Erik Salazar
Errenteriako Mindara elkarteak egoitza berria izango du bihartik aurrera. Duela hamar urte hasitako ibilbidean beste aurrerapauso bat eman nahi dute egoitzaren aldaketarekin. Orain arte, Errenteriako Olibet auzoan aritu dira elkarteko aktibitateak egiten. Bihartik aurrera, berriz, Markolan egongo dira, Markola kaleko 24. zenbakian.
Mindarak desgaitasuna duten pertsonekin egiten du lan. Azken hamar urteotan ikusi dute hasierako bost familia horietatik laurogei familia ingurura heldu direla. Komunitate bat sortu dute. Erika Martinez elkarteko idazkaria eta Juan Luis Asensio presidentea “pozik” daude Mindarak egin duen bidearekin. Asensiok gogoan du Mikel Izagirrek sortu zuela elkartea: “Hastapenetan, pilota egokitua egiten zuten, besterik ez. Baina, pixkanaka, aktibitate gehiagori ekin genien, gaur egungo eskaintza lortu arte”. Martinezek zehaztu du “pertsona ezberdinak berdinak diren leku bat” dela Mindara, hori dela elkartearen funtsa. “Gure elkartean kirol egokiturako, aisialdirako eta formaziorako saioak egiten ditugu”. Den-dena, “era inklusiboan”.
Elkarteko idazkariak gaineratu du “erreferente izateko ametsa errealitate” bihurtu dela azken urteotan. “Ez soilik Oiartzualdean: Gipuzkoan ere erreferente bilakatzen ari gara”. Orain arta egiten dieten familien jatorria da horren adibide esanguratsua. Errenteriatik harago, Gipuzkoa osoko familia asko joaten zaizkiela azaldu du Martinezek. “Azken deia Beasaingo familia batena izan da, adibidez”.
Arduradunen arabera, desgaitasuna duten seme-alaben bakardadeaz jabetzen direnean deitzen dute gurasoek elkartera: “Nerabezarora iristean nabarmenagoak izaten dira ezberdintasunak, eta bakarrik sentitzen dira. Ez gazteak soilik, baita familiak ere”. Familia horiek Mindara elkartera azaltzen direnean, hainbat proiektutara bideratzen dituzte, hiru alor kontuan hartuta: interesa, trebetasuna eta gaitasuna.
Familientzat, “onuragarria”
Peru Errementeria eta Iker Recuerda Mindarako kideak dira. Biak ala biak elkartearen lehen urratsetatik dira hango kide. Oso lagun egin dira. Recuerdaren esanetan, batez ere kirola egiten dute Mindarari esker. Baina bestelakoak ere egiten dituztela jakinarazi du; musika terapia, adibidez. Mindara ez da, ordea, aktibitateak soilik egiteko lekua. Lagunak egiteko “aukera bikaina” ere izan daiteke; hala uste du Recuerdak: “Kuadrilla bat osatu dugu. Batzuk egoitzatik kanpo ere gelditzen gara. Hemen ezagutu genuen elkar, baina pareta hauetatik kanpo ere elkarrekin egoten gara maiz”.
Errementeriak azaldu du berak ere jendea ezagutu duela Mindarari esker. “Ziur naiz egoitza berrira lekualdatzea aurrerapauso handia izango dela. Lehengoa baino askoz handiagoa da egoitza berria”. Asensio eta Martinez ere pozik daude egoitza berriarekin. Elkarteko idazkariaren arabera, Olibet auzoko lokalean “espazio mugak” zeuzkaten hainbat jarduera egiteko.
Pandemiak eragin zuzena izan du elkartean. Konfinamenduagatik, bi hilabetez itxita eduki behar izan zuten egoitza: 2020ko martxoan eta apirilean. Recuerdaren arabera, etxean ez zuten askorik egiteko, eta elkartearen falta sumatu zuten: “Sakelako telefonoarekin egoten ginen, batez ere. Eskolako bideo deiak egiten genituen, eta, teknologiari esker, gauzatxoak egiten genituen, baina ez zen nahikoa”. Errementeriak ere azpimarratu du teknologia eskura zeukatela. “Baina lagunak falta genituen. Mindara elkartearen falta sumatu genuen”. Martinezek azaldu du elkartearen ia aktibitate guztiak “normaltasunez” egiten dituztela egun, eta erabiltzaileek “eskertu” egin dutela garai batean ohikoa zen jardun horri berrekin izana.
“Haurtzarora” bidaia
Recuerdarentzat, egoitza berrira lekualdatzea “haurtzarora” bueltatzea da. Izan ere, Markola auzoan egongo da egoitza berria, Koldo Mitxelena zentroak duen eraikineko bigarren solairuan. Auzo horretakoa da Recuerda, eta ez zuen espero egoitza berria etxetik hain gertu edukitzea.
Elkartea bihar irekiko dute modu ofizialean, eta, ekitaldi horrekin, aro berri bat hasiko du Mindarak. Horretarako, bi bisita antolatu dituzte egunean zehar. Bata, 11:00etan izango da, Mindarako familientzat; bigarrena, berriz, 12:00etan, erakundeetako ordezkarientzat, inguruko enpresetako kideentzat eta egunerokoan elkartearekin kolaboratzen duten eragileentzat. Bertaratzen diren guztien artean paella jana egingo dute ekitaldiaren amaieran.
Leave a Reply