Birziklapenean, pauso bat harago

Birziklapenean, pauso bat harago

Maria Ortega Zubiate

Debabarreneko Mankomunitatea buru-belarri ari da eskualdean birziklatzea bultzatu nahian. Azken urteetan kanpaina ugari sustatu ditu mankomunitate horrek herritarren artean birziklatzeko ohiturak aldatzen saiatzeko. “2020an materia organikoaren gaikako bilketa sustatzeko kanpaina bat egin genuen fruta dendetan, pintxoak dituzten tabernetan eta jatetxeetan”, azaldu du Iosu Arraiz Debagoieneko Mankomunitateko lehendakariak. “Egindako lanari jarraipena emateko, eta materia organikoaren gaikako bilketa sektore gehiagotan sustatzeko, eskualdeko enpresengana zuzendu gara oraingoan, hondakinak gaika biltzeko dituzten ohiturak aztertu, beharrak entzun eta baliabideak eskaintzeko”. 43 enpresa eta negoziotara bisitak egin dituzte, bakoitzaren beharrak identifikatzeko eta hondakin organikoen bilketa areagotzeko, eskualdean gutxien birziklatzen den materiala baita. Negozio horiek izan daitezke jantoki propioak dituzten enpresa handiak edota industrialdeetan kokatutako jatetxe edo janari biltegiak.

“Industrialdeak gizartearen isla dira; jendeak etxean birziklatzen badu, enpresan ere horrela egingo du, eta alderantzizkoa ere gertatuko da”, dio Igor Aldalur Debabarreneko Mankomunitateko Ingurumen teknikariak. Aldalur eta Arraiz aritu dira enpresaz enpresa bisitak egiten; Vermicam enpresa ere kontratatu du mankomunitateak, bisitetan laguntzeko. Aldalurren hitzetan, aurtengo kanpainan arreta industrialdeetan jartzeak badu arrazoi bat: gizartearen isla izateaz gain, esku hartzeko “nahikoa eremu erraza” da. “Industrialdeak indartu nahi ditugu, euren bitartez lan esparruan gaikako bilketa bultzatu nahi dugulako. Horretarako, ahalik eta erraztasunik handienak eman nahi dizkiegu enpresei, hondakin kopuru handiak sortzen direlako bertan”, azaldu du Ingurumen teknikariak.

Hondakin organikoak jarri dituzte kanpainaren erdigunean, Aldalurren hitzetan eskualdean badutelako etxeko lanik esparru horretan. “Gurean, organikoa eta ontzi arinak birziklatzea da dugun egiteko nagusia. Bi horietan ari gara indar berezia jartzen”. Hain zuzen ere, abian duten azken kanpainak bio-hondakinak dituen arren helburu gisa, ontzi arinen eta plastikoen kasuan ere aitortu dute enpresetatik bertatik nabaritzen dutela premia: “Eskualdeko enpresa dezentek esan digute film industriala bereizita jaso nahi dutela. Beste eskualde batzuetan ari dira hori egiten, eta gu ere ari gara baloratzen horrelako hondakin bat jasotzea, pisu gutxi izanda ere, bolumen handia hartzen baitu”. Dena den, oraingoz, organikoa lehenetsi du Debabarreneko Mankomunitateak, “oso ezaugarri bereziak” dituelako, eta horrek berak gehiago birziklatzea eskatzen duelako: “Azken batean, organikoa da pisu handiena hartzen duena, eta, horregatik, iruditzen zaigu industrialdeetan saiakera berezi bat egin beharko litzatekeela gai horretan pausoak emateko”.

Bi bisita enpresei

Gaur egungo egoeraren argazkia aterata, bina bisita egiten ari dira 43 enpresa edo negozio horietara. Bakoitzaren beharrak identifikatzen ari dira, batetik; lehen erronda hori bukatzear direla, enpresek “oso ondo” erantzun dutela igarri du Aldalurrek. Harekin bat etorri da mankomunitateko lehendakaria: “Debabarrena eskualdean enpresa sare garrantzitsua daukagu, eta gehienak jasangarritasunaren aldeko urratsak egiten ari dira azken urteotan. Horregatik, hondakin organiko ugari sortzen dituzten enpresetara joan gara orain, pausoak ematen jarraitzeko”.

