Asier Imaz-Eneritz Maiz
Alegiak badu erraldoi parea, eta erraldoietan erraldoienak dira, gainera. Karmele eta Juanito izenak jarri dizkiete, eta, asmo handirik eduki gabe ere, Euskal Herriko erraldoirik handienak egin dituzte Hektor Colinasek eta Javi Landak; 4,260 eta 4,280 metro neurtzen dute, hurrenez hurren.
“Nahigabe” egin dituzte erraldoirik handienak; behin egin eta gero neurtu zituzten biak. “Kuriositatez, Interneten begiratu genuen ea beste erraldoiak nolakoak ziren, eta, Wikipediaren arabera, Donostiako erraldoiak dira handienetakoak, handienak ez badira”. 4,15 metro neurtzen dituzte horiek.
Bi urte atzera egin eta konfinamendu garaira jo beharra dago Alegiako erraldoien sorrerara iristeko. Landak kontatu du etxean umeak izanda erraldoi txiki bat egitea bururatu zitzaiela familian: “Santxo jarri genion izena, Nafarroako erregearen izenean, eta ezpata eta guzti egin genuen”. Bi metro inguru neurtzen du, eta etxean zuten materialarekin jantzi zuten. Nola ez, haurrek ere parte hartu zuten sorkuntza lanetan. Konfinamendua luzatu egin zenez, bigarren bat egitea erabaki zuten gero: “Haurrei erraldoiak erabiltzea gustatzen zaie, eta handiegia egin genuen lehena. Horregatik, bigarrena txikiagoa izango zela erabaki genuen”. Tartalo du izena bigarren erraldoiak.
Colinasek eta Landak aitortu dutenez, urtebete lehenago, koronabirusa agertu aurreko urtean, 2019an, “nahikoa gaizki egindako erraldoi bat” atera zuten Alegiako Kalebeherako festetan, irailean. “Aspalditik ari ginen esaten ondo egin behar genituela erraldoi batzuk”, aipatu du Landak. Kasu horretan, ordea, “arratsalde bateko kontua” izan zen erraldoia egitea, eta “izugarrizko arrakasta” izan zuen lehenak. Lau gauzarekin egin zuten, etxean, eta behin erabili eta botatzekoa izan zen.
“Behin ere ez dugu denborarik hartzen ezertarako”, azpimarratu du Landak, eta, alde horretatik, konfinamendua ondo etorri zitzaiela gogoratu du: “Behingoz, gure bizitzan egin nahiko genukeen hori egiteko baliatu genuen aukera”. Horregatik heldu zieten erraldoien proiektuari.
Buruhandiak ere bai lehen
Azken 30 bat urteotan Alegiako gaztetxeak antolatu izan ditu Kalebeherako festak. “Bere garaian, buruhandiak egiten genituen guk”, kontatu du Colinasek. Egunkari papera eta kola erabiltzen zituzten, eta, urtebete geroago, buruhandi horiek “beti puskatuta” egoten zirela gogoratu du. “Berriak egin behar izaten genituen beti”, gaineratu du. Orain, teknika bera baliatu dute bi erraldoien buruak egiteko.
Festa egiteko gutxi behar dela ikusita, horregatik animatu ziren Alegiako bi lagunak erraldoiak egitera. Nahiz eta beste herrietako profesional itxurarik ez izan, beren burua gai ikusi zuten erraldoi handiago batzuk egiteko. Konfinamendua bukatuta, herriko hurrengo festetan ateratzeko helburuarekin hasi ziren lanean, “ospakizunei zerbait gehitzeko asmoz”.
“Nire aita, erretiroa hartuta, gogoz eta ilusioz zegoen erraldoiak egiteko, eta arotza den lagun batek ere lagundu digu”, esan du Landak. Bi profesionalek egin zuten egitura. “Baina beste guztia gure esku utzi zuten gero”, aipatu du Colinasek. Behin lanean hasita, ezin izan dute utzi amaitu arte. Hainbat familiaren laguntzarekin egin zituzten eskulan guztiak: pintatu, moztu… “Haurrei bururatutako gauzak egin daitezkeela erakutsi nahi izan dugu”.
Jantziak egiteko, jostuna den herriko emakume bati eskatu zioten laguntza, eta beste lagun bat aritu da erraldoien buruak behar bezala bukatzen. “Herriko festetarako bakarrik eginak dira, pieza bakarrekoak”, zehaztu du Landak.
Bi egileek euskal kultura txertatu nahi izan dute erraldoietan, eta, zituzten “gabeziak” ezkutatze aldera, euskal inauterietara jo eta kapela bana jarri zieten bi erraldoiei. Alegiarrak txintxarriak izaki, zanpantzar itxura eman diete erraldoiei. Izenak aukeratzeko orduan, festei begira jarri ziren Colinas eta Landa: “Alegian, garai batean, sanjoanak ospatzen ziren, eta, San Juan kalea dugunez, bat Juanito izango zela erabaki genuen”, azaldu du Landak. Gaur egungo Karmen festei lotuta, horregatik izango zen Karmele bestea.
Ezkutuan, kalera
Behin erraldoiak eginda, ezin izan zituzten ospatu herriko festak, baina dantza pare bat entseatu eta inori ezer esan gabe atera ziren kalera. “Gu ez gara ez dantzari, ez eta erraldoietan aditu ere, baina dantza pare bat egin genituen herrian gutxieneko ikuskizun bat eskainiz eta saltsa pixka bat jarriz”, kontatu du Colinasek.
Kalera irteten direnean, bozgorailu batekin jartzen dute musika normalean, baina herriko musikariei ere dei egin diete festetarako. “Ea animatzen diren gurekin bat egitera”. Guztiaren gainetik, eta etorkizunean irits litezkeen kritiken aurrean, Landak argi utzi du eurak ez direla profesionalak: “Lagun talde bat gara, eta haurrak daude tartean”.
Leave a Reply