Unai Zubeldia
Euskara erdigunean jartzea. Horixe zen 2020ko abenduaren 23an Gipuzkoako Futbol Federaziora iritsi zen zuzendaritza berriaren oinarrietako bat. Federazioaren barruan, Euskara Batzordea sortu zuten kargura iritsi eta berehala, eta UEFAk homologatutako entrenatzaile tituluak euskara hutsean ateratzeko akordioa lortu zuten Eusko Jaurlaritzarekin joan den otsailean. Orain, berriz, lehen aldiz lau urterako Euskararen Plan Estrategiko bat egin du federazioak, Emun aholkularitza taldearekin elkarlanean. “Bide luze batean beste pauso bat da hau, pauso garrantzitsu bat”, adierazi du Beñat Larrañaga Gipuzkoako Futbol Federazioko presidenteordeak eta Euskara Batzordeko arduradunak.
“Inoren aurka egiteko asmorik ez daukan egitasmoa da”, argitu du Larrañagak. “Azken urteotan aldaketa eta aurrerapauso batzuk izan dira federazioaren barruan, baina orain arte ez zegoen Euskararen Plan Estrategikorik edo antzekorik. Horregatik, beste pauso bat eman beharra geneukala ikusi genuen”.
Kanpo aholkularitza bat eskatzea izan zen federazioaren lehentasunak finkatzen hasteko lehen egitekoa, eta horregatik jo zuten Emunengana. “Guretzat garrantzitsua zen elkarlan hori, futbolari prestigioa itzultzeko”, zehaztu du Larrañagak. Emunen kasuan, Lehior Elorriaga Azpitarte ari da federazioan aholkulari lanetan: “Zuzendaritza berriaren kontua izan da Euskararen Plan Estrategikoa egitea, eta txalotzekoa da hori”. Federazioaren deia jasota, gaur egungo errealitatea ezagutzeko diagnostiko bat egitea izan zen lehen pausoa. “Horretarako, klub guztiei galdetegi bat bidali genien zuzendaritza batzordeko kide batek, jokalari batek eta entrenatzaile batek erantzuteko”. Ehun bat erantzun jaso zituzten. “Eta horiek aintzat hartuta ari gara euskararen alorrean lehentasunak finkatzen”. Larrañagak jakinarazi duenez, Euskararen Plan Estrategikoa pixkanaka gorpuztuta, federazioko zuzendaritza batzordeak berretsi eta urteko kudeaketa planean sartu dute.
Hainbat gai lantzeko, “gizarte eragile aktiboa izatea” da Gipuzkoako Futbol Federazioaren helburuetako bat. “Alde horretatik, hiru oinarri dauzkagu: parekidetasuna, inklusioa eta euskara”. Hirugarren oinarriari dagokionez, Larrañagak aurreratu du azken urte eta erdian “ekintza zehatz batzuk” gauzatu dituztela. “Gure bilera eta batzar orokorretan edo klubekin izaten ditugun bileretan euskararen presentzia areagotzen saiatzen ari gara; kanpoko komunikazioan arreta berezia jartzen saiatzen ari gara; entrenatzaile batzordeko eta entrenatzaile eskolako arduradunak euskal hiztunak jarri ditugu; Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailarekin ere lankidetza hitzarmen bat martxan jarri dugu; Korrika bezalako egitasmo batean parte hartu dugu; Euskaraldian parte hartzea sustatuko dugu…”.
Hizkuntza irizpideak falta
Horiek guztiak aintzat hartuta ere, Elorriagak argitu du “hizkuntza irizpideak” falta dituela federazioak. “Gaur-gaurkoz, ez daukate irizpiderik, eta langile berrientzat garrantzitsua da hizkuntza politika bat edukitzea”. Larrañagak ere ezinbestekotzat jo du hizkuntza irizpideak zehaztea eta idatziz jasotzea. “Eta klubekin harremanak zer hizkuntzatan egingo ditugun ere aztertu eta definitu behar dugu, agian ez delako beharrezkoa izango defektuz klub guztiei informazio guztia ele bitan bidaltzea; batzuekin euskara hutsean funtziona dezakegu, akaso”.
Epaileei dagokienez, hizkuntza ezagutzaren datu base bat sortu nahi du Gipuzkoako Futbol Federazioak, “partida batean bi klubek epaile euskaldun bat nahi badute, aukera hori ere bermatuta egoteko”. Barrura begira, berriz, federazioko langileekin eta zuzendaritzako kideekin “hausnarketa saioak” egingo ditu Emunek, “euskararen inguruan kontzientziazioa eta motibazioa sustatzeko”.
Larrañaga jakitun da hizkuntzaren kontuarekin “kontuz” ibili beharra dagoela. “Aintzat hartuta hizkuntza errealitatea zein den, inori ez diogu ukatuko zerbitzua gaztelaniaz jasotzea; ezinezkoa litzateke hori”. Haren hitzetan, “hizkuntza talka” kluben batzarretan islatzen da nabarmenen. “Argi dago gaztelania hutsean ezin ditugula egin, baina euskara hutsean ere ez; itzulpen sistema beharko genuke, eta oso garestia da. Ele bitan egin ditugu batzar batzuk, baina orduan ere kexak izaten dira, eta baita bi deialdi egindakoan ere, bat euskaraz eta bestea gaztelaniaz. Zaila da asmatzea, baina gehienek ulertzen dute euskararen alorrean bidea egin beharra daukagula”.
Bileretan, “askatasuna”
Federazioaren barruan bilera guztiak, gaur-gaurkoz, ez dituztela euskara hutsean egiten aitortu du Larrañagak. “Zuzendaritzaren egunerokoan areagotu egin da euskararen presentzia, eta euskara hutsean funtzionatzen dute batzorde batzuek. Baina zuzendaritzaren bileretan oraindik ere zaila da pauso hori ematea, Gipuzkoako errealitate berbera daukagulako: zuzendaritzako kide guztiak ez dira euskal hiztunak. Hori bai, askatasuna daukagu nahi duenak nahi duen hizkuntzan hitz egiteko”.
2025era artekoa da Gipuzkoako Futbol Federazioak martxan jarri duen Euskararen Plan Estrategikoa, baina 2024an amaituko da egungo zuzendaritzaren legealdia —zehaztu gabe dago hauteskundeak noiz izango diren—. “Iruditzen zitzaigun euskara ezin dela egon pertsonen baitan; euskararen presentzia areagotzea zuzendaritzako kideetatik haragoko kontua da, gure ustez. Horregatik luzatu dugu plana gure legealditik harago”.
Elorriagak garrantzi handia eman die aisialdia eta kirol arloa euskalduntzeko egitasmoei. “Eredugarria da federazioak eman duen pausoa”.
Leave a Reply