Miren Garate
Euskararen erabileraren gainbehera, jaiotza tasa gero eta apalagoak, hezkuntza lege berriaren negoziazioak… Gainerako eskoletara bezala, eskola txikietara ere iristen dira kezka horiek. Hala ere, eskola txikiak “bizirik, egoera onean eta oinarri sendoekin” ikusten ditu Irati Manzisidor Gipuzkoako eskola txikietako irakasleen koordinatzaileak. “Urte askoan, hausnarketa prozesu sakonak egin ditugu. Zer gara? Nora goaz? Nora joan nahi dugu? Eta hausnarketa horrek laguntzen digu datorrenari eusten”. Etorkizunerako dituzten erronka nagusien artean, bat aipatu du: “Gure izaera propioari eustea”.
Hain zuzen ere, hiru ezaugarri nagusi ditu “izaera propio” horrek. Lehenik eta behin, txikitasuna. “Txikitasuna ez zenbakitan, baizik eta txikitasun kualitatiboa, batez ere harremanei dagokienez: interakzio naturalak izatea gurasoekin, familiekin, herritarrekin, erakundeekin…”. COVID-19aren pandemiaren eraginez, herri txikietan ere igartzen dute harremanak hoztu eta distantziak handitu egin direla; Manzisidorrek esan du berriro heldu nahi dietela elkarlanari eta harreman horiei.
Bigarren ezaugarria zera da: eskola horiek landa eremuan egotea. Asko aldatu da landa eremua azken hamarkadetan, biztanle berriak dituztelako herri txikiek, eta gero eta jende gutxiago bizi delako lehen sektoretik. “Horri ere erantzun behar dio eskolak”. Irakasleen koordinatzailearen esanetan, herriko eskola izan nahi dute eskola txikiek; alegia, herriari begiratzen dion eta herriko baliabideak eta inguruko natura baliabideak aprobetxatzen dituen eskola.
Hirugarrenik, adinen nahasketa izaten da eskola txikien beste ezaugarri nagusi bat. Taldea osatzeko adina ume eduki arren, adin ezberdinetakoak jarri ohi dituzte elkarrekin. “Gure ezaugarri nagusia da, eta horri buruz hausnartu izan dugu gehien. Eta ez dugu zalantzarik: gure aberastasun nagusia adin nahasketa da, eta iruditzen zaigu aniztasunari modu inklusiboan erantzuteko gakoa ere badela ikasleak elkartzea”.
Ikasleek elkarrengandik ikastea nahi duten bezala, eskola txikiak ere ari dira ahalegin horretan. Saretu egin nahi dute. Manzisidorrek azaldu du herrialde bakoitzak bere bidea egin duela orain arte, eta garrantzitsua iruditzen zaiela Bizkaiko eta Arabako eskola txikiekin ere harremanak indartzea. Saretze horri lotuta, gainera, uste du hemendik urte batzuetara eskola txikiak gero eta gehiago izango direla: jaiotza tasak behera egiten jarraitzen badu, orain eskola ertainak diren batzuk eskola txiki bihurtuko baitira. “Eskola batzuek gure antzeko ezaugarriak dituzte: adin aniztasuna dute, txikiak izango dira, natura eremuan daude…”.
Ohikoena, herrian geratzea
Egun, ikastetxe gehienen kezka da jaiotza kopuruaren beherakada, baina eskola txikietan oraindik ez dute igartzen fenomeno horren ondoriorik. Matrikulazioei erreparatuta, hurrengo ikasturtean ere antzeko ume kopurua izango dutela aurreratu du Manzisidorrek: 1.280 inguru. Ixteko arriskuan den eskolarik ez dago. Bestalde, orain arte Asteasuko eskolari atxikitako gela desplazatu bat zuten Larraulen, eta eskola propioa izango du hurrengo ikasturtetik aurrera; Itziarrek Debako eskolari atxikitako gela du, eta bide propioa egiten hastekoa da.
Batzuetan herri txikietako umeak ondoko herri handiagora joateko “arriskua” egoten den arren, ohikoena haurrak herrian bertan geratzea izaten dela esan du Manzisidorrek. 26 eskola txiki daude Gipuzkoan, eta LH amaitu arteko eskaintza dute guztiek, Zeraingoak izan ezik —hartan, LH2 arteko mailak daude—. “Eskola txikiek garrantzia hartu dute, gero eta gehiago jabetzen gara haien hezkuntza kalitateaz eta herri txikiek irauteko egiten duten ekarpenaz, eta gero eta txikiagoa da ikasleen ihesa“.
Kontrakoa ere gertatzen ari da: haurrak ondoko herri handietatik eskola txikietara eramatea. Gipuzkoako eskola txikietako irakasleen koordinatzaileak uste du “oreka” zaindu behar dela halakoetan. “Garbi daukagu herriko eskola izan nahi dugula, herriko umeentzakoa, herriari begiratzen diona eta herritarra”.
Bestelako zerbitzuek ere izaten dute garrantzia eskoletan. Baina azaldu du naturalki egin izan diren gauzak ere ez dituztela baztertu nahi. “Haurra aldameneko etxekoari utzi, bi baserritako umeak elkarrekin ekarri autoan… Eskola txikietan badugu zaintza zerbitzua, baina halakoek ere ekarpen handia egiten dutela uste dugu, eta ez ditugu galdu nahi”. Jangelaren adibidea ere jarri du, herriko ostatuan bazkaltzen baitute eskola batzuetako haurrek. “Horrek onura ekartzen die herriko negozioei eta harremanei. Eskaintzen ditugun zerbitzuetan ere molde propioa nahi dugu”.
Leave a Reply