Izarraizko saguzarrei so

Izarraizko saguzarrei so

Anartz Izagirre

Behinola dinosauroen parkea zen lekuan dagoeneko ez da gelditzen horien aztarnarik ere; izan ere, orain saguzarren topaleku bilakatu da Azpeitiko Ekoetxeko ataria. Izarraitz mendigunea Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu zuten 2013. urtean, eta, adituen arabera, egun lau saguzar espezie bizi dira inguru horretan. Ugaztun hegalari horien bizi ohiturak gehiago ezagutzeko helburuarekin sortu zuten Xaguxatar parkea, 2016an, eta, jolasen bitartez Auri maskotak gidatuta, animalia horien gainean gehiago jakiteko aukera dago.

Are gehiago, Azpeitiko Udalak Xaguxatar bidea inauguratu zuen duela urte batzuk, historian gizakiak naturarekin izan duen lotura bertatik bertara ezagutarazteko; sei geldiune, 6,5 kilometro eta bi orduko ibilbidea dituen txangoa da, eta, geltoki horietako paneletan ezarritako informazioa oinarri hartuta, Xaguxatar bidea deituriko zazpi ataleko liburua kaleratu du orain Alain Sorazu azpeitiarrak (1997) —baita animaziozko bi bideo ere—. Hark atal bakoitzean xehe azaltzen ditu ibilbidean jaso dituen ezagutzak, testuen eta ilustrazioen bitartez.

EKOETXEA

Xaguxatarren topagunea

Ekoetxean hasten da Xaguxatar bidea. Bost gunez osatuta dago: enbor bertikalen baratzea, labirintoa, xaguxatar horma, intsektuen hotela eta egongune alternatiboa. Sorazuk dio “saguzarren garrantzia” azaltzen dela parkeko panelean, eta berak ere hori irudikatu nahi izan duela liburuan eta bi animazio bideoetan: “Beldurrezko istorioekin lotu izan dira saguzarrak, baina benetan ez dugu ezagutzen horiek nolakoak diren. Jolasen bidez parkean ondo azaltzen da haien bizimodua nolakoa den, nola komunikatzen diren…”. Liburuan ere ugaztun hegalari horien inguruko ñabardurak sakonago helarazi ditu Sorazuk; besteak beste, horien onurak azaltzen ditu lanaren lehen atalean.

LOIOLA

Zuhaitzen eragina

Ekoetxetik abiatu eta berehala daude Loiolako zelaiak. Basilikari begira parez pare jarrita, dozenaka zuhaitz ikus daitezke ezkerrean zein eskuinean, eta, zuhaitz horien nolakotasuna ez ezik, bertako zein kanpoko zuhaitzen onurak zein kalteak plazaratu ditu Sorazuk liburuan. “Azaldu dut zuhaitz zaharrak edukitzeak ingurunean zer garrantzi duen, eta horiek zer onura eskaintzen dizkieten inguruneari eta bertako bizidunei”. Hori abiapuntutzat hartuta, Azpeitia inguruan topa daitezkeen baso motak izan ditu hizpide Sorazuk liburuan, eta gizakiak egindako zuhaitz landaketen eraginak zein horiek betetzen dituzten funtzioak ere nabarmendu ditu azpeitiarrak lanean: “Zuhaitz landaketen onurak eta kalteak, bi alderdiak aztertu nahi izan ditut”.

IZARRAIZKO ATEA

Klimak baldintzatuta

Loiola aldetik herrigunera jarraituta, hiribidearen alde batean gelditzen da Izarraizko Atea parkea, ibilbideko hurrengo geldiunea eta liburuaren hirugarren atalari izena ematen diona, hain zuzen ere. Atal horretan, bereziki klimaz hitz egiten du azpeitiarrak. “Batetik, nekazaritza landu dut, baita intsektu polinizatzaileek zenbait produktu eskuratzerakoan zer-nolako garrantzia duten azaldu ere”. Gai horretatik abiatuta, landareen bizi zikloan egin du azpimarra Sorazuk, eta ziklo horretan klimak duen eragina ere azaldu du. “Klimak zehaztuko luke leku batean topa dezakegun landaredia. Horrez gain, klimak nekazaritzan duen eragina ere azaldu dut Xaguxatar bidea liburuan. Izan ere, gaur egun zenbait produktu edozein garaitan lor ditzakegu, baina hori ez litzateke landareen egoera naturala. Horren guztiaren atzean zer dagoen eta klimak horretan zer-nolako eragina duen azaltzen saiatu naiz”.

OTZAKA

Aniztasunari so

Otzakara gerturatu ahala, Izarraizko tontorra aurrez aurre duela konturatuko da Xaguxatar bidea egiten ari dena; atzean, berriz, Azpeitiko herrigunea dago. Gune horretan dagoen panelak Izarraizko natur ondareari buruzko azalpenak ematen ditu, besteak beste, eta bideodibertsitatea ere aipatzen du. Sorazuk, bere aldetik, Izarraizko historia geologikoari egiten dio erreferentzia liburuan. “Izarraitz nondik datorren eta nola sortu zen azaldu dut laugarren atal honetan. Garai batean, koral uharriak genituen itsas azpian, eta Pirinioekin batera sortu zen Izarraitz”. Gizakiaren historia ere aipatzen du azpeitiarrak liburuan; esaterako, noiz iritsi zen Euskal Herrira, zer giza espezie izan diren han, eta zer ezaugarri zituen bakoitzak.

BASERRIAK

Euskal tradizioaren isla

Ingurune naturalak ez ezik, Euskal Herriko historian horrenbesteko garrantzia duten baserriek ere badute lekua Xaguxatar bidean zein liburuan. “Baserria egun ezagutzen dugun bezala ez da horren zaharra; ez ditu horrenbeste urte baserri eredu horrek”, azaldu du azpeitiarrak. “Baserria eraikin bezala berrikuntza izan zen, gune guztiak eraikin batean zentratzen baitziren. Baserri horrek eskaintzen zizkion familiari behar zituen baliabide guztiak”.

UROLA IBAIA

Baliabide eskaintza zabala

Menditik herrigunera jaitsita dago ibilbidearen azken etapetako bat: Perez Arregi plazaren inguruan, hain justu. Urola ibaiari eskaini diote atal hori, eta liburuan ere gai bera landu du Sorazuk. “Azaldu dut Azpeitia herri gisa ibaiaren inguruan antolatu izan dela beti, hainbat baliabide eskaintzen dituelako”. Ibaian izandako eragin naturalak eta “gizakiaren eraldaketaren ondorio” izan direnak aztertu eta landu ditu liburuaren egileak.

AZOKA PLAZA

Azken geltokia: ekoizpena

Azoka plazan dago Xaguxatar bidearen azken geltokia. Egileak kontsumo eta ekoizpen ereduak aztertzen ditu, eta, horretarako, hemengo eta sasoiko produktuen ikur bilakatu den Azoka plaza izan du oinarri. Ibilbidetik kanpo gelditzen diren hiru guneren informazioarekin biribildu du liburua, ondare historiko, natural eta kulturalaren zati baitira horiek: Igarako errota, Amuko zubia eta Urolako trena.

Leave a Reply

Your email address will not be published.