DEBABARRENEKO MANKOMUNITATEA ETA HONDAKINAK

Eskuorri bat banatu dute bisita jaso duten enpresen artean, hondakin organikoak birziklatzearen “onurak” jasotzen dituena. Eta, lehen bisiten erronda bukatzear dela, aldaketak igarri dituzte dagoeneko. “Kasu batzuetan, enpresa batzuk lehendik ere saiatzen ziren hondakinak banatzen, eta, beste batzuetan, oraintxe hasi dira, kanpainarekin batera. Horregatik, esango nuke irakurketa positiboa dela”, ondorioztatu du Aldalurrek.

Ekaina bukatu aurretik amaitu nahi dute kanpaina, ekaineko azken astean ekin nahi baitiote bigarren bisita faseari. Kasu horretan, enpresa bakoitzaren beharrizanak eta premiak identifikatuko dituzte, eta, hilabete bat igarotzerako, beren helburua lortzea da asmoa. Helburua, noski, eskualdeko birziklatze kopurua handitzea izango da.

Urteetako lana

“Mankomunitatetik lanean dihardugu gizarteko kolektibo guztiek birziklatzeko ohitura egokiak izan ditzaten”, dio Arraizek. Izan ere, Debabarrenean urteak dira eskualdeko birziklatzeko ohiturek “kezka” piztu zutela. Horren eraginez, mankomunitateak azken hamarkadan martxan jarri ditu zenbait kanpaina. Adibide gisa, mankomunitateko lehendakariak zehaztu du ingurumen hezkuntza saioak ematen ari direla ikastetxeetan. “Eta Hemen ondo birziklatzen dugu kanpaina ere garatu dugu eskualdeko saltokietan”. Bestalde, Eibarren proiektu pilotu bat martxan jarri dute jantokietan elikagaiak alferrik xahutzea eragozteko. “Izan ere, guztion inplikazioa ezinbestekoa da gaikako bilketaren tasa hobetzeko”.

Kezka nabarmena da eskualdean, baina biek ala biek azaldu dute egungo egoera ez dela lehen zena, “ezta gutxiago ere”. Debabarreneko Mankomunitateak urte bat du mugarri: 2013a. Urte hartan, datuak egungoak baino “askoz okerragoak” ziren, egungo erdia inguru birziklatzen baitzuten eskualdeko biztanleek. Azken urteotako lanaren zati handi bat horretara bideratu dute, hain zuzen. “2013tik 2020ra igoera handi bat izan zen, edukiontzi grisa eta marroia iritsi zirenean batez ere. Tarte horretan, %29tik %50era igo zen birziklatze tasa”, Aldalurrek esan duenez, zazpi urtean, beraz, eskualdeko birziklapenaren ehunekoak nabarmen egin du gora. Hala ere, datuok ez dira nahikoa, Ingurumen teknikariaren ustez. “Egia da kopuru horretatik aurrera gero eta zailagoa dela birziklapen tasa igotzea. Iaz ikusi genuen %55ean gelditu ginela, eta aurten ere hor gaude, gutxi gorabehera”.

Azken urteotan lanketa berezia eginda, Debabarrenean Gipuzkoako gainerako eskualdeetako antzeko birziklapen datuak daudela ziurtatu du Aldalurrek: “Beirari, paperari eta kartoiari dagokionez, oso antzekoak dira datuak, baina ontzi arinetan eta organikoan, ez”. Horren jakitun, azken bi arlo horiei begirako lan ildoak bultzatuko ditu mankomunitateak, sinetsita birziklapen datuek gora egingo dutela ontzi arinen eta material organikoaren birziklapena sustatuta.

Leave a Reply

Your email address will not be published.