Ane Davila: “Hartu-emanean oinarritutako dinamika izango du bidaiak”

Ane Davila: “Hartu-emanean oinarritutako dinamika izango du bidaiak”

Miren Garate

Guatemalako emakumeek lan merkatuan zuten egoera aztertzeko asmoz joan zen Ane Davila (Eibar, 2000) Guatemalara, duela hiru urte. Gobernuz kanpoko erakunde baten bidez, boluntario lana ere egin zuen herrialdeko emakume eta haurrekin, eta andreek jasotzen zuten “tratu txarraz” jabetu zen. Esperientzia hartatik abiatuta sortu du Mujeres de la Luna proiektua.

Nondik nora etorri da Mujeres de la Luna egitasmoa?

2019an sortu zen proiektua. Ikerketa bidaia bat egin nuen Guatemalara, emakumeek lan munduan zituzten aukerak, rolak eta abarrak aztertzeko. Ikerketa hori egiteko, hango gobernuz kanpoko erakunde batekin jarri nintzen harremanetan, eta boluntario lana egin nuen emakume eta umeekin. Hilabete eta erdi bat egon nintzen Guatemalan, eta, ikerketa egiten ari nintzela, konturatu nintzen erakunde hark ez zituela batere ondo tratatzen bertako emakumeak.

Zergatik?

Alemaniako emakume batek zuzentzen zuen erakundea, eta, berez, hango emakume eta haur pobreei laguntzeko zegoen; adibidez, emakumeek egindako eskulanak saltzeko, umeei tailerrak emateko… Emakumeak lan horiek egitera derrigortuta zeuden, baina ez zien ordaintzen, eta salmentetatik jasotako dirua ere beretzat hartzen zuen erakundeak. Beste bi ikerlari ere bazeuden han, eta egoera salatu zuten AEBetako egunkari batean. Baina pixka bat gaizki sentitu nintzen ni, familia haiek ezer gabe geratzeko arriskua ikusten nuelako: gu gure pribilegioekin goaz hara, salatzen dugu egoera, eta gero zer gertatzen da? Emakume haiek ez dute inolako babesik.

Zein izan ziren zure hurrengo urratsak?

Beren lanak egiten jarraitu nahi zuten emakumeek, eta nik ere talde bat sortu eta horretan jarraitzera bultzatu nituen. Hori esaten zuten banaka, baina, aldi berean, beldurra zuten; izan ere, pentsatzen zuten beraiei ez zietela ordaintzen, baina gainerakoei baietz. Bilera bat egin genuen, eta denak egoera berean zeudela komentatu genuen. Beren kabuz lan egiteko talde bat sortu nahi zutela adostu zuten, eta nik ere parte hartzea nahi zutela esan zidaten.

Zer motatako lanak egiten dituzte emakume horiek?

30-40 urte arteko emakumeak dira, eta beren alabak ere proiektuko kide dira orain. Askok ez dakite irakurtzen eta idazten, eta, beraz, Interneten ere ez dira moldatzen. Bitxitegi bat dute beren bitxiak eta eskulanak saltzeko, eta turismoari lotuta ere nahi dute lan egin. Pandemia baino zertxobait lehenago erabaki zuten hori; ni nintzen nazioarteko beren kontaktua, baina pandemiarekin ez genuen askorik aurreratzerik izan arlo horretan. Pandemiak onera egin zuenean, berriro itzuli nintzen Guatemalara, eta hiru hilabete egon nintzen. Turismoarekin lanean hasiko ginela adostu genuen.

Orain, bidaia bat antolatzen ari zara uztailerako Guatemalako Santa Cruz la Lagunara, eta beste bi gazte gipuzkoar ere batu dira proiektura: Alain Rodriguez eta Malen Jurado. “Ez-boluntariotza” programa jarri diozue izena. Zer egingo duzue bidaia horretan?

Boluntariotza bat antolatu nahi genuen, baina ikusita esperientzia txarrak izan direla, bai eta gardentasun eta koherentzia falta ere, “ez-boluntariotza” bidaia bat antolatu dugu. Emakumeek beraiek diseinatzen dute han egingo den guztia, gurekin arituko dira sukaldean, turismo arloan hango beste emakume batzuen erakundeak bultzatzeko egitasmoak izango dira… Tokiak ezagutzeko aukera izango da, tokiko ikuspegi batetik, eta, horrez gain, emakumeek beharrezko ikusten dituzten lanak egingo ditugu: mendiko plastikoak bildu, haurrei ingeleseko edo matematikako eskolak eman… Euskal Herriko zein inguruko hogei bidaiari batzea da asmoa, hamabost eguneko esperientzia bat bizitzeko. Uztaileko lehen hamabostaldian izango da bidaia bat, eta bigarren hamabostaldian bestea.

“Zurien salbatzaile begirada aldatu nahia” aipatzen duzue. Zertan bereizten da zuen proiektua beste proiektu batzuetatik?

Ez dugu nahi jendeak, hara joan, eta pare bat argazki ateratzea bakarrik. Era berean, ezin dugu pentsatu hara joan, laguntza eman eta beren bizitza aldatzea lortzen dugula. Hartu-emanean oinarritutako dinamika izango du bidaiak; haiengandik ere asko dugu ikasteko guk: naturarekiko harremanari buruz, lan komunitarioari buruz… Tokiko ekonomia bultzatu eta bidaiari gisa dugun begirada aldatu nahi dugu.

Baldintzaren bat jarri duzue bidaian parte hartzeko?

Joango direnak aurrez ezagutu nahi ditugu, emakumeentzat espazio seguru bat izateko. Gazteek parte har dezaten nahi dugu, baina baita 30-50 urteko jendeak ere, hango emakumeek ikusteko beren adineko jendea nola bizi den beste toki batzuetan eta kulturartekotasuna lantzeko.

Zer prezio izango du bidaiak?

750 euro, eta hor sartzen dira asegurua, herrialde barruko garraioa eta emakumeekin biziko dituzten esperientziak; hegazkin bidaia ez da sartzen prezio horretan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.