituen hainbat pasarte eta pasadizo daude Beloagako gazteluaren atzean: “Historia liburuetan aurkituko ez ditugun gertaera asko daude hor. Nafarroako konkista anexio hutsa izango balitz bezala kontatzen dute, Errege-Erregina Katolikoek eurenganatutako anexio gisa. Baina ez, konkista bat izan zen”.
Hain zuzen ere, Oiartzunen ahaztutako gazteluaren historia ezagutarazteko asmoz antolatu dute ekainaren 12rako bisita gidatua, Gurutze auzoko Andrearriaga harritik abiatuta. “Erromatarren garaiko hilerrian zegoen harriaren erreplika da hori. Erromatarren garaitik Erdi Arora egon zen trantsizioa azaltzeko, oso lagungarria da”. Beloagako gaztelua bera eta behean dagoen bunkerra ikusteko aukera izango da ibilbidean. 10:00etan abiatuko dira Oiartzungo Herriko plazatik.
Berreskuratze prozesua
Beloaga Bizirik elkarteak aspaldi jarri zuen martxan gazteluaren eraberritze prozesua; horren erakusgarri, dagoeneko amaituta daude lehen bi faseak. Hori bai, Iturriotzen esanetan, “luzea” izan da prozesua: “Kontuan hartu behar da instituzio eta eragile asko gaudela tartean: Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Oiartzungo Udala, gu geu… Krisi garaian hasi genuen prozesua, eta ez zegoen diru askorik”. Hirugarren eta azken faseko lanak egingo dituen enpresaren izena jakiteko zain daude orain.
Iturriotz kontent dago lortutakoarekin: “Azken fasearekin, amaitutzat emango genuke lehengoratze prozesu guztia. Agian, ez da izango denen gustukoa, baina arkeologia arloko arau guztiak errespetatu behar dira”.
Gazteluan aurkitutako pieza guztiak sailkatu egingo dituzte: Erdi Aroko txanponak, gezi puntak, lantzak, apaingarriak… Iturriotzek espero du Aranzadi zientzia elkarteak erakusketa edo monografikoren bat egingo duela horiek guztiak hartuta.
Leave a Reply