Josune Zarandona
Gipuzkoako eta Arabako Partzuergo Nagusia, Partzoneria, Urbiako Fondarako maizter berrien bila dabil joan den ekainaren 1az geroztik. Azken 23 urte hauetan haren ustiaketaz arduratu den lantaldeak maiatzean hartu zuen fondaren ardura behin betiko uzteko erabakia. Ordutik ateak itxiak ditu hiru urte barru mendea beteko duen eta mendizale askoren bilgune izan den Urbiako Fondak. Ustiaketaz arduratzeko interesa dutenek Segurako udaletxean egin dezakete eskaera, 943-80 10 06 telefono zenbakira deituta edo udala@segura.eus helbidera mezu bat idatzita. Partzuergoak jakinarazi duenez, lerro hauek idazteko unean 46 pertsonak agertu dute interesa Urbiako Fondaren kudeaketaren ardura hartzeko.
Urbiako fonda 1925eko abuztuaren 30ean inauguratu zuten. Urtebete lehenago ireki zituen ateak baselizak, eta egun berean jarri zuten fondaren lehendabiziko harria, Ignacio Aranburu Gorosabel garai hartan Segurako alkate eta partzuergoko lehendakari zenaren proposamena onartu eta gero. 1933an, partzuergoak fonda enkante bidez saltzeko saiakera egin zuen. Oñatiko Kontzejupetik udal aldizkariak 1993an argitaratu zuenez, birritan hutsik geratu eta gero, Zeraingo Joakin Muñoak erosi zuen 1938ko ekainaren 14an, 13.125 pezetaren truke (78 euro). Eraikina jabe pribatuen eskuetara pasatu zen orduan, baina partzuergoak jarraitu zuen lurren jabe izaten.
Jabe aldaketak eta liskarrak
Erositako egun berean, erositako baldintza eta prezio berberetan saldu zien Muñoak fonda Zegamako Pedro Etxezarreta eta haren emazte Hilari Muñoari. Hogei urte geroago, 1958ko abenduaren 23an, Etxezarretak Justa arrebaren eskuetan utzi zuen bordaren ardura, eta hamalau urte geroago anaia Martini saldu zion hark. Hura izan zen fondaren arduraduna harik eta 1993an Patxi Alustiza legazpiarrak erosi zion arte.
Orduan iritsi ziren Urbiako fondaren garairik ilunenak. Salerosketak liskarra sortu zuen Alustizaren eta partzuergoaren artean, eta lau urtez itxita egon zen fonda, 1997ko uztailaren 31ra arte. Alustiza hilik zegoen ordurako, baina, akordio batera iritsita, haren familiak hartu zuen fondaren ardura. Eraikina, ordea, berriz ere partzuergoaren jabetzakoa bihurtu zen. Alustizatarrek Urbia Fonda S.M. izenpean ustiatu zuten aterpetxea 1999ra arte, familiaz kanpoko langileak kontratatuta. Urte hartako urtarrilaren 6an iritsi ziren Urbiara Ruper Altzelai eta Mikel Altube oñatiarrak. Altzelairen anaia Kepak eta Altuberen anaia Aritzek osatutako lantaldeak izan du azken 23 urte hauetan fondaren ardura. Orain, Aritz Altubek esan duenez, “nahi baino lehenago bada ere”, agur esateko ordua iritsi zaie.
Lanaren gozoak eta gaziak
Aritz Altubek 17 urte zituen Urbiako fondan lanean hasi zenean. 23 urte atzera eginda, oroitzapen gehienak “onak” direla dio, nahiz eta aitortu duen “une txarrak” bizitzea ere tokatu zaiela. “Batez ere, hasierako urteetan. Fonda martxan jartzea gogorra izan zen”. Logistikak eta argindarrak eragindako mugak jarri ditu adibide gisa: “Hemen bidaia guztiak aprobetxatu behar dira zerbait ekartzeko edo eramateko. Hona ez da iristen banatzailerik: bidea luzea eta txarra denez, ez da bideragarria”, argitu du. Urbian argia sortzeko gailu batek sortzen du argindarra, eta, ondorioz, gailu elektrikoak ekonomizatzea beste erremediorik ez da izaten. Beti “ahalik eta eskaintzarik zabalena” osatzen ahalegindu direla dio Altubek, baina “oreka” aurkitu behar izan dutela gaineratu du, eurek nahi zutenaren eta zituzten aukeren artean. “Urbian ezinezkoa da denetik eskaintzea”.
Eguraldia ere lanerako oztopo bihurtu izan zaie sarri. “Eguraldiagatik guztiz baldintzatuta bizi izan gara hemen”, esan du Altubek. Elurra egiten duenean, beste zenbait gauzaren artean, igotzeko bidea itxita gelditzen da. Eta eguraldiak berak ere, noski, eragina izaten du bisitarien kopuruan. “Gerta liteke egun batean ia inor ez bertaratzea eta hurrengo egunean jende uholdea izatea”. Egoera guztietarako “prest” egon behar izan dute: “Guztiei zerbitzua ematen ahalegindu izan gara beti, denek eduki zezaten zerbait edan, jan edo hartzeko aukera”.
Ezusteko egoerak bizitzea ere tokatu izan zaie urte hauetan. Behin, elurra egin zuen batean, hiru neska bizkaitarri Aizkorritik jaisten lagundu behar izan zietela kontatu du Altubek, ezin jaitsi geratu eta gero. “Haietako batek sukaldaritza ikasia zuen, eta, gauzak nola diren, uda batean gurekin lanean aritu zen”. Makina bat ezkontzaren testigu ere izan dira Urbiako fondan. Ezkontza txikiak eta handiak, denetik izan dutela azaldu du, baina hamabi pertsonako ezkontza bat du gogoan bereziki: “Ezkontza egunean, arratsaldean igo ziren. Emaztegaiaren soinekoa lisatu genuen fondan, eta baselizan ezkondu ziren gero”.
Urbian ez direla inoiz bakarrik sentitu izan azpimarratu du Altubek, eta esker oneko hitzak baino ez ditu bertatik igaro diren guztientzat.
Leave a Reply