Balea, plastikoa ikusarazteko

Balea, plastikoa ikusarazteko

Maria Ortega Zubiate

2030 Agendako helburuei heldu die bete-betean Debako Udalak, eta itsasoa eta ibaiak garbi mantentzeko sentsibilizazioa indartuko duten hamaika egitasmo antolatu ditu uda osorako. Ur (h)ondoan garden lelopean, itsasoko eta ibaietako kutsaduraz eta zaborraz arituko dira egitasmo horietan, eta “herriko txoko guztietara” heltzeko helburua dute. Uda hastear dela, jada badute sentsibilizazioa bultzatuko duen pieza nagusia: altzairuzko balea erraldoi bat, hondartzako pasealekuan.

ANTXOKA ELORZA

“Euskal balea desagertuta dago, baina, gaur egun bizirik balego, plastikoa jango luke, ziur”, dio Antxoka Elorza Altuna Debako Udaleko Ingurumen zinegotziak. Izan ere, hori izan da udako egitarauari ikusgaitasuna emateko amua. “Eta horretarako zer hoberik uda garaian hondartza ingurua horrelako eskultura batekin atontzea baino?”, galdetu du zinegotziak. Willy Berasaluze eskultore debarrak egina da eskultura, eta badu zergati bat: “Arrain bat nahi genuela aipatu genion guk Berasaluzeri, eta hark esan zigun oso esanguratsua dela euskal balea”. Horrela, kanpainan rol berezia jokatuko du baleak, bertan egingo baitituzte zenbait ekintza: “Sortzen diren plastiko hondakinak sartuko ditugu bertan, eta, horrela, herritarrei ikusaraziko diegu inguruan sortzen den zabor kopurua”.

Neska-mutilei aurkezpena

Hain zuzen ere, balearekin eta bertan zaborra sartzearekin lotura estua izan zuen lehen egitasmoak —joan den astean jarri zuten martxan kanpaina Debako Luzaro eskolako ikasleek—. “Balea bere tokian jarrita eta egitasmoa aurkeztuta, eskolako neska-mutiko guztiak bertaratu ziren, eta orduan ekin genion gaiaren inguruko lanketari”. Baina Debako Luzaro eskola ez da izan proiektuan parte hartu duen eragile bakarra, herriko gainerako ia eragile guztiek eman baitiote oniritzia udalaren proposamenari: “Surf taldeari eta eskolei ere eskatu diegu parte har dezaten, kayak eskolari, Debanatura elkarteari, gainerako alderdi politikoei, Gaztelekuari… Herriko eragile askori egin diegu eskaintza”, zehaztu du Elorzak.

Eragile horien bidez ahalegindu dira herriko ertz guztietara heltzen, baina eragile bakar bateko kide ez diren herritarrei ere egin diete deia datozen egitasmoetan parte hartzeko. Ekainaren 18an izango da hurrengoa, bihar zortzi: “Egun horretan Gipuzkoako zenbait buzo etorriko dira, eta Sakoneta parera joango gara itsasontziz. Han aurkitzen dugun plastikoa bildu eta Debako portura ekarriko dugu, pisatzeko eta jasotzeko”. Uztailaren 1ean, berriz, balearen inguruko performancea egingo dute.

Zinegotziaren hitzetan, ez da kasualitatea Deban horrelako egitasmoak antolatzea. “Gure herrian garrantzi handia du itsasoak, eta bertan plastiko eta zikin asko jasotzen dugu”. Hain zuzen ere, horrek bultzatuta erabaki dute sentsibilizazio kanpaina bat martxan jartzea, baina aurretik ere egin izan dituzte antzekoak: “2030 Agendarekin bat datorren plana da oraingoa”, esan du Elorzak. “Ekimen garrantzitsu bat sortu nahi genuen jendea sentsibilizatzeko”.

Aurretik ere lanketan

Ur (h)ondoan garden kanpainaren aurretik landutako proiektuen garrantzia azpimarratu du Elorzak, “herriko eragile askok” parte hartu zutelako horietan ere. “Lehendik ere egin izan dira antzekoak: Deba ibaian plastikoa biltzen aritu izan gara, adibidez; flyschean ere bildu izan dugu plastikoa, Geoparkean…”. Udalak ere egitasmo horietan parte hartu izana azpimarratu du Ingurumen zinegotziak.

Ibaiak eta itsasoa garbi mantentzeko lanean esperientzia badute debarrek. Herritarrek ondo erantzun izan dute orain arte, “herrian kontzientzia handia baitago itsasoko zaborra biltzearen inguruan. Debak lotura handia du itsasoarekin; surfa dela, arrantza dela…”. Dena den, sentsibilizazio lanean jarraitu beharra azpimarratu du Elorzak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.