Miren Garate
Itxura guztien arabera, etorkizunean handitu egingo da hileta zibilen eskaera, eta premia horri erantzuteko prestatzen ari dira udalak eta hileta zerbitzuak ematen dituzten enpresak. Gorakada bat espero duten arren, azaldu dute gaur-gaurkoz jendeak ez dakiela nola antolatu hileta zibil bat.
Eibar da halako agurrak egiteko ohitura handiena duen Gipuzkoako herria. “Nik gogoan dudan lehen oroitzapena da umetan nola joaten nintzen amarekin. Hilerriaren kanpoan izaten ziren, errepidearen ondoan, eta, autoren bat pasatuz gero, mugitu egin behar izaten genuen. Giro ilun bat datorkit gogora”, esan du Nerea Alustiza Eibarko zinegotzi ohi eta PSE-EEko kideak. Etxean entzun izan zuen, 1936ko gerra amaitu berritan, goizeko bostetan ere egiten zirela. Marcelino Baskaranek gidatu ohi zituen hileta haiek, eta, batik bat, komunistek eta sozialistek izan dute hileta zibilak egiteko ohitura Eibarren.
Gaur egun, herriaren erdian dagoen plaza batean egiten dituzte. “Beste herrietan, ehorztetxeetan egiten dira gehienbat, baina Eibarren, ez. Zu hiletan zauden bitartean, jendea inguruan erosketak egiten edo arropak zabaltzen ari da, publikoak dira; hori bai, erabateko errespetua egoten da”. Udalak megafonia, aulkiak eta abar jartzen ditu ekitaldia egin ahal izateko. Beste herri batzuetako ehorztetxeetako arduradunak ere joan izan dira, ikusteko nolakoak izaten diren. “Harrituta geratzen dira zeinen ‘politak’ diren ikusita; beraiek ez dute jakiten nola egin”.
Alustizak Eibarko zinegotzi zenean gidatu zuen lehenengo aldiz halako ekitaldi bat; 2012ko urriaren 31n izan zen. “Aurrena beti izaten da berezia: Miguel Castillonena izan zen, herriko gozogile onenarena. Familia etorri zitzaidan ea egingo nuen galdetuz. Alabak galdetu zidan zer iruditzen zitzaidan Paco de Luciaren Entre dos Aguas jartzea, eta erantzun nion abesti hark definitu egiten zuela aita”.
Elizan apaizak agintzen duen bezala, esan du hileta zibiletan familiak erabakitzen duela guztia. “Ni izaten naiz familiaren bozeramaile moduko bat, une gogorrak direnez beraiek ez direlako hitz egiteko moduan egoten”. Hildakoari buruzko kontakizunak entzuten ditu, nabarmentzeko moduko gertakariren bat atera, zer musika jarri nahi duten galdetu, norbaitek abesteko, aurreskua egiteko edo bideoren bat jartzeko asmorik duen jakin… “Hileta laburrak izan ohi dira, eta oso intimoak. Ekitaldirako idazten dudan testua familiari ematen diot”. Eibarren, gorpua bertan dela ere egiten dira hileta zibilak.
Aitortu du egoera batzuetan eustea ez dela erraza izaten. Gogoan du bereziki bat: amaren laguna zen hildakoa, eta haren alaba ere laguna zuen Alustizak. “Nire ama urtebete lehenago hila zen, biak ziren adinekoak, eta, bat-batean, amaren oroitzapen guztiak etorri zitzaizkidan. Ezin nintzen mugitu, ezin nuen hitz egin, negar egiteko gogoa nuen…”.
Hain zuzen ere, ezagutzen zituen pertsonenak izan dira Alustizak zuzendu dituen hiletetako batzuk, eta familiak zuzenean eskatuta egin izan du lan hori. “Une horretan ezetz esanez gero, huts egin diezula sentitzen duzu, beraiek zuk egitea nahi zutelako”. Beste batzuetan, senideek udalari eskaera egin diotelako aurkeztu ditu. “Aurretik ezagutzen ez badituzu ere, gero betiko geratzen da lotura bat hildakoaren ingurukoekin, zerbait berezia sortzen da”.
Denbora gutxi prestatzeko
Peio Rafunek ere badu eskarmentua hileta zibilak aurkezten. Oiartzunen, Donostian eta Tolosan egin izan ditu halakoak. Orain, Arrasate Berria ehorztetxeko hileta teknikaria da. “Prest gaude eskaera horri erantzuteko, baina oraindik jendeak ez ditu asko eskatzen hileta zibilak”. Lokal berria du ehorztetxeak, eta, besteak beste, gune bat prestatu dute hainbat motatako agurrak egin ahal izateko. “Adibidez, ebanjelisten aspaldiko eskaera izan da halako zerbait izatea, bestela apaizei eliza eskatzen ibili behar izaten zutelako”. Hiletak streaming bidez emateko teknologia ere jarri dute aretoan; batik bat, senideak kanpoan dituztenei begira.
Eskelei erreparatuz gero, Rafunek esan du gero eta ohikoagoa izaten dela honelakoak irakurtzea: “Familiak eskertzen ditu doluminak, baina agurra senitartean egingo da”. “Izan ere, batzuek ez dute egin nahi izaten elizako ohiko hileta bat, baina oraindik ez dakite nola egin bestelako agur bat”. Haren esanetan, lana eskatzen du halako ekitaldi bat prestatzeak —argazkiak eskatu, bideo bat egin, jendearekin hitz egin hildakoari buruz…—, eta denbora izaten da arazo nagusia. “Legeak esaten du gehienez ere 72 ordu daudela dena bukatutzat emateko, eta horrek arazoak sortzen ditu agur bat prestatzeko, denbora gehiago behar duzulako normalean”.
Komentatu izan diote hileta katolikoetan apaizarekin pixka bat hitz egin eta aski izaten dela. “Elizan badakizu nolakoa izango den agur bat; liturgia bat dago, dena idatzita. Hileta zibiletan, ordea, dena sortu egin behar da; pertsonalizatuak dira, eta ezin dugu gauza estandar bat prestatu”.
Rafunen esanetan, hildakoak izan duen amaierak ere izan ohi du eragina agurrean: luze joan bada, nekatuta egon ohi dira senideak, ezertarako gogo handirik gabe; bat-bateko heriotza izan bada, shock egoeran egoten dira, eta agur bat prestatzen hastea ez da samurra izaten. “Hasi dira agurrak egiten behin gorpua erre edo lurperatu ostean ere, eta badu logika. Guk, ehorztetxean, lehen pausoak egin ditugu, prestatuta gaude. Ea zer bilakaera izaten duen hileta zibilen kontuak”.
Lehen pauso horiek eginak dituzte Gipuzkoako herri askotan ere, eta onartuak dituzte hileta zibilak arautzeko udal ordenantzak. Besteak beste, ekitaldi horiek non eta noiz egin ahal izango dituzten zehazten da ordenantzetan. Esate baterako, Donostian, udaleko ordezkarien esanetan, hainbat eskaera jaso zituzten 2018an, hileta zibilak egiteko gune bat eskatuz. Lanketa bat egin ostean, adostu zuten Kristinaenea parkeko Mandasko Dukearen jauregiaren atzean dagoen eraikin horian egitea halakoak.
2019an sinatu zuten akordioa Cristina Enea fundazioak eta Donostiako Udalak, eta lau hileta egin dituzte ordutik. Sonatua izan zen aurrena: 2019ko urrian, Mariano Ferrer kazetariarena. 2019ko abenduan, 2020ko ekainean eta 2021eko urrian izan ziren beste hirurak. Hiletetako arreta hobetzeko premia ikusita, aurtengo apirilean aldaketa batzuk egin dizkiote akordioari, eta Cristina Enea fundazioak zerbitzu hori emateko behar diren langileak jarriko dituela adostu dute. Herritarrek ez dute ordaindu beharrik izaten, baina udalak hiletako 255 euro ordaintzen dizkio fundazioari. Eserita, 55 lagun sar daitezke aretoan, eta 75 zutik.
Unea errazteko premia
Ordizian, orain dira gaia arautzen hastekoak. “Lehen urratsa izaten da jakinaraztea ordenantzarekin hasiko garela. Eta gai honekin, igarri dugu interesa dagoela”, esan du Adur Ezenarro alkateak. Hileta zibilak ez ezik, gainerako zeremonia zibilak ere arautzeko asmoa dute. Alkateak esan du ez dakitela urtean halako zenbat hileta egiten dituzten herrian. “Ez dugu daturik, ez dagoelako araututa. Ia denak oso pertsonalak eta esparru pribatukoak izaten dira. Orain arte, trataera gehiago izan da ekitaldi batena. Hileta zibila oraindik definitu gabe dugu”.
Ordiziako plazan egin izan dute baten bat; ehorztetxearen kanpoan ere bai; Oiangu parkean ekitaldi informalagoak… Ordenantzak bere bidea egingo duen arren, hileta horiek pleno aretoan egitea proposatuko dutela iragarri du Ezenarrok. “Ezkontzekin, adibidez, inork ez du ezbaian jartzen pleno aretoan egitea. Hiletak ere zergatik ez han egin?”.
Areto horri erabilera “herritarrago bat” emateko nahia ere badu Ordiziako Udalak. Alkatearen esanetan, karga emozional handiko uneak hartu beharko ditu tokiak. “Hori lokal komertzial arrunt batean sartzea ez dugu hain argi ikusten”. Aipatu du jende gehiagoko ekitaldietarako antzokia ere badutela herrian, eta orain arte erabili izan dituzten Oiangu parkea, hilerrian bertan dagoen kapera laikoa eta abar ere hor daudela. “Dena ordenatu, ondo arautu, eta aukerak eskaini nahi ditugu”.
Gaiari lotuta, zalantzarik ere badutela aipatu du Ezenarrok. “Gero eta ohikoagoa da jendeak ezer ez egitea: ez elizkizunik, ez hileta zibilik. Eta ez dakigu zergatik ez den ezer egiten, hala erabaki delako edo momentu hauetan oso zaila delako zuk nahi duzun bezalako agur bat egitea”.
Alkateak dio elizako ohiko hiletetan, adibidez, zama hori ez dela hainbeste familiaren gain jausten, dena oso sistematizatuta egoten delako ehorztetxetik bertatik. “Hileta zibilak arautu gabe egoteak ekartzen du ez jakitea nora jo, zer egin, non eskatu gauzak. Horrelako une batean antolaketa horietan sartu behar izateak asko zailtzen ditu gauzak, eta uste dut ezinbestekoa dela zerbitzu hori eskaintzea, maite duzun pertsonaren agurra ahalik eta errazena izan dadin ingurukoentzat”.
Leave a Reply